GARA Euskal Herriko egunkaria

Birjinen uhartean


Zerua eta lurra amaitu ostean, atseden hartu zuen jaungoikoak, zazpigarren egunean, ahalguztidunak ere nekatzen baitira. Horrela sortu zuen «igandea», iganderik ez zenean, eta Jainkoa, jainkorik ez zenean.

Lurrean ere jainkoak badira, gerrak sortu eta bakearen Nobel sariak jasotzen dituzte. Guztiak dira zuriak (azal koloreaz harago), heterosexualak, fededunak, eta gezurti profesionalak. Elitea dira; horregatik amaitzen dute guztiek tontorrean, masentzako lekurik ez dagoelako, eta han goian ere, lehian jarraitzen dute, puntaren punta ozta-ozta kabitzen baita oin bakar baten azpian.

Berak irabazteko munduko kite-surf txapelketak antolatzen dituen Richard Branson Virgin multinazionalaren jabeak, Obama, AEB tako presidente ohia, bere uharte pribatura gonbidatu zuen. Honolulun jaio eta menderatuen konplexua bertan garatu zuen politikariak ez zuen surf egiten gazte denboran, baina olatuak txanpan hartzen iaioa omen zen, ezezagun zela ezagutu zutenen esanetan.

Obamak, noizbait foilboard surfing delakoa egiteko asmoa erakutsi zion enpresari britainiarrari, eta honek, berak erakutsiko ziola erantzun zion. Aipatu kirolak, taula baten azpialdean duen lema luze eta sofistikatu bati esker, ur azaletik metro bateko altueran lerratzeko aukera eskaintzen du. Ez du beste munduko zailtasunik, baina deigarria da, beraz, denbora gutxian aurrerapen ikusgarriak nahi izaten dituen jende motarentzat kirol garesti bezain erakargarria.

Musu gorri batek etxe zuritik kaleratu eta oso gutxira abiatu zen hawaiiarra Necker izeneko luxuzko uhartera. Ikasi behar zuen lehen gauza kite-surf egitea zela esan zion Bransonek. Ez da inondik inora beharrezkoa, lagungarria bai, izan daiteke, baina baita xakean jolasten jakitea ere. Tira, presidente ohiak apur bat ikasi bezain laster enbidoa bota zuen, ea nork metro gehiago egin, eta noski, enpresari ilehoriak irabazi zuen. Aznarrek bere etxera gonbidatu zuen korrikalari profesionalari desafioa bota zionean bezala da. Benetan sinets dezake jende horrek mundu mailako markak betetzen dituztenak ere garaitzeko gai direla? Dirudienez, bai.

Kurtso intentsiboaren ostean, «taula hegalaria» probatzeko unea iritsi zen, eta berriz ere, bere etxean hartu zuen adiskideak baino metro gehiago egiteko gai zela larderiatu zuen Obama. Kasu honetan garaile atera zen gonbidatua eta famatu bilakatu da momentu hura erakusten duen bideoa. Branson, apala baita oso, ustezko porrota onartzen agertzen da, eta arerioaren lepoa bihurritzen ariko balitz bezala txantxetan ateratako argazki bat egin zuten. Horren ostean, egin beharrekoak eginda, eta zazpigarren egunez, jai hartu zuten.

Nik ere jai hartuko dut datorren lau asteetan. Obama bezala, birjinen uhartera noa, esan nahi baita jainko ez naizenez, eta birjinek uharterik ez dutenez, lurtarron eremu sakratuan geratzen naizela, beti bezala, neskatan baino nazkatan eta bazterrak nahasten. Horretarako etorri ginen mundura, eta ohartuko zineten bezala, misioa ahalik eta ongien burutzeko hautua egina dut. Itzuleran izango dugu elkarren berri. Artean, gaiztoak izan, eta egin min!