GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Argindarraren fakturan erabiltzaileen xahukeria?


Udaberri giroa ekarri digu negua epeldu duen azken egunetako eguzkiak. Izoztuta izan ditugun gorputzak eta etxeak berotzen doaz eta haize gozoak hezetasuna urrundu du gure ingurutik.

Ez da, baina, hain erraza eta goxoa izango hurrengo hotz fronteari aurre egitea. Ez behintzat etxe askotan. Eguneko gastuak nekez salbatzen dituztenak salduta daude energia kontuei dagokienez.

Oinarrizko ondasuna da energiarena baina errealitateari so eginez, hau ere, antza, herritar guztiei ez dagokiela uste dute batzuek edo gutxienez ez zaie gehiegi axola. Gogoan dut Rajoyk euriari egindako aipua. Gakoa ez dago tarifa arautuaren sisteman, klimatologian dago. Hori esan zuen hoztasun osoz, hotzak jota zirenak dardarka utziz.

Baina erabaki politikoekin zerikusi handia dauka. Igandean, egunkari honetako orrialdeetan Isidro Esnaolak etxera bidaltzen diguten fakturari fokua jarri zion eta ukitu nahi ez duten sisteman hotz handienetan berogailua piztu ezin dutenek eta ahal dutenek, guztiek, ez dagozkien sariak ordaintzen dituztela ikusi genuen. Hor daude, adibidez, enpresa indartsu gutxi batzuen eskuetan dagoen sektoreari araututako espazioan aritzeagatik ematen zaion isilpeko laguntza, edota existitzeagatik gas eta ikatz enpresei ematen zaien aparteko dirua... Eta horiek ordaindu ostean, garestitzearen zatirik handiena erabiltzailearen xahukeriaren ondorioa balitz bezala, aurrezteko (zenbat?) aholkuak entzuten ari gara. Zabor hipoteken krisi hasierako musika gogora ekarri dit. Orain ere erabiltzaileen xahukeria?