2017 MAR. 20 KIROL ESKALADA Margo Hayesek«La Rambla»-rekin historia idatzi berri du Joan den otsailaren 26an, 19 urteko eskalatzaile estatubatuarrak Siuranan (Katalunia) dagoen 9a+ zailtasuneko bide hori kateatu zuen. Beraz, gradu hori egiten munduko lehen emakumezkoa da. «La Rambla»-ren hamaseigarren igoera izan da. Azken eguneraketa: 2017 MAR. 20 - 07:47h Andoni ARABAOLAZA "La Rambla" bidea (Siurana) kateatuta, Margo Hayesek historia egin du emakumezkoen kirol eskaladan; izan ere, joan den otsailaren 26an lehen 9a+ sinatu zuen. Hori egiten, beraz, lehen neska izan da. Lorpen hori Ashima Shiraishi edo Laura Rogorak egingo zutela espero zen, agian, baina, ez, ezustean ala ez, 19 urteko estatubatuarrak izan du ohore hori. Era horretara, gainera, Josune Bereziarturen lekukoa hartu berri du. Horrekin esan nahi dugu Haysek gipuzkoarraren legatua hartu duela. Inolako zalantzarik gabe azpimarra dezakegu Bereziarturi «botere» hori kentzea asko kostatu dela. Bai, euskal eskalatzailea kirol eskaladaren muturreko zailtasunaren jabe izan da; hain zuzen ere, azken bi hamarkadetan: 1997. urtetik 2017ra artean. Harrigarria, ezta? Ez gara batere luzatuko Bereziartuk eginiko markekin, muturreko graduaren historian hainbat pasarte idatzi dituelako. Hiru mugarri aipatuko ditugu soilik; hirurak ala hirurak munduan emakumezko batek lehen aldiz erdietsitakoak. 1998. urtean hasi zen, Araotzen “Honky Tonky” (8c) patrikara sartu zuenean. Bi urte beranduago, leku berean, “Honky Mix” egin zuen. 2002. urtean, berriz, bederatzigarren gradura egin zuen salto, ”Baing du sang”-ekin (9a, Saint Loup). Eta eskola beretik irten gabe, hiru urte geroago, “Bimbaluna” (9a/+) kateatu zuen. Irakurtzen den bezala, 8c gradutik 9a/+ zailtasunera lehen lerroan egon den munduko lehen emakumea izan da. Uste dugu hori guztia gogoratzea merezi duela, batez ere beste behin ohar gaitezen etxean zer izan dugun. Bai, Bereziartuk utzitako arrastoa gainditzea zaila izan da oso. Liv Sanzoz eta Charlotte Durif hurbiltzen hasi ziren 8c+ eta 9a egin eta gero. Iaz, berriz, Shiraishi gipuzkoarrak lortutako mugara iritsi zen Santa Linyan “Ciudad de Dios” (9a/+) sinatu ondoren. Baina, bat-batean, Hayes bere “ezustekoarekin” agertu da. Ikasketa kontuak direla eta, 19 urteko gazte hau egun Frantzian bizi da. Eta lehen lerroan dauden nazioarteko espezialista askok bezala, protagonista honek ez du aukerarik galdu nahi izan egundoko goraldia duten Kataluniako eskalada eskolak bisitatu eta horietako batean, Siuranan, jo eta su jarduteko. Aipatu dugun bezala, helburua ”La Rambla” izan da. Besteak beste, Matty Hong kidearekin (bide bera egun bat lehenago kateatu zuen) batera saioak egiten izan da. Eta, oraindik lorpen honi buruzko xehetasunik ez badago ere, Hayes “La Rambla”-n ikusi dutenek onartu dute oso progresio azkarra izan duela. Hala behar du izan, besteak beste, Siuranan hamar egun soilik igaro baititu. Horretaz gain, jakin dugu 45 metro luze den bide horren estiloarekin ez duela inolako arazorik izan: «Siuranan lehen aldia nuen. Riflen, adibidez, makina bat bide gogor eskalatu ditut. Eta onartzen dut Rifle eta Siuranako estiloak ezberdinak direla. Alabaina, ‘La Rambla’-n egokitzeko ez dut arazorik izan. Arroka eta estilo ezberdinetan eskalatzen ohituta nago, eta uste dut horrek lagundu nauela. ‘La Rambla’ oso bertikala eta zailtasunean oso jarraikia da, baina helduleku onak ditu». Siuranako marra hori Alex Huber alemanak ekipatu zuen 1994. urtean, eta lehen igoera (bederatzi urte geroago) Ramon Julian katalanak lortu zuen. Ondoren, makina bat igoera izan dira; azkena, hamaseigarrena Hayesena. Beraz, “La Rambla” 9a+ zailtasuneko igoera gehien duen bidea da. Haysek azken bi urteotan izen handia hartu du; batez ere, bere herrialdean, Ameriketako Estatu Batuetan. Arrokan ez ezik, lehiaketetan ere goi maila dauka. Txinan iaz jokatu ziren Munduko Txapelketetan estatubatuarra 20 urtez azpiko mailan lehiatu zen, eta bai zailtasunean bai blokean irabazi zuen. Iazko urtea biribila izan zuen, arrokan, adibidez, “Bad girls club” (9a, Rifle) kateatu baitzuen. Lorpen horiengatik guztiengatik “Climbing” aldizkariak Golden Piton Award saria eman zion. Rogora eta Kiersch ere oso sasoiko azaldu dira Margo Hayesek “La Rambla” igotzen zuen bitartean, nazioarteko beste neska batzuek ere beren sasoi ona erakutsi nahi izan dute. Horien artean dira, besteak beste, Barbara Zangerl eta Hazel Findlay. Biek ala biek 8c+ bana igo dituzte. Lehenak “Chikane” lortu du Siuranan, eta bigarrenak, “Mind control” Olianan. Baina guk beste bi protagonista aipatu nahi ditugu. Lehena orriotan behin baino gehiagotan agertu da. Laura Rogora da. Bada, 15 urteko italiar horrek ere Katalunia bisitatu du. Kasu honetan, ordea, italiarrak Olianan jardun du. “Joe Blau” (8c+) kateatu eta gutxira, Rogorak bere bigarren 9a zailtasuneko bidea egin berri du. “Joe-Cita” da; bere lehen 9a “Grandi gesti” (Sperlonga) izan zen. Nerabeak onartu duenez, Olianarekin maiteminduta dago: «Kataluniako eskalada eskola ezberdinetara egin dudan bigarren bidaia izan da. Iaz Margalefen, Santa Linyan eta Montsanten eskalatu nuen. Urte honetako hastapenetan, berriz, Oliana ezagutu nuen, eta Lleidako horma horretan jo eta su jardun dut». Gogor eta oso eraginkor; izan ere, egun gutxiren buruan, marra klasiko batzuk kateatu zituen: “Fish eye” (8c), “T1-Full equip” (8c) eta arestian aipatu dugun “Joe Blau” (8c+). Baina italiarrak Olianako zailtasunean beste urrats bat egin nahi zuen, eta horretarako “Joe-Cita” aukeratu zuen. Eta nahiko azkar sinatu ere. Era horretara, Rogora da Olianako bideetan gradu gehien erdietsi duen emakumea. Aipatu behar dugu, halaber, gaztearen bigarren 9a hori oso sendoa dela; izan ere, Adam Ondrak, Sachi Ammak eta enparauek “Joe-Cita”-ren gradua baieztatu dute. Bigarren protagonista, berriz, Michaela Kiersch da. 22 urteko estatubatuar honek ez du bederatzigarren esferan ezer sinatu, baina aipatzeko modukoa da zortzi eguneko epean gai izan dela 8c+ zailtasuneko hiru bide igotzeko. Hirurak ala hirurak, gainera, sona handia duen Red River Gorgen (Amerikako Estatu Batuak). Aipatu behar dugu 8c+ gradura iazko udaberrian sartu zela; hain zuzen ere, eskalada eskola berean “Pure imagination” eskalatu ondoren. Baina orain dela gutxi sinatutako hiru 8c+ horiek Kierschi beste plus bat eman diote. Lehena “24 karats” izan zen. Ondoren, soilik bi eguneko tartean, “Southern smoke” eta “Fifty words for pump” bere patrikara gehitu zituen. Lehen marra, “24 karats”, otsailaren 26an igo zuen: «Lehen eguneko saioetan ia soka katetik pasatzea lortu nuen. Baina arantza horrekin geratu nintzen. Aitortu behar dut egoera berezia bizi izan nuela; izan ere, bai behean, baita goian ere, erorikoak izan nituen. Lasaitu eta kide baten aholkuak jaso ondoren, katera iritsi nintzen». Astebeteko atsedena hartu eta berriro eskalada eremu horretara itzuli zen. Asteburua zen. Larunbatean “Southern smoke” egin zuen. Biharamunean, berriz, “Fifty words of pump” soilik lau ekinalditan. Hiru 8c+ horiek sinatu ondoren, estatubatuarrak onartu du lorpen hirukoitz horrek ezustean harrapatu duela: «Galdetu didate progresio hori nola egin dudan. Eta zintzoa izango naiz: ez dakit. Aitortu behar dut sasoiko nengoela, eta aurretik lasai eta inolako presiorik gabe jardun dudala. Ez dago sekreturik». MARGO HAYES Joan den otsailaren 26an, 19 urteko estatubatuarrak Siuranako «La Rambla» bidea (9a+) kateatu zuen. HISTORIA 9a+ graduko marra bat egin duen munduko lehen emakumezkoa da Hayes. «La Rambla»-ren hamaseigarren igoera sinatu du. KOSTA EGIN DA 2005. urtean, «Bimbaluna»-rekin, Josune Bereziartu 9a/+ gradura heldu zen, eta gipuzkoarrak jarritako mailara Ashima Shiraishi soilik heldu zen iaz.