2017 MAR. 13 sokatira Gaztedik eraman ditu nesken eta mutilen mailako txapelak J.L. Gaztedik eraman zituen herenegun arratsaldean jokatu ziren gizonezkoen 560ko eta emakumezkoen 375eko txapelak. Gorritxoak etxean aritu ziren, eta ez zuten hutsik egin. Nesketan bi jardunaldi irabazita zetorren Gaztedi, eta garaipena ia poltsikoan zeukan. Ez zuen aukera hori alferrik galdu. Azkeneko jardunaldi honetan ere argi eta garbi utzi zuen zein zen onena, eta saioko tiraldi guztiak irabaziz txapela segurtatuta utzi zuen. Bigarren posturako lehia polita izan zuten Txantreak eta Ibarrak. Gaztedirekin galdu, eta euren artean berdindu egin zuten. Berriozar eta Goiherri mendean hartu zituzten. Ondorioz, hiru jardunaldien ostean argi eta garbi geratu da Gaztedi nagusi dela. 560 kilokoan jardunaldi bakarra jokatu da, eta ondorioz zuzenean izan zen finala, eta hor Gaztedik lortu zuen txapela. Beti Gazterekin berdindu eta gainerako talde guztiak menderatu zituen. Sokarrik eraman zuen bigarren postua. Txapeldunekin galdu, baina gainerakoei irabazi egin zien. Hirugarren amaitu zuen Beti Gaztek. Lesakakoek txapeldunekin berdindu egin zuten, Sokarrirekin galdu, eta gainerakoei irabazi egin zieten. Laugarren postua izan zen Muruetarentzat, Berriozarri eta Txantreari irabazi eta gainerakoekin galduta. Bosgarren sailkatu zen Berriozar, Txantreari bakarrik irabazita, eta azken hauek itxi zuten sailkapena, jokatutako tiraldi guztiak galduta. Aurtengo Txapelketa amaitzeko, mistoen lehiaketa bakarrik geratzen da, eta hori datorren larunbatean Bakion jokatuko da 600 kiloko mailan. Berriozar, Bizindar, Ibarra, Gaztedi A, Gaztedi B eta Murueta lehiatuko dira.