GARA Euskal Herriko egunkaria
Txirrindularitza

Alaphilippe nagusi, izagirretarrak bikain

Aurreneko hamarrekoan amaitu zuten erlojupekoa eta Gorka hirugarren jarri da.


Julian Alaphilippe, Quick Step taldeko txirrindulari frantsesak, sekulako ezustekoa eman zuen Paris-Nizako laugarren etapan: Beaujeau eta Mont Brouilly lotzen zituen 14,5 kilometroko erlojupeko motz bezain gogorrean. Ez horrenbeste lan ona egin izanagatik –hori aurrez pentsa zitekeen–, baizik eta espezialista onenei tarte nabarmena aterata lortu zuelako garaipena.

Alaphilippe lider ipini zen, eta sailkapen nagusian 33 segundoko aldea dauka Tony Gallopin bigarren sailkatuarekiko eta 47koa, hirugarren jarri den Gorka Izagirrerekiko. Aipagarria benetan Ormaiztegikoak egindako lan aparta: laugarren amaitu zuen etapa, irabazlearengandik 20 segundora baina Contador eta Gallopin bezalako izarren denborak berdinduz. Bere anaia Ion ere ederki ibili zen: bederatzigarren, etapan, eta hamahirugarren, sailkapen nagusian.

Ikusi egin beharko da Alaphilippe gai ote den geratzen diren etapa menditsu gogorretan maillot horia mantentzeko, baina berak lortuko ez balu ere, Quick Step taldeko hainbat taldekide ere oso ongi kokatuta daude sailkapen nagusian: Dan Martin, nahiz eta atzo 13. egin, bosgarren dago; eta Philippe Gilbert seigarren, nahiz eta valoniarrak agian ezingo dion faboritoen erritmoari eutsi larunbateko etapa nagusian.

Izan ere, eta gaurko bosgarren etapa nahiko laua dela kontuan izanda (200 kilometro Quincie-en-Beaujolais eta Bourg-de-Peage artean), parte-hartzaile guztiak ostiralekoari eta larunbatekoari begira daude jada. Biharko azken 50 kilometroetan bi aldiz igoko dute lehen mailako Col de Bourigaille mendatea, eta helmuga ere kilometro pasako aldapa gogorrean dago. Eta larunbateko amaiera beldurgarria da, Lehen mailako beste bi mendaterekin: Col Saint-Martin aurrena eta helmuga Col de Couillolen.

Sergio Henao, Dan Martin, Ilnur Zakarin, Alberto Contador edota Simon Yates igotzaileek badute non erasoa jo.