GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ospital finalean sartu da ezustea emanda


Ospitalek eman du aurtengo Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako ezusterik handiena, atzo finalerdietako ligaxkako azken jardunaldian Larralderi 40 eta 35 irabazita. Hala, datorren igande eguerdian finalean izango da. Ducassouren aurka jokatu beharko du.

Erabat bete ziren Irisarriko trinketeko harmailak neurketa hau ikusteko, eta dirua oso nabarmen atera zen Larralderen alde. Diruak, ordea, ez ditu partidak irabazten, eta atzokoan Ospitalek bere helburua lortu zuen, 80 minutu iraun zituen neurketan.

Lehen zatian berdinketa asko izan ziren, eta azkenekoa 22-22koa izan zen, eta hortxe erabaki zen norgehiagoka. Ospitalek 12-2ko partzial bat sartu zuen, markagailuan 34-24koa jartzeko, eta norgehiagoka bere alde jarri zuen. Larralde saiatu zen neurketa iraultzen, baina Ospitalek ia dena ongi egin zuen eta ez zion utzi.

Saketik 10 kintze lortu zituen Ospitalek, eta jokoan 26 egin zituen, eta 5 galdu. Larraldek, aldiz, 5 kintze lortu zituen boteari esker, eta jokoan 25 egin zituen; galdu, berriz, 4. Markagaikua honela mugitu zen: 1-0, 1-1, 7-2, 11-11, 12-12, 14-14, 16-16, 17-17, 22-22, 34-24, 37-30 eta 40-35. Finala datorren igandean jokatuko da, 11.00etan Baionako Moderne trinketean.

Bigarren Mailako finalistak ere ezagutu dira. Elgart eta Etxegarai izango dira aurrez aurre datorren astelehen arratsaldean, 16.00etan Donibane Garaziko Garat trinketean. Ligaxkako azkeneko jardunaldian, Etxegaraik 40 eta 23 hartu zuen mendean Monze. Elgartek, berriz, 40 eta 29 irabazi zion Benesseri.