2017 OTS. 03 Berezkoak Ducassouk amaiera eman nahi dio Larralderen aginteari Jon LEUNDA Peio Larralde eta Battitta Ducassou aurrez aurre izango dira gaur Arrangoitzeko trinketean. Jaialdia, Bigarren Mailako partidarekin hasiko da, 18.30ean, eta 20.00ak izango dira denek ikusi nahi duten norgehiagoka hau hasterako. Inork ez dauka zalantzarik bi hauek direla egun trinketeko esku pilota profesionalean dauden onenak. Ducassouk 25 urte ditu, eta Larraldek 23, baina garbi geratzen ari da beste guztiei koska bat kentzen diela. Bien arteko azkeneko dema ere oso gertu dago, orain dela bi aste lehiatu baitziren Superprestigioko finalean Donibane Garaziko Garat trinketean. Orduan Larraldek irabazi egin zuen, eta azkeneko urtean bakarka elkarren aurka jokatutako partidetan ere Peio garaile atera da beti. Hala ere, bi pilotarien artean oso alde txikiak daude, eta bietako edozeinek irabaz dezake. Biak ezberdinak dira, baina bai fisikoki eta bai teknikoki bikainak dira. Euren arteko norgehiagokak, gainera, beti oso onak izaten dira, eta gaurkoan ere gutxiago ez izatea espero dute zaleek. Ligaxkako lehen jardunaldian ere sekulako partidak egin zituzten, eta aurkariak, Bilbao, eta Ospital, gainetik pasatu zituzten. Gaur garaipena lortzen duenak hanka eta erdi finalean izango du. Aurretik Bigarren Mailako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko norgehiagoka jokatuko da, eta Etxegarai eta Benesse izango dira aurrez aurre.