GARA Euskal Herriko egunkaria

Udaberri berria


Lurra deitzen dioten planeta honetan, gaur hasten omen da udalehena, eta aldiz, hego hemisferioan, larrazken sasoian sartzen dira. Aurrerantzean, egunak luzatzen dira, argi-ordu gehiago dago, eguzkiaren presentzia handitzen da, tontorretako elurra urtu, zelaiak berdez jantzi eta bazterrak lore kolorez estaltzen dira. Dena da polit, dena da sotil. Zenbat margo, zenbat argi, arnas, ur eta bizi. Baina itsasoan, urak hotz jarraitzen du eta kalma zurien aroa dator, itsaski ahulen eta haize petralek narrastutako olatu kaskarren garaia.

«Zein polita den mendia, txorien abestia, udaberrian» kantarazten ziguten Saseta eta Txikiaren izenak irakatsi behar omen zizkiguten ikastolako irakasleek. Teo hondartzara zihoan, eta kaskagorriarekin batera, baita gu ere. Iluntasuna eskatzen zuten gaiztakeriak egun argiz egin zitezkeenengatik ordezkatu eta udari begira planak egiten hasten ginen.

Garrantzitsua da iraganera bidaiatzea, jendartea bai baina gizakiak eta natura ez direla aldatzen ikusteko. Udaberriak udaberri izaten jarraitzen du, itsasoak lehorrekoa baino erritmo makalagoa hartzen duela dirudi, gizakiok naturak ezarritako norabidearen kontrako zentzuan goaz, surflari gehienek olaturik ez dagoenean surf egin nahi izaten dute, udari begira planak egiten segitzen dugu eta urte sasoiak gugan baino, guk geuk beragan eragin dezakegula sinesten dugu.

Gizartea bai, aldatu da, okerrera, eskaskeria gailendu da, orain ahulak dira nagusi. Igerilekuan salto egiten ausartzen ez zirenak, inoiz lagunekin borrokarik egiten ez zutenak, bihurrikerien egileak salatzen zituztenak, giza instintuen kontra eta koldarkeriak zikiratuta, ezer egiteko ausardiarik ez eta besteei egiten ere uzten ez zietenak. Horiek dira egun goi karguetan daudenak, ikastetxeetan, bankuan, ustezko elkarteetan eta abarrean. Filosofo austriar batek zioen moduan, indartsua neutralizatzeko morala asmatu zenetik, ahulak dira agintzen dutenak, eta gizarte hau horren isla baino ez da.

Surfean, ordea, horrek guztiak ez du balio. Itsasoari bost axola zaio olatu gainean doan surflariak gizartean zein kargu duen. Itsasoaren ikuspegitik, gure egitura etiko-moralek ez dute baliorik. Akabatu behar bagaitu, trabarik gabe desagerraraziko gaitu. Itsasoari ezin zaio kereila bat jarri, nahiz eta zenbaitek hala nahiko luketen. Horregatik maite dut itsasoa, indarrean den logika ororekin hausten duelako, eta han, epaile edo epaitu, guztiok kaka-mokordo bera garelako.

Datozen asteetan, neguan ezkutuan egon diren espezie berriak agertuko dira urautsian, haietako asko aipatu profileko lagunak, mendean ez duten ezertaz fidatzen ez diren hiritar eredugarriak. Surflari gisa balio bakarra lehorrean dute. Haien neurrira hezi eta hazitako gizartean bai, «zerbait» izan daitezke, baina itsasoan eta itsasotik lehorrerako begiradan, ez dira deus. Naturaren eremuan, «indartsuenak» balio du, eta hori olatu gainean aritzeko moduan ere igartzen da. Beraz, gizartea aldatu da, aldatu dute, aldatu gara, aldatzen utzi dugu, eta jada landare batzuk gehiago loratzen ez diren arren, udaberriak, oraindik, udaberri izaten jarraitzen du, eta itsasoan itsasoak agintzen du.