GARA Euskal Herriko egunkaria

Gure bazterrak


Lisboako bere eskolara bidean, trenez egiten zuen bidaian lozorroak hartuta, ezohiko lekuetan surf egiten zuela amesten zuen Joäo Kopke gazteak. “Doris” izenez bataiatu zuten ekaitza gerturatzen zihoan neurrian, bere bidaia astunetako fantasia sotila gauza zezakeela bururatu zitzaion eta Portugalgo eraikin esanguratsuenetako baten ondoan surf egitea aztertu zuen.

Tejo ibaiko ur hotzen gainean XVI. mendean eraikitako Belengo dorrea aukeratu zuen, eta, itsasotik urrun egon arren, haizeak jasotako olatu narras zenbait hartzeko gai izan zen. «Inoiz surf egin dudan leku miresgarriena izan da zalantzarik gabe», esan zuen surflariak, eta aurrera begira bide berean jarraitzeko asmoa erakutsiz, zera gaineratu zuen: «zaila izango da hau gainditzen, baina aukera berri baten esperoan begiak zabalik izango ditut».

“The Outsiders, Walking on water” 2001. urtean kaleratu zen, orain artean euskarara itzuli den surf film bakarra, eta han agertzen diren irudi batzuk ekarri dizkit gogora albisteak. Izan ere, “Atzerritarrak” pelikulan C.J. Hobgood surflari profesionala agertzen zen, Gaztelugatxe sostengatzen duten haitz erraldoien ondoan surf egiten.

Gaztelugatxekoa ez da kalitatezko urautsi bat, ez ditu olatu onak eskaintzen, baina eremua liluragarria da. Ezker bihurri bat agertzen da itsaskiak indartsuak direnean, haitzez inguratuta eta ekialdera zokoratuta. San Juan Bautistak utzi omen zituen aztarnen atzetik, eskailera amaigabeetara daraman harrizko zubiaren kontra lehertzen dira olatuak. Paraje zoragarria da, baina beldur apur bat ere ematen du.

Tokiak surflariarengan duen eragina handia da. Hondartza berean jendez inguratuta egon gaitezke egun batean eta bakar-bakarrik hurrengoan. Olatu onenak hartzen ditugunean, bakarrik egoten gara gehienetan, eta ezin izaten dugu esperientzia lagunekin partekatu. Gauza bera gertatzen zaigu egunik txarrenetan. Bizitzaren gorabeheren antz handia du surfak zentzu horretan.

Gurean, badira olatu oso onak ez izan arren ingurune miresgarrian aurkitzen diren urautsiak. Gehienak salbaiak dira, haitzen gainean lehertzen dira eta bertaratzeko oinez ibili behar da, auto aparkalekuetatik urrun. Egungo gizarte ereduarekin bat egiten ez duten urautsiak dira; horregatik izan dira baztertuak, horregatik daude aparte, eta horregatik maite ditugu hainbeste.

Henry Miller idazle estatubatuarrak esaten zuen gure helmuga ez dela inoiz leku bat, gauzak ikusteko modu berri bat baizik. Esango nuke baietz, leku bat helmuga izan daitekeela eta gehienetan hala izaten dela gainera. Sustraiak ongi errotuta ditugun herrietako biztanle zaharkituok, modernitatearen atzaparretatik ihesi, leku zehatz bat dugu abiapuntu eta helmuga, eta bertatik begira, modan ez dagoen arren, ikusteko modu berriak asmatzen ditugu, olatu on batek, bere horretan eta besterik gabe, inolako baliorik ez duela aspaldi ikasi genuelako. Lisboako Belengo dorrearen ondoan edo Gaztelugatxe azpian, itsasotik lehorrera begira, gauzak desberdin ikusten dira.