GARA Euskal Herriko egunkaria
Surf

«Surfing Magazine» (1964-2017) aldizkari mitikoa desagertzear

«Surfer» aldizkariarekin lehiatzeko sortu zen surf aldizkari historikoak datorren otsailean argitaratuko du azken alea. Ibilbide oparoa izan du, historiaren lekuko eta parte hartzaile zuzena izan da, baina ezin izan dio eutsi garai berriekin gailendu den Interneten aroari.


Surfaren historian izan den hilabetekari garrantzitsuenetako batek ateak itxiko ditu. “Surfing Magazine”-en lehen alea 1964. urtean kaleratu zuten Dick Graham eta Leroy Grannis surflariek Kaliforniako San Clemente hirian eta azken pieza datorren otsailaren batean argitaratuko da leku berean.

Ez da ibilbide erraza izan. 60ko hamarkadan esaterako, gorabehera asko izan zituen aldizkariak eta hamabost urteko tartean bost aldiz aldatu zen enpresaren jabetza, baina bizirik iraun zuen proiektuak eta garai onak ere izan zituen.

Internet gailentzen hasi zenean paperean argitaratzen diren surf aldizkariek behera egin zuten, baina “Surfing” bezalako aldizkari handiek ez desagertzeko eginak ziruditen. Ez da horrela izan, eta orain, hasieran bezala, aldizkari indartsu bakarra geratuko da merkatuan, “Surfer” aldizkaria, alegia.

Itzal egiteko sortua

Kalifornia Hegoaldean izan zen surf aldizkari berrien arteko norgehiagokaren erdian sortu zen “Surfing International” (handik hamar urtera izena laburtu eta “Surfing” bihurtu zena). “Surf Guide”, “Petersen's Surfing” eta “Surfing Illustrator” aldi berean kaleratu ziren eta guztiek “Surfer” aldizkari aitzindariarekin lehiatu nahi zuten.

“Surfer” aldizkaria 1959. urtean jaio zen eta surf munduan izan den aldizkari garrantzitsuena da. “Surfing” sortzean bien arteko norgehiagoka hasi zen, eta ordutik elkar elikatu dute.

60ko hamarkadan, AEBetako gizartean eta surf munduan aldaketa sakonak gertatzen ari ziren unean, “Surfer” aldizkariak surfaren alde mitiko eta kontserbadorea irudikatzen zuen eta “Surfing”, aldiz, joera berrien aldekoagoa zen.

Hastapenetan, surflari askorentzat erakargarria izan zen fase psikodeliko bat izan zuen “Surfing”-ek. Gero, garai latzak etorri ziren, 1968an esaterako, bi aldizkari baino ez ziren argitaratu, baina pixkanaka berriz indar hartzen hasi eta erreferente bilakatzea lortu zuen.

1976an Michael Tomson surflari profesionala iritzi artikuluak argitaratzen hasi zen, eta bere atzetik Wayne Bartholomew, Peter Towned eta gisako surflariak etorri ziren. Azken honek oso ongi laburbildu zuen 1996an idatzitako editorial batean bi proiektuen arteko desberdintasuna: «‘Surfing’ ‘Teen Beat’ da (AEBetan nerabeentzat egiten zen aldizkaria), eta ‘Surfer’ ‘National Geographic’ da».

Towned idazle eta surflariaren hitzak entzunda, argi dago “Surfer” aldizkariak arerioen artean sortzen zuen errespetuaren tamaina, eta nolabait, “Surfing” “Surfer” aldizkariari itzal egiteko sortu zela aitortzen du.

«Surfing», gazteen irakurgai

Batez ere, gazteei zuzendutako erreportajeak argitaratu zituzten hastapenetik, baina denborarekin, kirol hau egiten duten lagunen adinak ere aurrera egin ahala, helduentzako lanak tartekatzen hasi ziren. Horrela, publiko anitzago batentzako gai desberdinak jorratzen hasi ziren eta mundua, urautsi galduak edo kultura exotikoak hizpide zituzten erreportajeak lantzeari ekin zioten.

80ko hamarkadan izan zuen garai indartsuena aldizkariak. Aaron Chang eta Jeff Hornbacker argazkilarien lanarekin eta Sam George, Dave Parmenter, Chris Carter, Bill Sharp edo Nick Carrol bezalako idazle ezagunen testuekin sekulako indarra hartu zuen; izan ere, surflari gisa ere ezagunak ziren “Surfing”-eko parte hartzaileak.

“Surfer” aldizkariak irudikatzen zuen izaera kontserbadorea zaharkitua geratzen hasi zen 80eko hamarkada hasieran, eta “Surfing” ostera, freskoagoa zen. Gainera, txapelketez harago erreportaje sakonak egiteko gai ere bazela erakutsi zuen eta prestigioa irabazten hasi zen surf komunitate desberdinen artean.

Historiaren lekuko

“Surfing” aldizkaria azken hamarkadetan surf munduan izan diren aldaketa nagusien lekuko izan da, baina ez hori bakarrik, historia ere egin du, kirol honetan izan diren zenbait paradigma aldaketen erantzule zuzen ere izan baita.

Mundu osoko surflarien ikuspegiak aldatu zituzten artikuluen artean baten bat aipatzearren, 1987an “Big Time” izenburua zuen lana aipa daiteke. Dave Parmenter surflari famatuak Kalifornia Beherean dagoen Todos Santos urautsian hartutako olatu handien berri ematen zuen 22 orrialdetan.

Horren ostean, mundu osoko surflariak Hawaiikoak bezain olatu handiak beste edonon ere har zitezkeela pentsatzen hasi ziren eta «Waimea berriak» bilatzeari ekin zioten. Pentsamolde aldaketa horren ostean hasi ziren surflariak olatu erraldoiak hartzeko urautsi berriak aurkitzen, baita ur hotzetan ere.

Beste adibide bat 1982. urtean Martin Potter gazteak hamazazpi urte zituela mundu txapelketa batean egin zuen aireko baten argazkia aldizkariaren azalean agertu zenekoa izan daiteke. Aireko bat egiten hartu zen aurreneko irudia zen eta sekulako inpaktua izan zuen; izan ere, ariketa guztiz ezezaguna zen oraindik.

Cortes Bank olatu handietako urautsi beldurgarria ere “Surfing”-ek eman zuen ezagutzera 2001ean. Kaliforniako kostaldetik 100 miliara, uretako motorren laguntzarekin hartutako olatu erraldoietan agertzen ziren surflari ñimiñoen argazkiak famatuak egin ziren.

Antzeko adibide andana jar daiteke “Surfing” aldizkariak surfaren historian bere hondar alea gehitu duela esateko, eta ematera doan azken pausoa ere, alegia enpresa ixtea, surfaren historia osatzen duten gertakarien bilduman kontuan hartzeko beste jazoera bat izango da.

Honi buruzko guztia: Surf