GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Amildegia


Egunetik egunera Le Pen Eliseoan ikusteko aukera handiagoa dugu. Azken asteek erakutsi duten panoramak ikaragarri aldatu du egoera politikoa, benetan eskuin tradizionala garaipenetik urruntzen joan da. Le Penek ez du ohar handirik egin; ez zitzaion interesatzen, Fillonen boz emaileak bereganatu behar baititu. Ez da agian Fillon ustelena, gertatzen da parlamentuen inguruan dabilen dirutzarekin, lagun eta familien artean egiten diren antolaketak normalizatu direla. Argia pertsona baten gainean ematen delarik, horrek du sorgin ehiza jasaten, baina norbaitek du informazioa ematen eta gaur egun irabazle nagusia ez da ezkerra, Le Pen baizik. Izan ere, ezkerreko indarren biltzea, sozialistekin zerbait antolatzea, oso zaila da irudikatzea. Sozialistekin ez baita inongo aldaketaren esperantzarik, ondorioz aukera handiak daude ezkerra sakabanaturik abiatzeko hauteskundeetara, eta bigarren tokia galtzeko.

Eskuin muturra alternatiba bakarra al da? Melanchon ari da erantzunak proposatzen, herritarrak antolatzen saiatzen, baina kazetariak ez ditu alde, telebistak ez dio tokirik uzten. Sare sozialetan esperantza jarria du, baina Frantzian ezkerrak ez du burua altxatzen. Horren ardura, ezkerrak agintzen duen irudia. Azken gobernuek ezkerrak zeuzkan amets guztiak itzali dituzte.

Alderdiek legebiltzarreko hauteskundeak dituzte gogoan, presidentzialen ondotik berehala iraganen baitira. Alderdiek ahal bezainbat diputatu postu lortu behar baitituzte kutxak betetzeko eta eragina izateko eramanen den politikan. Alegia, aldi honetakoak ere arruntak izanen direla eta denen artean Fronte Nazionala kanporatzea lortuko dutelakoan. Alta, aldi honetan une arriskutsuagoa ari da gertatzen, FN alderdiaren aukera posible gisa aipatua baita. Gertatuko balitz, biharamuna ez litzateke batere berdin.

Flamanvilleko zentral nuklearrean leherketa bat izan da. Deus larririk ez omen. Frantziak ez du nuklearretik atera nahi. Berria berehala bigarren lerrora pasatu dute eta atentatu saiakera iragarri dute. Eskerrak terrorismoa aitzakia ederra den amildegiaren bazterrean dabilen estatu antolaketarentzat.