2017 OTS. 18 HELDUEN LITERATURA Feriatzaile feriatuak Estibalitz EZKERRA Patton” film estatubatuarraren filmaketa lanek Bigarren Mundu Gerra Nafarroara, Urbasa eta Iruñera zehazki, eraman zuten 1969ko udaberrian. Testuinguru horretan kokatzen du Patxi Larrionek estreinako nobela, “Feriatzaileak”. Filmaketa prozesuari berari baino gehiago haren inguruan eta hartaz baliatuta gertatzen denari tiraka, nobelak itxurakerian eta amarruan oinarrituriko kontakizuna dakarkigu. Klixe bihurtu da esatea errealitateak maiz fikzioa imitatu egiten duela, eta ekintza nobela arin moduan irakur daitekeen Larrionen lanak ideia horrekin jolasten du neurri batean. Bestelako irakurketak ere egiteko aukera eskaintzen du liburuak, ordea. Film ekoizle estatubatuarrek armadarekin sinatu duten lankidetza hitzarmenari etekina atera nahi diote Martin Galdeanok eta bere adiskide Luis Urrak, amerikanoei behar duten ezertan laguntzea egokitu zaien eta filmaketa unean soldaduska egiten ari diren unibertsitate ikasleek. Gasolinarekin iruzur egitearekin nahikoa izan ez eta armadako bi jeep eta kamioi bat feriatzeari ekingo diote hurrena. Azken hori prestatzen ari direla negozio potolo baten aukera sortuko zaie eta, arrisku maila bera dezente handiagoa bada ere, ezingo diote muzin egin. Kolpe handirako, filmaren grabaketa taldeko bi lagun, euskal jatorriko Pete Domezain eta Salvatore italiarra, izango dituzte laguntzaile. Anbizioak badu zerikusirik bi gazteen erabakiarekin, baita amarruak aurrera atera ahal izateko aktore sarea zabaldu izanak ere. Parte-hartzaileei ordaindu egin behar zaie, ondo ordaindu behar ere, Martin eta Luis ohartuko diren bezala. Historian sakondu gabe historia une oro presente dago “Feriatzaileak” lanean. Batetik, historia kontsumorako produktu bezala azaltzen zaigu, Hollywoodek eta beste film industria batzuek ederki ustiatzen duten negozioa. Produktu historikoa sortzeko orduan, egiak baino gehiago egiantzekotasunak inporta du: atrezzoak eta efektu espezialak. Hortik Martinen gogoeta, Urbasa bera kronologikoki eta geografikoki zerikusirik ez duten bi historien—Patton eta Cromwell—agertoki bihurtzen ikusten duenean. «‘Patton’ filmatzea amaitu gabe, hor ari ziren Ingalaterrako erregeari burua moztu zion militar errepublikarraren bizitza pantailara ekarriko zuen beste pelikula bat prestatzen” (13). “Feriatzaileak” bera islatzen duenaren emaitza da: une historiko jakin bat ardatz duen “Patton” filmaren grabaketa prozesuaren inguruan gerta zitekeen istorioa eskaintzen digu, hura ere une historiko jakin batean txertatua—diktadura urteak Nafarroan, gerra zibilaren oihartzuna airean—eta ekintza filmen tekniken arabera kontatua: erritmo biziko istorioa da non pertsonaien arteko elkarrizketa laburrak nagusi diren. Bestetik, gertaera historikoei beraiei etekina nortzuek ateratzen dioten erakusten du lanak. Ildo horretatik tiraka, Guardia Zibilak, militarrak eta agintariak protagonista dituzten espoliazio, arte ebasketa, eta bestelako negozio ilunen trama aurkezten zaigu. Marrazoz beteriko itsaso horretan feriatu nahi dute Martinek eta Luisek. Bi lagun nafarren ekintzetan nolabaiteko justizia dagoela argudia liteke, Martinek berak une batean egiten duen bezala; lapurrei lapurtzen dienak zigorra baino gehiago barkamena merezi du, dio esaerak. Hala ere, dena ideologia ez den bezala –ekintza gehienak, guztiak ez esatearren, diru goseak gidatuta daude– leialtasuna bera ez dago traizioari kontrajarrita. Hala azaltzen dio Pete Domezainek, maskaren maisuak, Martini: botere baten kontra aritzeak beste baten alde lerrokatzea ekarri ohi du. Hala da beraien kasuan.