2017 OTS. 13 Surfa Volcom Pipe Pro 2017: Soli Bailey australiarra nagusi Urtea hasi zenetik egin den QS mailako txapelketa garrantzitsuena Soli Baileyk irabazi du Pipelinen. Hawaiiko txapelketen sasoiari amaiera ematen dion lehiaketan, olatuak oso handiak ez izan arren, ikuskizun ederra izan zen. Aritz Aranburu finalerdietara iritsi zen. Azken eguneraketa: 2017 OTS. 13 - 06:54h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA DONOSTIA Volcom Pipe Pro txapelketa amaituta, Hawaiiko lehiaketen sasoia amaitu dela esan daiteke. Bestalde, soilik 3.000 puntukoa izan arren, 2017. urtea hasi denetik egin den txapelketa garrantzitsuena da. Han izan ziren aurten punta-puntan arituko diren lehiakide gehienak. Bailey, Souza, Griffin eta Irons Hogeita bat urteko australiarrak bere ibilbideko titulu garrantzitsuena irabazi zuen joan den astean. Ez zuen, ordea, batere erraza izan Volcom Pro txapelketan irabazle ateratzea. Finalera iristeko lehen mailan lehiatzen diren surflariak gainditzea egokitu zitzaion, horien artean, John John Florence, «Pipelineko erregea». Finalean ere puntako aurkariak izan zituen, baina guztiak menderatu zituen Byron Bayko surflariak bere bi olatu onenekin lortutako 13,26 puntuei esker. Bigarren postua Adriano de Souza 2015eko munduko txapeldunarentzat izan zen, 8,43 punturekin. Hirugarren postuan, tuboak egiten aditua den Griffin Colapinto estatubatuarra geratu zen (3,90 puntu). Laugarren postua, berriz, 3,66 punturekin, Pipelineko urautsia bikain ezagutzen duen bertako surflari batentzat izan, Bruce Ironsentzat, hiru bider munduko txapeldun izan eta 2010ean hil zen Andy Ironsen anaia. Olatuak gero eta okerrago Joan den otsailaren 9an, azken txandak egin behar ziren egunean, olatuak ez ziren lehen errondetakoak bezain onak; apur bat narrasagoak ziren, eta olatuak txikiagoak izan arren (bi metro ingurukoak), baldintzak zailagoak ziren. Azken egunean, ezker-eskuin izan ziren tuboak, Pipeline eta Backdoor-en. Lehiakideak olatu amaieran ariketa indartsuak egiten ere ausartzen ziren eta horri esker ikuskizunak balio erantsi bat hartu zuen. Baina halako baldintza aldakorretan, edozer gerta zitekeen; izan ere, lehiakideek olatua jaisten zuten zerekin topo egingo zuten jakin gabe, eta horrela, batzuetan sekulako tuboa egiten zuten eta beste batzuetan, ostera, olatua itxi egiten zen. Lehen txapeldun australiarra Hamar minutu baino gutxiago falta zirela hartu zuen Baileyk finaleko olatu onena, eta 7,33 puntu jaso zituen. Horren ostean, aurkariek ezin izan zuten puntuazio hoberik lortu eta Bailey txapelketa hau irabazi duen lehen surflari australiarra bilakatu zen. «Inoiz lortu dudan emaitza onena da, zalantzarik gabe» azaldu zuen lehiakide gazteak, baina lortutako txapela merezitakoa zela iritzi zion: «Iaz, zenbait hutsegite egin nituen eta haiei esker ikasi dudalakoan nago. Hona etorri eta gauzak ondo eginda lortutako emaitza justua dela uste dut». Pozarren zen txapeldunak aitortu zuen «egia bihurtutako amets bat» zela Pipelinen irabazi izana, eta horri esker, egon nahi duen lekutik gertuago dagoela gaineratu zuen. Lehiaketa honen ostean QS rankingeko buru jarri da australiarra; beraz, urte amaieran rankingeko lehen postuetan jarraitzen badu, datorren urtean lehen mailan (CT) lehiatu ahal izango da. Volcom Pipe Pro txapelketa amaituta, bukatutzat ematen da Hawaiiko lehiaketen sasoia, eta orain mundu mailako lehiakideak Australiara begira daude, han izango baitira WSL zirkuituko hurrengo txapelketa garrantzitsuak, bai lehen mailakoak (CT), bai bigaren mailakoak (QS). Aritz Aranburu bikain Pipelineko txapelketak iraun zuen artean, bizkarka zein aurpegiz, tuboak egiten munduko surflari onenetako bat dela erakutsi zuen zarauztarrak, eta aurkari zailak izan arren, finalerdietara iristea lortu zuen. Ez da emaitza makala Aranburuk joan den astean lortu zuena, John John Florence, iazko WSL mundu txapelduna, ere erronda berean kaleratua izan zela kontuan hartzen bada. Final laurdenetan Adriano de Souza garaitu eta lehen postuan pasatu zuen txanda, baina finalaurrekoan ere brasildar beteranoarekin itsasoratu behar izan zuen, txanda bakoitzeko lehen bi lehiakideak pasatzen baitziren. Bruce Irons bertako surflari mitikoa ere aurkari izan zuen Aranburuk; beraz, lan zaila zuen zarauztarrak. Olatu aukeraketa zaila zen Pipelineko urautsian, serie eta serie artean denbora asko pasatzen zen, eta behin olatuak etorri ostean lehentasuna zuen lehiakideak olatu onena hartzeko aukera gehiago zuen. Horrela, Aranburuk olatu on bat egin zuen eta, hala, bigarren olatu bat falta zitzaion puntuazioa biribiltzeko. Olatu hori, ostera, ez zen etorri, eta ezin izan zuen finalerako pasea eskuratu. Hala ere, Hawaiin lortutako emaitzari esker, egun, John John Florencekin batera, hamalaugarren postuan dago Aranburu QS rankingean. Horrenbestez, zarauztarrak 2017. urtea indartsu hasi duela esan daiteke. BAILEY LEHENA Bederatzi minuturen faltan hartu zuen finaleko olatu onena eta 7,33 puntu jaso zituen. Horri esker, Bailey txapelketa hau irabazi duen lehen australiarra da.