GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRINIOAK

Partacuako mendilerroan marra efimeroak sortu dituzte

Maria Alsina, Unai Mendia eta Mikel Zabalzak Pabellon mendian «Malen» bidea (ED+, 600 m) zabaldu dute; eta Jesus Ibarz, Jorge Valle eta Andoni Ormazabalek osatutako sokadak, aldiz, Peña Teleran, «Izarren hautsa» marra (MD-, 500 m) sortu dute.


Urte hasiera honetako lehen elurrak jaso baino lehen, Partacuako mendilerroak pirineisten bisita ugari jaso zituen. Mendi horien marrek aurpegi oso lehorra erakusten zuten, eta elur zein izotz gutxi bazuten ere, baldintzak ez ziren “gaiztoak”. Bai, Telerako neguko bideetan gora eta behera asko ibili dira; gehienak orain arte zabaldutako bideetan. Baina bi taldek, bederen, marra efimero horien bila joan eta pare bat sormen lan egin dituzte. Bi proposamen berriek, gainera, lotura ere badute.

Hilaren 7an, Unai Mendia, Maria Alsina eta Mikel Zabalzak El Pabellon mendian “Malen” (ED+, 600 m) zabaldu zuten; eta biharamunean, aldiz, Jorge Valle, Jesus Ibarz eta Andoni Ormazabalek Peña Teleran “Izarren hautsa” (MD-, 500 m) sortu zuten.

Horiek dira, beraz, aipatutako elurte horien aurretik Teleran izan ditugun protagonista nagusietako batzuk. Eta lehenbiziko hirukotearekin hasiko gara. Batetik, denboran lehenak izan zirelako jardun horietan. Baina, bestetik, eta uste dugu garrantzitsuena dela, azpimarratzeko proposamen bat aurkeztu dutelako. Krokisean ikusten den bezala, Mendia, Alsina eta Zabalzaren “Malen” marra efimeroa da; eta, beraz, mistoa nagusitzen da. Zabalzak berak argi utzi digu zein izaera duen: «Abentura asko eskatzen duen marra bat da. Fisikoki ez da oso gogorra, baina, bai, ordea, oso arriskutsua eta zailtasunean iraunkorra. Adibide gisa aipatu behar dut, soka gainetik eskalatzen ari baginen ere, hainbat luzetan bai Unai bai ni zintzilik geratu ginela. Eskalada horrek kontzentrazio handia eskatzen du. Bidearen giltzak bigarren eta laugarren luzeak dira, baina lehenengoa eta hirugarrena ere zailak dira. Laburbiltzeko, izotz efimeroa eta mistoa dira bere ezaugarri nagusiak. Eta aitortu behar dut kasu honetan zenbakiek ez dutela hainbesteko garrantzirik».

Telerako neguko bideetan aitzindariek egin zuten bezala, hirukote horrek ere marrari emakumezko baten izena jarri dio: “Malen”. Andoni Ormazabali keinu bat egin diote; izan ere, haren alabak izen hori dauka. Hori da, beraz, arestian aipatu dugun sokada horien arteko lehen lotura.

Zabalzak azaldu digu “Malen” zabaltzeko pare bat saio behar izan dituztela egin: «Bide hau zabaldu baino hiru aste lehenago Pabelloneko ipar horman dagoen ‘Bochorno Glaciar’ eskalatu nuen. Jaitsieran ohartu nintzen pareta tente horren ezkerraldera izotzezko marra efimero bat zegoela. Eta hura saiatzea otu zitzaidan. Lehen ekinaldi hori ‘Bochorno Glaciar’ eskalatu eta hiru hastera izan zen. Unai eta biok bertaratu ginen. Baita segituan ohartu ere oso izotz gutxi zuela handik aurrera jarraitzeko. Unaik hirugarren luzean zegoela esan zidan zuzen ezin zela jarraitu, oso arriskutsua zela. Geruza lodiagoa zuen izotza berriro harrapatzeko diagonalean eskalatu nuen, baina gehiegi urrundu nintzen. Gaua gainean genuen. Asko exijitu zigun tarte horretan soka finko bat jarri eta jaitsi egin ginen».

Bigarren eta behin betiko saioa hilaren 7an iritsi zen. Mendiarekin eta Zabalzarekin batera Alsinak jardun zuen. Eroria duen pareta horretan utzitako soka finkotik igo eta berriro lanari ekin zioten: «Tarte etzanago batera heltzeko aurretik genituen 50 metroak ez ziren batere argiak; zalantza ugari genituen. Baina Unaik, oso dotore, luze ikaragarri bat gainditu zuen. Paretatik irteteko beste 300 metro falta zitzaizkigun. Luze gehienek zailtasun ertaina zuten, eta era berean ederrak ziren oso. Izotzaren kalitatea perfektua zen, eta Pabellon mendia marra magiko bat eskaintzen ari zitzaigun. Ilunabarrarekin batera tontorrera heldu ginen. ‘Malen’-en lan gogorra egin behar izan dugu, baina opari bat izan da».

«Izarren hautsa»

Alsina, Mendia eta Zabalza eginiko sormen lanarekin pozarren egoteaz gain, bazen laugarren bat beste nolabaiteko poztasunarekin zegoena: Ormazabal. Zabalzarekin izaniko telefono deian “Malen”-en berri izan zuen. Urretxuarrak hori jakin bezain laster, Pabelloneko marra berriaren lehen errepikapena egitea otu zitzaion. Agian, subidoia ez zuen ondo neurtu; edo, hobeto esanda, Zabalzak berak zabaldu berri zuen bidearen nondik norakoak azaldu ondoren, xede hori baztertzera eraman zuen.

Alabaina, Telerara zer edo zer egiteko asmoarekin abiatu zen. Inguruko lagunak “okupatuta” zeudenez, Ormazabalek bi gazte “fitxatu” zituen: Jorge Valle eta Jesus Ibarz. Zabalzak “Hilo dental” bidean saiatzea proposatu zien. Iruindarrak berak Fermin Izcorekin batera duela hogei urte zabaldu zuen. Bi hamarkada horietan oso errepikapen gutxi jaso ditu; izan ere, normalean ez da ondo osatzen. Beste era batera esanda, eskuarki ez ditu baldintza egokiak.

Ormazabalek adierazi digu hasieratik dudak izan zituztela: «Dena oso lehor zegoen; adibidez, ‘Watade’. Hura ikusita ‘Hilo dental’ nola zegoen ez nuen pentsatu ere egin nahi. Nik ‘Watade’ egitea proposatu nien bitartean, Jorgek ‘Hilo dental’-en aldeko apustua egin zuen. Azkenean, horretan sartu ginen. Bidearen sarrerara heldu eta ohartu ginen oso lehor zegoela. Jorgek balizko aldaera bat ikusi zuen, eta hor sartu ginen».

Lehen luzeak 3 metroko izotz irtengune (65°-70°) bat du, eta ensamblean eskalatu zuten. Bigarrenean, berriz, soka gerrira lotu, “Hilo dental”-etik atera eta aipatutako aldaera eskalatzen hasi ziren. Luze hori etzanagoa da, baina hirugarrena tente jarri zen: «Zeharkaldi pare bat egin eta gero, elur zelai batzuk eskalatu genituen. Laugarren luzea, bestalde, mistoko korridore (75°) txiki bat da eta, ondoren, elur aldats batek jarraitzen du. Bosgarrenean, elur gogorra zuen diedro eder eta zeharkaldi aereo banarekin egin genuen topo. Eta seigarrena ‘Hilo dental’-en azken luzea da: elur gogorra zuen goulotte (75°-80°) polita eta beste elur aldats bat. Hortik aurrera zailtasunak erabat samurtzen dira: elur aldatsak (45°-50°) eta intergune (55°-60°) txiki batzuk. Amaiera ‘Gran diagonal’-eko balkoian du».

Era horretara, hiru alpinista hauek lau luze berrirekin “Izarren hautsa” sortu zuten. Ormazabalek adierazi digunez, Partacuako mendilerroko klasiko bat bihur daiteke; betiere, marraren baldintzak kontuan hartzen badira. Eta, horretaz gain, “Izarren hautsa”-rekin zendutako bere anaia Xabierri omenaldia egin nahi izan dio: «Duela hogei urte, Xabier Teleran bide bat zabaltzen ari zen. Galdu, gauak harrapatu, bibak gogorra egin eta biharamunean helikoptero batek erreskatatu zuen. Bide honekin pasarte edo zirkulu hori itxi egiten da. Orain, Xabierrek bere bidea du».