GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Arreta


Aurreko astean Lizarra-Garaziko sasoietatik independentistok jaso dugun berririk onena eman zuten argitara. Eta independentisten artean, sare sozial zein kaleko komentarioei dagokienez, basamortuko lasto-bola biribilaren isiltasun bakartian igaro zen.

Tamala da berri hori zein izan zen azaldu beharko dudala orain. Ekonomistak Euskal Elkargoak eta EHUk garatutako inkesta bidezko Ekonometroaren arabera, hau da, gaiari buruz gehien dakitenen gehiengoaren esanetan, euskal estatu independente baten bidezko pentsio sistema propioa bideragarria da. Beraz, espainiar estatuan hurrengo hamarkadetan aurreikusten duten arazo sozio-ekonomiko estrukturalik larrienaren aurrean, euskal proiektu independentistak irtenbidea dauka.

Aitzitik, euskal independentistek, xanpaina eta berria zabaldu beharrean, eurekin zer ikusirik ez balu legez egin dute. Inor pozteko gai abstraktuegia dela esan didate batzuek, gaia ez zaiela interesatzen besteek, pentsioa urrun duela esan didanik izan da... Hots, orain arte futbolzaletzat eduki dudan jendea baina orain jokoz kanpo egotea zer den jakitea ez zaiola interesatzen, goian ala behean presionatu behar den gai abstraktuegia dela... esaten didana.

Ostera, estatuak erabakitzen badu zapatu gau bateko tabernako borrokaldia debate politikoaren erdian kokatzea, orduan bai, etxean sentitzen gara, gure saltsan. Eta txarrena da tentsioarekiko interes enpatikoa eta proiektu politikoaren muinarekiko ezaxola guztiz zintzoak direla.

Ipar Irlandako bake prozesuari buruz egin diren azken ikerketetan, hasieran sinesten ez nuen ondorio nabari bat ageri da: talde armatuetako militanteen gehiengoak dio gatazka garaian zoriontsuagoak zirela orain baino. Irabaztea baino norberak parte hartzea garrantzitsuagoa dela uste duen jendea. Baina gu ez al ginen, Mourinho, Ernesto Guevara eta Arnaldoren iritzikoak? Ez al ginen irabaztera etorri? Gure arreta zerk erakartzen duen definitzen ditu gure beharrizan, gabezi, ulermen gaitasun eta etorkizuneko bideak.