GARA Euskal Herriko egunkaria

Ertzaintzak ikasle bat atxiki eta materiala eraman du Gasteizko EHUko campusetik


Ertzaintza Gasteizko campusean sartu zen atzo goizean. Ertzainek ikasle bat identifikatu zuten denbora batez atxikita eduki ostean eta Ikasle Gelako materiala eraman zuten. Ikasle Mugimenduak azaldu zuenez, Ertzaintzak hainbat material eraman du, tartean, ordenagailuak, koadernoak, agendak, margoak eta abar. Letren Fakultatean izandako ekintza batekin lotuta dago Ertzaintzaren presentzia. Dirudienez, ikasle batzuk ate bateko leihoa puskatzen saiatu dira eta kamera bat hautsi dute.

Martxoaren 23an ikasleak grebara deitu ditu Ikasle Mugimenduak eta grebari begira kokatzen dituzte azken egunetako ekintzak. «Aterako gara kalera pairatzen dugun hezkuntza eredu honi hortzak erakustera eta herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza eredu baten eraikuntzan gure konpromisoa berrestera».

EHUren erantzuna

EHUk deitu zion Ertzaintzari, «hamar kaputxadun» sartu ostean. «EHUko Errektoregoak berriz ere gaitzesten ditu ekintza hauek, elkarbizitza eta eguneroko lana asaldatzen baitituzte, eta bere elkartasuna adierazten die izutuak izan diren langile eta ikasleei», esan zuen unibertsitateak ohar batean, eta elkarretaratzera deitu du: 12.00etan, Letren Fakultatean.

Bestetik, Gasteizko Legebiltzarrak adierazpen instituzional bat adostu zuen azken egunetan izandako erasoak gaitzesteko. «Indarkeria erabiltzeak zilegitasuna kentzen dio edozein aldarrikapeni. Elkarrizketa eta hitza dira bizikidetza baketsu eta demokratikorako oinarria. Eta unibertsitatea ideia guztientzako lekua daukan erakundea da».