2017 OTS. 27 PILOTA Artolak eta Albisuk etxeko lanak egin gabe utzi dituzte Asegarcekoek ere azken jardunaldian jokatuko dute finalerdietarako txartela, Olaizola-Untoriaren kontra. Asier AIESTARAN IRRIBARRIA-REZUSTA 22 ARTOLA-ALBISU 19 Badirudi aurtengo Binakako Txapelketan dena aurrez pentsatuta dagoela emozioa azken unera arte mantentzeko, eta bide horri jarraituz Artolak eta Albisuk ere azken jardunaldian jokatuko dute finalerdietarako txartela. Irribarria-Rezusta lider indartsuen aurka 22-19 galdu zuten atzo Eibarren eta sei garaipenekin geratuko dira sailkapenean. Horrenbestez, datorren larunbatean Labriten Olaizola eta Untoriari irabazi beharko diete finalerdietako ligaxkara sailkatu ahal izateko. Atzoko neurketak gorabehera dezenteak izan zituen. Hasiera nahikoa parekatua suertatu zen, eta lau pilotariak maila ederrean ekin zioten demari. Iñaki Artola bera ere, bi hilabete eta erdi geldirik egon ostean, joko onarekin itzuli zen pilotalekuetara. Esaterako, urdinak 1-3 aurreratu ziren, alegiarrak egindako hiru erremate ikusgarriri esker. Baina Rezusta atzean agintzen hasi ahala, gorriek markagailuan ere aurrea hartu zuten. Bergarako atzelariak –bera izan zen laukoteko onena– oso serio jokatu zuen eta Iker Irribarriak aurrean errematatzeko bikain baliatu zuen. Konturatzerako, Aspeko bikotea 11-5 aurreratu zen eta partida benetan aldapa gora ipini zitzaien Asegarcekoei. Amore ematea ez zen aukera bat ordea, eta urdinek hurbiltzeko ahalegin handia egin zuten: Artolaren beste dejada eder bati esker 11-8 gerturatu ziren, baina partida berriz estutuko zela zirudienean, gorriek berriz ere alde egitea lortu zuten. Hurrengo txanpan, gainera, neurketako alderik handiena heldu zen, lehenik 18-10ekoan, eta apur bat geroxeago, 19-11koan. Urdinei arriskatu beste aukerarik ez zitzaien geratzen, eta halaxe egin zuten azken saiakeran. Eurak asko arriskatuz eta gorrien huts batzuk baliatuz, berriz ere bi tantora hurbildu ziren, hiru aldiz gainera: 19-17, 20-18 eta 21-19. Baina une erabakigarrietan ez zuten batere asmatu eta markagailuari buelta ematea ezinezkoa izan zen. «Zati handi batean ongi jokatu dugula uste dut. Amaieran tanto batzuk egin dituzte eta asko hurbildu zaizkigu, baina pozik egoteko moduan gara», aitortzen zuen Beñat Rezustak partida amaieran. «Norberak bere uneak aprobetxatzea garrantzitsua izan da. Gure pilota batekin min egin diegu eta hortxe joan gara», gehitu zuen bost tanto egin eta bat bera galdu gabe amaitu zuen bergararrak. Iñaki Artolak, aldiz, «lastima» hitza aipatu zuen. «Lastima izan da, aukerak eman dizkigutelako. Beraiek ez dute txapelketako partidarik onena jokatu, baina ez dugu asmatu aprobetxatzen. Nik ere tanto batzuk egin ditut, baina maila honetan gehixeago behar da irabazteko», zioen hamar tanto egin arren. Gaur, beste «match-ball» bat Binakako Txapelketa Tolosara mugituko da gaur eta bihar, eta asteko beste match-ball bat jokatuko dute Urrutikoetxea-Imaz eta Elezkano-Zabaleta bikoteek. Batez ere gorrientzat izango da azken aukera, urdinek galduta ere bizirik jarraituko dutelako. Gainera, hirugarren partidan Beñat Urretabizkaiak debuta egingo du atzelari moduan.