2017 URT. 24 IKUSMIRA Etxe txiki bat gara Amalur Artola Kazetaria Urte berriaren lehen arnasarekin batera, «ei, jada esan dezaket aurten nere anaia askatzen dute&bs;la!», esan zenidan. Bazenekiela unea iristean negar egingo zenuela, baina ez zenekiela zergatik; hura kalean ikusteagatik, zure (bai, ondo esan zenuen, zuri ere ebatsi zizuten) askatasuna berreskuratzeagatik, zerrendetako hutsuneengatik sufritzeari uzteagatik, txinotako poltsaren identifikazio gogaikarriagatik, zapatila haiekin ez asmatzeak sortutako frustrazioagatik, dei galduek sorrarazten dizuten egonezinari izkin egin ahal izateagatik, bidaiarako beharrezko egin zaizkizun Red Bull-etatik desengantxatzeko unea iritsi izanagatik... Aitortuko dizut malkoak ito nituela neuk ere, egia delako, «aurten bai» esan dezakezulako. Eta, zorte (edo dena delako) apur batekin, agian Jurdanek ere ama ikusteko Roannerainoko 738 kilometroak egiteari utz diezaiokeelako, eta galdegin zion «urdinek etxera etortzen uzten dizutenean katutxo bat hartuko degu, bale?» hark ametsetik baino orainaldiko proiektutik gehiago duela begitandu zitzaidan derrepentean. Egunotan, pentsamendu horiek burutik kendu ezinda nabil, Sara, Izar eta haien senide eta lagunak gogoan. Egoeraren larritasunari distantziaren gordina gehitu izanaren krudeltasunak amorrarazi nau, horrek sortzen duen babesgabetasun sentsazioak, ondoan behar zaituen senidearekin harremantzeko mugek, urduritasunak eta ezinegonak gainezka egingo dutela diruditen une horiek... Laboak egin du salto irratian, eta xuxurlatu dit gure «buztinezko bihotzek» sentitzen dutena: onerako eta txarrerako, etxe txiki bat garela.