GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Elkargoak gobernu egiturak osatuko ditu gaur

Urtarrilaren 23an lehendakaria hautatu ostean, Euskal Elkargoko Kontseiluaren bigarren bilkura izango da gaur. Bertan, besteak beste, Batzorde Iraunkorreko 69 kide eta Jean-Rene Etchegarayrekin batera Exekutiboa osatuko duten beste 24 partaideak aukeratuko dituzte. Oreka demografikoa eta politikoa bilatuko duen oinarrizko zerrenda aurkeztuko du lehendakariak. Abertzaleak organo horietan ahalik eta ordezkaritza gehien lortzen saiatuko dira.


Gaurko Kontseiluaren biltzarrak duela bi aste egin zenaren adinako sinbolismorik ez du izango seguru asko. Bai, ordea, kutsu politiko gehiago. Izan ere, Euskal Elkargoko 233 kontseilariek Batzorde Iraunkorreko 69 kideak eta Exekutiboaren 25ak hautatu beharko dituzte.

Aipatu karguak eskuratzeko ariketa horretan joera politikoen zein lurralde eremuen indar harremanak ageriago azalduko dira. Elkargoa abian jartzeko lanean aritu zen Gidaritza Batzordean jada egitura horien kopurua eta karguen banaketa izan zen eztabaida gehien eragin zuen gaia. Han adostutako irizpideen arabera, Jean-Rene Etchegaray lehendakariak bi organoetarako zerrendak osatuak lituzke.

Gaur ikusiko da kontseilarien babesa jasotzen duten edo kargu bakoitza bozkatzerakoan parean beste hautagairen bat (edo batzuk) agertzen bada noren alde egingo duen gehiengoak.

Orekaren bila

Exekutiboari dagokionez, ezusteko handirik ez bada, 15 lehendakariordek beren kargua ziurtatua lukete. Horietatik hamar, biztanleriaren araberako ordenan, aurreko herri elkargoetako lehendakariak izango lirateke. Lehen lehendakariorde kargurako Peyuco Duhart Hego Lapurdi elkargoko buru eta Donibane Lohizuneko auzapeza aurkeztuko luke Etchegarayk. Gainerako bostak joera politiko ezberdinen arteko orekaren arabera. Hor sartuko lirateke, esaterako, Alain Iriart Hiriburuko auzapeza, Michel Veunac Biarritzekoa, Michel Etchebeste Maulekoa eta Sylvie Durruty (Republicains) eta Martine Bisauta (ekologista) Baionako auzapezordeak.

Batzorde Iraunkorrerako hautatuak suertatuko balira, Exekutiborako delegatu moduan aurrerago izendatuko liratekeen beste izen batzuk ere jasoko lituzke Etchegarayren proposamenak, hala nola Kotte Ezenarro Hendaiako alkate sozialista, Peio Claverie Biarritzeko zinegotzi abertzalea edota Bruno Carrere Uztaritzeko auzapeza.

Aurreikuspen horien arabera, Exekutiboan joera abertzaleko lau bat kide izango lirateke. Emakumeen kopuruaren aldetik, berriz, soilik lau bat, hots %16. Emakumeen eskubideen alde diharduten kolektiboek eskatz en zuten gutxieneko %30aren erdia, beraz.

Lehia izango da

Kontseiluak delegaturiko funtzioen kudeaketaz arduratuko den Batzorde Iraunkorreko 69 kide ere gaur hautatuko dira.

Hor ere gorabeherak izan daitezke, batik bat, udaletan Euskal Elkargoan izango diren kontseilariak aukeratzerakoan joera politikoek bertan duten ordezkaritza maila ez baita kasu askotan kontuan hartu.

Hortaz, kanpo geratu zirenak, abertzale asko adibidez, lehian sartuko dira Iraunkorrean ahalik eta ordezkari gehien lortzeko ahaleginean. 233 kontseilarien artean 35 bat joera abertzalekoak dira.

 

Gai-zerrenda trinkoan beste hogei puntu bozkatuko dira

Gaurko gai-zerrenda trinkoaren baitan beste hogei bat gai aztertuko dituzte Euskal Elkargoko kontseilariek. Horien artean, euskararen aldeko hizkuntz politika eta euskal kulturaren eskumena beren gain hartzearena. Erakunde berriaren aldeko apustua egin zenetik, euskalgintzako eragileek eta zenbait indar politiko eta sozialek egindako eskakizuna da honakoa. Hautazko eskumena bere eginez, udal erakundeen inplikazioa areagotzeaz gain, Estatua, Akitania Berria erregioa edota Pirinio Atlantikoetako departamendukoak ere handitzeko akuilu izango dela espero dute.

Hainbat elkarteri (Aldatu, Eihartzea, EHZ, Soinubila, Laguntza Etxerat), Hazparne aldeko, Donibane Lohizune eta Baionako turismo bulegoei edota Garazi-Baigorriko eta Bidaxuneko ekintza sozialeko zentroei lehen diru laguntzak aurreratzea ere erabakiko da. Halaber, erakunde berriko hautetsiek beren funtzioak betetzeko jasoko dituzten ordainsarien kopurua finkatuko da eta erakundeko lan teknikoak egiteko sortuko diren lanpostuak ere bai.A.M.