GARA Euskal Herriko egunkaria
JARDUERA

Greg Boswellek eskoziar izaerako bide zaila zabaldu du

Pasa den otsailaren 8an, Eskoziako Coire an Lochainen (Cairngorms) «Intravenous Fly Trap» (X/10) sortu zuen alpinistak. Ekaitz baten erdian, marraren giltza bistan egin zuen; hiru ordu eta erdiko borroka izan zen.


Orriotan beti esan dugu Eskoziako neguko jarduerek eite oso berezia dutela. Mistoko eskaladaren graduazioa WI eskaladarekin alderatzea, adibidez, zaila da oso. Hango neguko bideek, eskuarki, izotza baino antzigarra dute, eta horrek aipatutako berezitasuna ematen die.

Aurtengo neguko jarduerei dagokionez, aurreratu behar dugu nahiko motel hasi zirela; izan ere, urtarrilaren amaieran botatako elurteak iritsi baino lehen, paretak nahiko garbi zeuden. Baldintza egoki horiek heldu zirenean, berriz, espezialista asko jarri ziren martxan. Horietako bat Greg Boswell dugu. Bada, otsailaren 8an, eskalatzaile horrek aukera izan zuen misto berezi horretan bide berri eta zaila zabaltzeko. “Intraveous Fly Trap” du izena, eta bere zailtasuna honakoa da: X/10.

Azpimarratu behar da goi mailako jarduera bat dela, batez ere estiloarengatik eta protagonistak jasan behar izan zuen eguraldi gaiztoarengatik. Bai, batetik, bidea bistan eskalatu zuen; eta, bestetik, marraren giltza eskalatzen ari zela ekaitz gogor batek harrapatu zuen. Luze horrek hiru ordu eta erdiko lana eskatu zion!

Borroka latza

Boswellek berak aitortu du Eskoziako Cairgorms eremuan eskalatzera ohituta ez dagoen bati asko kostatzen zaiola bertako ezaugarri berezietara moldatzea. Zabaldu berri duen bideari dagokionez, honakoa adierazi du: «Lehenengo zatian pioletak era duin batean erabiltzeko komeriak izan nituen. Gainera, behean erlaitz batzuk daude, eta, eroriko bat izanez gero, min handia har dezakezu. Bidearen giltza, berriz, oso teknikoa da. Artesi eta helduleku egokienak aurkitzea zaila zen, eta neure burua babesteko lekuak gutxi ziren. Lasaitasuna mantentzeak esfortzu handia eskatu zidan. Baina, zorionez, onik atera nintzen azkenean».

“Intravenous Fly Trap” bideak. berez, bi luze ditu, eta udan ere ez zegoen igota: «Marraren giltza lehen luzean dago. Eta esan behar dut bidea garbi-garbi utzi dudala. Eta ez ondoan dagoen ‘Big Daddy’ bezala. Ea norbaitek han utzitako materiala kentzen duen. Konpromiso handia eskatzen duen marra bat da. Jarduera horretan sartu nintzenean, jakin banekien erretiratzea zaila izango zela oso. Baina ausartu nintzen, eta ondo atera zen. Ekaitzak harrapatu eta bidearen giltzak hiru ordu eta erdiko lana eskatu zidan. Bide hori udan zein neguan eskalatu gabe zegoen; orain jendeak badaki igo daitekeela».