2017 OTS. 20 ZIRIKAZAN «True love» zoritxarrekoa Josebe EGIA Neuk ere egin izan ditut, beste garai batzuetan, sanvalentinkeriak. Hastapenetako harreman haietan, maiteminduen berariazko egunean nor maitatu eta nork maitatu izateak ilusioa eragiten zidalako, agian, edo harreman batean egoteak heldu sentiarazten ninduelako eta, beraz, helduek bezala jokatzea tokatzen zitzaidalako. Halaxe ikasten baitugu mundu honetan bizitzen: helduei begira. Maitasunari dagokionez, ere bai. Horregatik ibiliko da hain izorratuta, harreman batean eta hurrengoan eta hurrengoan, hainbeste gizon eta emakume. Gure helduei eta haiek eurenei so, bikotekide-harreman mota bakarra dugulako barneratua, denborak aurrera egin ahala bai edo bai barne hartzen dituena: elkarbizitza, seme-alabak, rol-banaketa jakina norbere ezaugarri espezifikoekin eta, batik bat, hori guztia betiko iraunarazteko beharra, porrot borobila izango ez bagara. Ez dugu nahi izan dibortziatuak, bananduak, neskazahar edo mutilzaharrak, ez eta bikote arraroak, ulergaitzak ere, baztertuak. Masa bezalakoa izan nahi dugu, normalak, arau barrukoak, sinetsita maitasunak (benetakoak) guztiarekin ahal duela, amodioa (benetakoa) bizitzan behin baino ez dela sentitzen eta, hori galduz gero, akabatuta gaudela. Horrela doakigu, hortaz, maitasun (edo) harremanak tematuta bizitzen: haiei eusten tematuta. Neurtu gabe benetan merezi ote digun, zer on eta zer txar ematen ari zaigun, eta ematen ari gatzaizkion (hori ere bai), gure burua zaindu barik, sufritzen edo sufriarazten, sarri biak batera, sorgin-gurpil gaizto amaigabean… hain zuzen, bukatzen jakin barik, osasun emozionalerako ezinbestekoa dena. Ondorioa: milioika pertsona zorigaiztoko, milioika harreman usteldu eta eredu txar gure ondorengoentzat. Zorionez, uste dut salbazioaren bidetik egiten hasiak garela. Orain, sekula ez bezala jartzen dugu kolokan gure inguruko maitasun-kultura, emakumea pasiboa eta gizona ekintzailea bihurrarazten dituena, baita bikote homosexualetan ere, batak eta besteak rol berak hartuta, bestela nola bizi ez dakigula. Orain, San Valentin egunean, erromantizismo sexista zanpatzaileaz hitz egiten dugu, eta eguna baliatzen dugu han-hemenka adierazteko maitasunari dagokionez ikasia duguna falazia hutsa dela, bikote-harreman bat ez dela true love kontua, beste bide eta beste eredu batzuk zabaldu beharra dagoela, besteekiko eta, batez ere, norbere buruarekiko maitasun-ariketa osasungarria eginez, bai horixe.