2017 MAR. 10 IKUSMIRA Adierazpen askatasuna inboluzio mediatikoan Aitor Agirrezabal Kazetaria Ez dut gogoan noiz izan zen “adierazpen askatasuna” delako kontzeptua entzun edo irakurri nuen lehen aldia. Aspaldi. Dudarik ez. Urteak aurrera joan ahala kontzeptua barneratzen hasia nintzela pentsatu nuen. Egunkari, aldizkari eta argitalpen desberdinen itxiera nerabezaroko musikarekin nahastu zen. S.A.ren ‘Piedra contra Tijera’ edo Boikoten ‘Stop Criminalización’ saltoka zebiltzan nire buruan. Urte ugari pasatu dira eta adierazpen askatasuna garai hartan baino murritzagoa da. Azken hilabete hauetan ez dago aste bakar bat ere, zeinean adierazpen askatasuna kolokan jartzen duen gairen bat jorratzen ez dugun. Eta horrek arrazoi garbi bat du. Oraindik ere boterean daudenek betiko martxan jarraitzen dute, bai, baina herritarrak ere zentsore bilakatu gara. Twitterren atxilotu egiten gaituzte eta guk autobus bat salatzen dugu. Bi adibide besterik ez dira. Haiek eta gu. Guztiak guraizeak eskuan hartuta, zer esan daitekeen eta zer ezin den esan ezarri nahian. Gizartea «munduko hiritar», «tolerantzia» eta halako hitzekin elikatu da. Telebistari egozten diogun sentsibilitaterik eza hipersentsibilizazio batekin nahastu dugu. Eta gustuko ez duguna ez da herritar zintzoa. Ez du lekurik. Dena hedabideetan edo sare sozialetan eskura dugun garai honetan, gure iritzia adierazteko aukerek inoiz baino anitz eta handiagoak izan beharko luketenean, medio hauexek dira zer den zuzena eta zer ez erabakitzen dutenak. Eta gu salatzen gaituztelako, haiek salatzea eskatzen dugu. Atzera goaz, aurrera ez bagoaz. Inboluzioa. Gurea eta eskubideena.