GARA Euskal Herriko egunkaria

Berta Caceresen heriotza ikertzeko eskatu dio NBEk Hondurasko Gobernuari


Berta Caceres Hondurasko ekintzailearen aurkako erasoaren lehen urteurrena izan zen atzo eta Nazio Batuek herrialdeko Gobernuari eskatu zioten «era eraginkor eta inpartzialean» ikertzeko atentatu hura.

Nazioarteko erakundeak ezinbestekotzat jo du Caceresen heriotzaren erantzuleak epailearen aurrera eramatea eta gertatu zenaren berri herritarrei ematea, biktimei erreparazioa egiteaz gain. Gainera, NBEk Tegucigalpako agintariei eskatu die Gustavo Castro ekologista eta Caceresen heriotzaren lekuko bakarraren aurkako eraso ahalegina argitzeko.

Greenpeace nazioarteko erakunde ekologistak Artemio Precioso saria emango dio Berta Caceresi. Laura Zuñiga alaba Madrilera joango da hilaren 24an saria jasotzera.

Euskal Herrian ere Berta Caceresen bizitza eta eredua omentzen ari dira egunotan. Atzo ekologistari buruzko dokumental bat eskaini zuten Bilbon eta astelehenean elkarretaratzea egingo dute bertako Plaza Biribilean, Bizilur erakundeak jakinarazi duenez.