2017 MAR. 14 Berezkoak Waltarik eta Gixandutek aise irabazi dute aurreikuspenak erabat betez Jon LEUNDA Waltarik eta Gixandutek irabazi egin zuten atzo Donibane Garazin 40 eta 26 Etxegarairen eta Lazkanoren aurka, Berezkoen Binakako bigarren jardunaldiko azkeneko partida. Ez zen aparteko emoziorik egon neurketak iraun zituen 65 minutuetan, nahiz eta galtzaileak 0-1 aitzinetik jarri ziren. Hortik aurrera, ordea, faboritoek ez zieten inongo aukerarik eman. Oso azkar egin zuten zuloa Waltarik eta Gixandutek, 15-7 eta 21-17 aurretik jarriz, eta tarte horretan garbi ikusi zen bikoteen artean nolako aldea zegoen. Atzean Gixandut gaztea nagusi zen, Lazkano mendean hartuz, eta aurrean Waltarik ez zuen barkatzen, tantoa fite finituz. Kubakoak ez dauka lehengo kolpe bortitz hura, baina oraindik kalitate handia dauka, eta asko jokatu behar da berari irabazteko. Irabazleek lortu zuten alderik handienetakoa 35-20koa izan zen. Hor, lehen norbaitek zalantzarik baldin bazeukan, hor argi eta garbi geratu zen dena erabakita zegoela, eta galtzaileek zenbat tanto egingo zituzten jakitea bakarrik falta zen. Amaieran 26an geratu ziren Etxegarai eta Lazkano. Saketik 6 kintze lortu zituen Waltarik, eta hiru gutxiago Etxegaraik. Jokoan irabazleek 21 kintze lortu zituzten, eta galdu, berriz, 10. Etxegaraik eta Lazkanok jokoan 13 kintze egin zituzten, eta galdu, berriz, 11. Markagailuaren mugimendua honako hau izan zen: 0-1, 1-1, 10-3, 15-7, 21-17. 27-19, 35-20, 36-25 eta 40-26. Bi jardunaldi jokatuta, Larralde eta Bilbao, Waltari eta Gixandut eta Ospital eta Ducassou daude sailkapeneko lehen postuan, hirurak bina partida irabazita. Beste hiru bikoteek galdu egin dituzte jokatutako bi neurketak.