GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
DAVID PLA
ETA-REN MINTZAIDEA KONPONBIDERAKO

«Konprometitu diren guztiek ETAren hitza dute ahalik eta epe laburrenean armagabetzea burutzeko»

Urtebete pasatxo igaro da GARAk David Plari elkarrizketa egin zionetik. Kartzelatu berria zen, eta ETAk elkarrizketarako ordezkari gisa jarraitzeko berretsi zuen, Iratxe Sorzabalekin batera. Orduz geroztik, gertaera garrantzitsuak izan dira: Luhusoko ekimena, presoen eztabaida eta Abian prozesua, besteak beste. Horretaz guztiaz mintzatu gara bigarren elkarrizketa honetan.


Titular dezente atera daiteke elkarrizketa honetatik: armagabetzean konprometitu direnek ETAren hitza dutela helburu hori azken bururaino eramateko, Urkulluren Gobernuari aurrez aurre elkartzeko gonbidapena egiten diola, ETAren kidegoak hausnarketa prozesu propioa hasiko duela udaberritik aurrera... Idatzitako galdetegi bidez egin dugu elkarrizketa eta, behar bezala osatzeko, galdetegia berritu eta behin baino gehiagotan helarazi diogu David Plari.

Luhusoko gertaerek egoera berri bat azalarazi dute, armagabetzeko saioaren hasiera-edo. Nola ulertu behar da?

Ezer baino lehen esan behar da ezohiko egoera bati erantzuteko ezohiko modua izan dela. Duela bost urte inork gutxik irudika zezakeen armagabetzera halako baldintzetan eta halako arazoekin iritsiko ginela. Baina estatuek gatazkaren konponbidearen aurka egin dute eremu guztietan, baita ustez beraien interesekoa izan zitekeen armagabetzean ere.

Armen auzia arazo bat bilakatu nahi zuten ETArentzat. Negoziazioaren aukera baztertuta, fase politikoa erabat aldatu ezinean utzi nahi gintuzten, eta, bitartean, operazio polizialen eta betiko diskurtsoen bidez borroka armatuaren zikloa artifizialki birsortu nahi izan dute, ziklo aldaketarekin abiarazitako bideak, askapen borrokan, aldaketa politikoak eta sozialak eragiteko duen potentzialtasuna galgatzeko.

Gizarte zibilaren ekarpena nola aztertzen duzu?

Erabakigarria izan da, blokeoari aurre egiteko bidea topatzea lortu duelako. Ia inor ez da ausartu gizarte zibilaren ekarpen eskuzabala zalantzan jartzen, eta hori ez da oso ohikoa, azken urteetan batzuk «ez da nahikoa» eta «beste zerbait espero dugu» esaldien atzean ezkutatu izan baitira urratsak egiteko garaia iritsi denean.

Armagabetzeaz harago, gizarte zibilak konponbidearen agenda bere gain hartu duela ondoriozta dezakegu, eta horrek konponbiderako beste eskema bat osatzea ahalbidetu dezake. Sakonera handikoa, herri protagonismoan eta indarrean oinarrituta dagoenez.

Espainiar Gobernuaren jokabideak ez du sorpresarako tarterik uzten. Parisek beste jokabide bat izan zezakeela zabaldu izan da, baina azkenean ekintzak hor daude. Luhusokoa gertatu eta gero, aldaketarik espero al daiteke?

Urteak dira Frantziaren balizko borondatearen inguruan espekulatzen dela, baina, zuk diozun bezala, emaitzak hor daude: espetxe politikan, errepresioan... Luhusokoak, gainera, jauzi bat dakar, ustez Frantziaren interesekoa izan zitekeen armagabetze ekimen bat kolpatu dutelako.

Argi dagoena da ezin dugula esperoan egon. Parisek bere politika aldatuko badu, eta funtsezkoa da aldatzea, konponbidearen aldeko indarrek egingo dugunaren eraginez izango da. Horretan sakondu behar da.

Urkulluren Gobernuak erreakzio kontraesankorra izan du. Datu batek ematen du atentzioa: ETAk ez zuela nahi izan haren proposamena behar bezala aztertu. Nola uler daiteke Gobernu horren eta ETAren arteko ezinikusi hori?

Ez da erraza gertatzen ari dena ulertzen, eta etsigarria ere bada. Gu behin eta berriz ahalegindu gara elkarlan eremuak sortzen eta gure ekimenak berarekin partekatzen. Zinez uste dugulako gatazkaren konponbidean aurrera egitea eta bakea eraikitzea Euskal Herriaren erronka dela eta herri gisa jardun beharko genukeela; instituzioak, eragileak eta herritarrak, denak norantza berean. Baina Urkullu ez dago, edo ez da egon, horretara.

Gero, aipatu proposamenaren gaineko kontuak daude. Ez da egia ETAk ez duela aztertu. ETAk aztertu du, baita publikoki erantzun ere, egin zuen proposamenaren hizkerak eta proposamena aurkezteko modu zakarrak horretarako gogorik ez eman arren. Arazoa da proposamen gisa hilda jaio zela. Ez zelako adostasunetara iristeko edo blokeotik ateratzeko proposamena. Estatuek behartutako blokeo egoeratik abantaila politikoa ateratzeko PNVk asmatutako tresna zen, ETA eta ezker abertzalearen posizioa higatzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak uste zuelako armagabetzearen eremuan ez zela urrats esanguratsurik egingo, estatuen jarrerak oso zaila egiten zuelako. Eta planak errua ETArena zela irudikatzea bilatzen zuen. Horrela, denbora luzez ETA blokeo eragile bezala aurkezten ahalko luketela pentsatzen zuten, beraiek eragile aktibo bezala agertzen ziren bitartean. Hori bai, estatuen erasoen aurrean txintik esan eta egin gabe.

Baina zer gertatu da? Luhusoko ekimenak hankaz gora jarri duela Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Batetik, agerian utzi duelako ETAk armagabetzeko borondatea duela eta ETAk aipatzen zituen arazoak egiazkoak zirela. Eta bestetik, erakutsi duelako egiazko borondatea duenak baduela nola lagundu. Horregatik, tokiz kanpokoa izan da Eusko Jaurlaritzaren erreakzioa. Arreta, urrats historikoan eta estatuen erasoan jarri beharrean, bere proposamenean jarri nahi izan du, ETAren jokabidea Eusko Jaurlaritzarekiko mespretxutzat salduta, gainera. Harrigarria, bai, baina hori da Urkulluk orain arte izandako jokabidea.

ETAri edo kartzelan zaudeten mintzaideei zuzendu al zaizue Urkulluren Gobernua?

Ez. Tarteka, 2012az geroztik, bere iritziaren berri izan dugu eta mezuren bat ere iritsi zaigu. Baina beti modu ez-zuzenean izan da, hirugarrenen bidez-edo. Gure ustea da, gainera, halakoetan hirugarren eragile horiengan eragitea bilatzen zuela gehiago ETArekin elkarrizketa eraikitzailea hastea baino. Gainerakoan, nahiago izan du hedabideen bidezko interpelazioan tematu, horretan ere, gatazkaren ondorioen konponbidea baino gehiago, posizioa irabaztea lehentasun izanda. Aldiz, gizarte zibilak eta ETAk gurutzatutako gutunek erakutsi dute, hainbesteko nabarmenkeriarik gabe, badela urratsak egiteko aukera, egiazki gogoa eta borondatea badago.

Horregatik, nik etortzeko gonbita egin nahi diet hemendik. Orain arteko harremana gatazkatsua izan den arren, saia gaitezen abiapuntu berri bat jartzen. Euskal Herriarentzat onuragarria izango litzateke eta ETA prest dago ahalegina egiteko. Eta ETArekin harreman zuzena nahi ez badute, ordezkaritza honekin zuzenean egon nahi ez badute, jardun daitezela jada bakebidean ari diren gainerako eragileekin, bakeak behar duen lidergo konpartitua eraikitzeko.

Ezinezkoa al da eragile guztien arteko elkarlana?

Ez luke izan beharko, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan erakusten ari dira posible dela. Eta horrela izan da konponbide eta bakerako interes komuna gailentzeko borondate politikoa egon delako denen partetik. Gero, nik ez dakit hori nahikoa izango den Estatuaren jarrera mugiarazteko, baina komunitate edo herri gisa indartu gara eta osasuntsuagoak gara gure balore politiko eta humanoetan. Eta horrek etorkizuna elkarrekin eraikitzeko arrastoa utziko du.

Zergatik ez da orain arte hori bera posible izan gainerako herrialdeetan?

Batzuek iragana erabiltzen dute koartada bezala. Konfrontazioaren ezaugarriak gordinagoak izan direlako-edo, elkarrizketak eta akordioak zailagoak direla diote. Baina kontrakoa ere argudia zitekeen, herri baten bizipenean muga fisikoak ezartzea posible bada. Konfrontazioa gogorragoa izan bada, denontzat, adore gehiago izan beharko genuke haren ondorioak gainditzeko.

Nik, ordea, gertatzen ari dena ulertzeko gakoa etorkizunari lotua dagoela uste dut. Indar politiko gehienek Ajuria Eneko Itunaren eskema zaharretik ekin diote garai berriari, bere aldaerarik ilunenetik, gainera. Orduko «biolento eta demokraten» kontakizunak ezartzen zuen jendartearen banaketatik eta orduko bazterkeriatik. Eta horrela egin dute ezkerreko independentismoaren aurrean hesi bat eraiki nahi dutelako, bere proiektu politikoak aurrera egiterik izan ez dezan. Estrategia aldaketarekin batera, proiektu politiko horren aukerak zabaldu direla ondorioztatzen dutelako.

Eta hesi berria gatazkaren konponbidearen blokeoa da. Edo, beste modu batean esanda, «garaituen eta garaileen» eskema. Batzuetan, elkarrizketa eta akordioari zuzenean uko egiten diote, eta, beste batzuetan, ezinezko egiten dituzte, ezker abertzaleak onartu ezin dituen baldintzak jarrita. Horrela, ezker abertzalearen apustu politikoa ito nahi dute, iraganera iltzatua utzita eta erronka berriei aurre egin ezinean.

Gauzak horrela, guztien arteko elkarlana konplikatua da, bai. Kontua da euskal jendarteak egun ez dituela halakoak hain erraz irensten eta horrek alderdien jarrerak baldintza ditzake.

Zer nolako garapena izan dezake armagabetzearen aferak?

Abiapuntua jarrita dago. Gizarte zibilak eta ETAk armagabetzearen ardura lehenengoaren esku geratzen dela adostu dute, nolabait jada Foro Soziala, estatuen blokeoa egiaztatu ondoren, marrazten ari zen norabidetik. Lan hori burutzeko, ordea, babesa beharko du gizarte zibilak, bai nazioarteko eragileen bai Euskal Herriko eragileen aldetik, eta zehazki erakundeen eta erakundeetako ordezkarien partetik ere. Estatuek jokabidea aldatuko balute, prozesu hori errazagoa eta seguruagoa litzateke. Zoritxarrez, ezin dugu halakorik espero.

Gauza seguru bakarra dago: ETAk ahalik eta epe laburrenean armagabetzeko hartu duen erabaki irmoa. ETAren hitza dute lan horretarako konpromisoa hartu duten guztiek.

Gasteizko Gobernuari buruz erantzuna eman duzu. Beste eragilerik etorri al zaizue kartzelara gatazkaren ondorioen konponbideaz hitz egitera?

Foro Sozialarekin harremanetan gaude eta aurrez aurre egoteko ahalegina egiten ari gara. Horretarako bisita baimena eskatu zuten, nortzuk ziren eta zertarako etorri nahi zuten argi azalduz. Baina, nonbait, Frantziako Estatuak ez du harreman hori begi onez ikusten, epaileak esan berri digulako momentuz ez diela bisita baimenik emango. Edonola ere, elkarlanean jarraituko dugu, horretarako beste molde batzuk erabili beharko ditugun arren.

Dena den, ETAk badaki kartzelan gauden mintzaideekin harreman zuzenak badituela bere zailtasunak ere. Horregatik, bere harreman dinamika ez da horretara mugatzen, Luhusoko ekimenaren harira argitaratu diren komunikazioetan ikusi ahal izan denez.

 

«ETAk militante guztien artean hausnarketa prozesu bat irekiko du udaberritik aurrera»

Ezker abertzalea hausnarketa prozesua burutzen ari da. Abian prozesuarekin hasieran eta antolakundeen kongresuekin ondoren. Zer garrantzi du horrek guztiak?

Garrantzi handia du. Duela urtebete esan genuen bezala, ezker abertzalea krisi politiko sakon batean murgilduta zegoen. “Zutik Euskal Herria” ebazpenarekin, lehenik, eta ETAren erabakiekin, ondoren, ziklo politiko berria abiarazi eta gero, ez ginen asmatzen ari hark zabaldutako aukerak baliatzeko. Eta horrek azken urteetako bilakaera aztertzea eta eskema politikoa berrikustea eskatzen zuen. Abian prozesuak ahalbidetu zuen hori dena egitea.

Antolakunde bakoitzaren ariketak ezker abertzalearen estrategiari beste bultzada bat emateko ahalegin berri honetara tresnak egokitzeko prozesuak direla esan daiteke. Ariketa oso garrantzitsuak izaten ari dira, ezker abertzalearen birsortzea dela esateak azaltzen duenez. Hortik aurrera, hirugarren urratsak etorri beharko luke; hau da, ildo berritu osoaren garapena, ekinbide independentista ardatz hartuta.

ETAk ere bere ariketa egin behar al du?

Bai. Militante guztien artean hausnarketa prozesu bat abiarazteko asmoa dago, udaberritik aurrera.

Herri prozesua, prozesu independentista... horrek beharko lukeela ardatz nagusia esan izan du ezker abertzaleak, eta ETAk ere bai, behin baino gehiagotan. Aurrerapenik ikusten al duzu horko horretan? Edo beste modu batez esanda, horretan aurreratu gabe, ez al litzateke aipatu dugun guztia (ondorioen konponbidea, ezker abertzalearen birsortzea...) erabat hankamotz geratuko?

Ezker abertzalea bera geldituko litzateke hankamotz, bere zeregin nagusian aurrera egin gabe erabat galduta geldituko litzatekeelako. Ezker abertzalea ez delako indar politiko konbentzional bat, nolabait eguneroko politikagintzaren gestio hutsaren inertzian bizi daitekeena. Irabazteko jaio ginen, zapalkuntza oro desagerrarazteko, eta anbizio eta tentsio horrekin ekin behar zaio etorkizunari.

Oroitzen dut, duela bizpahiru urte jada, preso zeuden hainbat kidek halaxe oroitarazten zigutela. Ez gelditzeko blokeatuta gatazkaren konponbidean, negoziazio aldi berri bat irekitzeko ahaleginean edo presoak askatzeko borrokan. Garrantzitsuena askapen prozesuan aurrera egitea zela eta horren arabera kokatu behar zela beste guztia. Fase politiko honetan askapen prozesuak herri prozesu independentistaren bidez egingo duela aurrera ebatzi berri du ezker abertzaleak eta horretan jarri behar dira indar guztiak.

 

«Presoen eremuan ere blokeoari mugimendu berriak eraginez eta aukera berriak zabalduz erantzun behar zaio»

Luhusoko gertaerek gatazkaren ondorioen konponbidea mahai gainean jarri dute. Horien artean, presoen inguruan berririk izan da. 2015eko amaiera egin genizun elkarrizketan kartzelaz galdetzean oso denbora gutxi zeneramala esan zenuen. Urte honetan zer ikusi duzu?

Oro har, estatuek duela hamabost urteko diskurtso eta ildoari eusten diotela. Nire bizipenak ez du ezer berezirik, baina bitxia egin zait, adibidez, behin-behineko espetxealdia luzatzeko edo espetxe barnean kontrol neurri bereziak ezarri behar zaizkigula azaltzeko erabiltzen dituzten argudioek duela bi hamarkada idatzitakoak diruditela. Estatuek gerraren logikan jarraitzen dute, ezer aldatu ez balitz bezala.

Hori bai, estrategia egoera berrira egokitu dute. Garai batean, euskal preso politikoen damutzea lortzea zuten helbururik behinena. Kolektiboarekiko haustura zekarren edozein urrats bultzatzen zuten, borrokarekiko atxikimendurik eza irudikatu nahian, askapen mugimendua kaltetzeko. Horretarako, espetxe baldintzak gogortu zituzten eta sakabanaketa abiatu zuten, banan-banako xantaia eraginkorragoa izan zedin. Gerora, gainera, «itxaropenik eza»-ren politika erantsi zioten eta, salbuespen legedia estutuz eta epaileen erabakiak erabiliz, espetxealdiak muturrera eraman zituzten.

Ez dut esango damutze politikari uko egin diotenik, baina uste dut orain beste irizpide bat nagusitu dela: ez dadila ezer mugitu, atzerantz ez bada. Urratsik txikiena ere borrokatzen dute, baita maila humanitarioan koka daitezkeenak ere. Zergatik? Funtsean, egoera berrian euskal presoak bahitu politiko gisa erabili nahi gaituztelako, gure proiektu politikoaren garapena eta Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatzeko. Badakite, gainera, euskal jendartea konponbidearen logikan dagoela eta, beraz, egingo den urrats bakoitza hurrengoaren aurrekotzat hartua izanen dela, konponbidearen kate osoa osatu arte. Horrez gain, etsipena ere sortu nahi dute, ezker abertzalearen baitan estrategia berriarekiko zalantzak elikatzeko eta, ahal bada, zatiketa eragiteko.

Horrela, aurreko fasean eraikitako salbuespeneko tresneria juridikoaren atzean gotortu dira. Eta, aurrera ez egiteaz gain, egoera zehatz bakoitzaren konponbidea izugarri zaildu dute. Adibiderik agerikoena, eta mingarriena, gaixorik dauden kideekin darabilten ankerkeria da.

Nola baloratzen duzu EPPKren eztabaida eta eztabaida horretarako egin den proposamena?

Eztabaida garrantzitsua da eta, besteak beste, aipatu egoerari aurre egin nahi diola uste dut. Aurreko fasean erresistentzia jarrerak ezaugarritu du Kolektiboa. Etsaiak presoei xantaia politikoa egin nahi bazien askapen borrokaren kontra erabiltzeko, Kolektiboak, eraso guztien gainetik, tinko eustea finkatu zuen helburu. Eta bere barne araudia, adibidez, horren arabera ezarri zuen. Horrela, Kolektiboak oso egoera gogorrei aurre egin behar izan zien. Baina bataila politikoa irabazi egin zuen, damutze politikak oso emaitza urriak eman dituelako. Edonola ere, hori dena konfrontazio armatuaren logikari lotuta zegoela esan daiteke.

Duela bost urteko ETAren erabakiaren ostean, «espetxe frontean» presoak etxeratzea dugu erronka nagusia. Denok pentsatzen genuen, gainera, goiz ala berandu konponbidearen logika nagusituko zela eta euskal preso politikoen egoerak beste bilakaera bat izango zuela. Baina estatuak gotortu egin dira, askapen prozesua blokeo horretan kateatuta uzteko. Orain egoera berri horri erantzun behar dio ezker abertzaleak, bai eta Kolektiboak ere. Eta logikoa litzateke pentsatzea, bere garaian xantaiari erresistentziatik erantzun zitzaion bezala, blokeoari mugimendu berriak eraginez eta aukera berriak zabalduz erantzun behar zaiola. Herriarekin batera, betiere.

Hori da, nolabait, duela hiru urteko Kolektiboaren adierazpenarekin hasitako bidea, eta eztabaida hau horretan sakontzera dator, ausardiaz eta erabakitasunez.

Presoen aldeko dinamika azkartu da kalean, baina ziegetako giltza estatuen esku dago. Nola irten egoera horretatik?

Hori da presoen eremuak duen zailtasun erantsia, konponbiderako estatuak mugiarazi behar ditugula. Eta ez dagoela zirrikiturik hori saihesteko. Galdera da nola egiten den hori. Eta zintzoki esan behar da ez dagoela erantzun magikorik. Argi dagoena da bataila herri gisa eman behar dugula eta, horretarako, ahal diren indar guztiak bildu eta mobilizatu behar direla. Ezker abertzalearen ibilbide eta proiektu politikoarekin bat egiten dutenak eta beste jatorri eta egitasmo politiko bat dutenak. Euskal presoak etxeratzeko azken helburuarekin bat datozenak eta oraindik tarteko urratsetan gelditzen direnak.

Herri mobilizazioak, gainera, estatuak soilik ez, euskal ordezkari politiko eta instituzionalak ere mugiarazi behar ditu. Estatuak garatzen ari diren espetxe politikaren kontra daudela esan arren, orain arte erakutsitako konpromisoa zinez apala izan delako kasu askotan. Horrela, adostasun zabal batekin, estatuen jarrerarekiko konfrontazioa eraginkorragoa litzateke.

Eta, horrekin batera, estatuen posizioa higatzen jarraitu behar da eremu guztietatik. Kontraesanak sortu, baita aski lotuta duten eremu juridikoan ere.