GARA Euskal Herriko egunkaria
Emakumezkoen futbola

Denboraldiko azken herena, pil-pilean behekoentzat

Oiartzun beste lau talderekin lehiatuko da, ekainera jaitsiera postuetatik kanpo heltzeko.


Azken herenari ekingo dio Ligak larunbatetik aurrera. Hamar partida, hogeita hamar puntu eta gauza asko, eta garrantzitsuak, lehian. Eta euskal taldeen etorkizuna argitzear oraindik, euren egoerak eta nahiak oso desberdinak badira ere.

Liga amaiera lasaiena Athleticek izan beharko luke, Koparako txartela ziurtatuta baitauka, eta ezinezkotzat, ordea, Europa edo txapelketaren borrokara berrengaiatzea. Realak, berriz, erronka dotoreari ekingo dio, Kopako postuetarako daukan sei puntuko aldeak –hiru besterik ez dira izango Rayoren aurkako partidaren puntuak ematen badizkiote azkenean– bizi-bizirik mantentzen baitu lehian.

Baina hemendik maiatzaren 21era arte lehiatuko diren partidetan jokoan gehien izango duen taldea Oiartzun da, dudarik ez. Biziraupenak, izan ere, ematen die forma oiartzuarren ametsei. Beste lau talderekin partekatzen du helburu berbera.

Matematiken arabera, egia esan, lau besterik ez dira dagoeneko jarraipena ziurtatu duten taldeak (Atletico, Bartzelona, Valentzia eta Levante). Logikak nabarmenki txikiagotzen du inplikatuen kopurua: Tacuense, Espanyol, Fundación Albacete eta Oiartzun eta, beharbada, eta oso bolada txarrean sartuz gero, Zaragoza eta Reala. Gari Argotek bi horiek alde batera utzi eta jaitsierako postuetarako hautagaiak sailkapena ixten duten lau taldeak direla uste du. «Ez dut uste Alcainek arazorik edukiko duenik, eta are gutxiago Realak. Muga 23-24 puntuan egon daiteke, eta nahiko erraz daukate biek zenbaki horretara iristea, hainbeste partidaren faltan».

Aurkari gogorrak

Luzeagoa da gainerakoek ibili behar duten bidea Oiartzunen entrenatzaileak ezarritako muga horretara –egokia, azken urteotako zenbakiak ikusita– heltzeko. Hamar puntu, hain zuzen ere, gipuzkoarren kasuan.

Betebehar zaila baina «gauzagarria», dio Argotek, bere taldearen «positibotasuna» azpimarratuz, baikortasunaren edo ezkortasunaren alde jotzeko argudioak nahiko parekatuta daudela onartzen badu ere. Aldeko arrazoiei dagokienez, Oiartzunen «egoera», «konbentzimendua» eta 2017an eskaintzen ari den maila nabarmentzen ditu. «Erronka oso zaila dela onartu arren, oso positiboak gara. Alde batetik, bagenekielako gure borroka zela hau, prest geunden azken unera arte borrokatzen egoteko. Eta bestetik, taldea behetik gora datorrelako, horrek esan nahi duen guztiarekin. Egoera txarra gainditu, 2017a horrela hasi, azken postuetatik irten... Horrek lagunduko gaitu».

Beste aldean, egutegia. Oiartzun sailkapenaren aurreko zortzi taldeen aurka arituko da, zazpi elkarren segidan. Eta horrek asko «konplikatzen du» bere helmugara heltzea. Baina, hala ere, «positibotasunaren» aldeko apustua egiten du Argotek. «Hamar partidetatik sei gure zelaian jokatuko ditugu eta hori nabaritu behar da. Eta gainera, bi derbiak eta Atleticoren partida kenduta, lehiakorrak izan gara igandero, beti. Horrela jarraituz, aukerak izango ditugu».

Antzeko egutegiari ekingo dio Bigarren mailatik gertuen dagoen Tacuensek. Espanyol eta Fundacion Albaceterenak zertxobait lasaiagoak azaltzen dira baina euren egoerak, berriz, kezkagarria dirudi. Batez ere orain dela lau jardunaldi jaitsiera postuetan sartu zen eta presio handiena duen Espanyolena.

Hirurek, gainera, elkarren kontra jokatuko dute hurrengo asteotan, Oiartzunen mesederako. Nolanahi ere, eta sei puntuko tarte txikian, euren borroka pil-pilean egongo da amaierara arte eta garrantzitsua izango da ideiak argi izatea.

Astea

Finala. Sekulako debuta gauzatuz, Espainiak Algarveko Kopako finala jokatuko du gaur Kanadaren aurka. Mariasun Quiñones Jorge Vildaren taldearekin estreinatu zen Islandiaren aurkako partidan (0-0); Irene Paredesek bezala, aulkitik ikusi ditu Espainiak Japoniari (1-2) eta Norvegiari (3-0) irabazitako partidak.

Txapelketak. Gaur amaituko da She Believes Cup-en bigarren edizioa. Frantzia-Estatu Batuak eta Alemania-Ingalaterra dira hirugarren jardunaldiko neurketak. Cyprus Cup-en, berriz, Suitza eta Hego Korea lehiatuko dira gaurko finalean.

Deialdia. Andrea Sierra, Maite Oroz, Lucia Garcia, Ane Azcona eta Damaris Egurrola (Athletic) deitu dituzte datorren astean Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin lan egiteko. 17 urtez azpikoarekin entrenatuko dira, bestalde, Nerea Eizagirre (Real), Oihane Hernandez (Athletic), Marian Pueyo eta Patricia Zugasti (Ardoi).

Fitxaketak. Mugimendua egon da neguko merkatuaren amaieran. Sportingek Atletico Bko Silvia Merida atzelaria fitxatu du. Ospetsuagoa da Fundacion Albacetera heldu berri den Andrea Ojeda aurrelaria: Boca Juniorseko historian golegile nagusia da, izan ere. Santa Teresak Ria Oling erdilari finlandiarra fitxatu du. Extremadurako taldeak, gainera, Juan Carlos Antunez entrenatzaileari kontratua luzatu dio 2019ra arte.

Zelaiak. Athleticek zabaldu zuen bidea duela hainbat denboraldi, baina joera aurten sendotu da. Talde zuri-gorria bera izango da hurrengo protagonista, martxoaren 26an Atleticoren kontra Vicente Calderonen jokatuko baitu. Astebete beranduago, Fundacion Albacetek eta Rayok Carlos Belmonten jokatuko dute. Eta 26. jardunaldiko Valentzia eta Levanteren arteko derbia Mestallan izango da.

LFP. Aintzane Encinas Realeko kapitainak eta Silvia Muriel Athleticeko zuzendaritzako kideak LFPak emakumezkoen futbolaren gainean antolatutako jardunaldian hitz egin zuten atzo.