GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Higiezinen mugimendua


Felipe Gonzalezek, Europako historian estatu terrorismoa publikoki erreibindikatu duen presidente ohi bakarrak, liburu bat argitaratu berri du, beste egile batzuekin batera. Edukiari dagokionez, jagi lasterrean, sozialdemokrazia Popperren gizarte irekiaren diskurtsoaren bidez berpizteko desio desesperatua baino ez. Izenburua, ostera, gustatu zait: “Nork agintzen du hemen?”.

Galdera horren erantzuna Joxe Elorrietaren “Errekan gorako begirada sindikala” entseguan aurkitu dut. (Interesa duenarentzat, aski da 38. erreka-orritik 53. rako igerialdia egitea Gonzalezen galderari erantzuteko). Asko laburbilduz, Rober Barons edo Jauntxo Lapurrak dei geniezaieke benetan agintzen dutenei, panfletismoan erortzeko arrisku barik. Dokumentazio ugari dago izendapen hori sostengatzeko.

Hala ere, zaila da agintzen duenari aurpegia ipintzea erantzukizun difuminatuaren gizarte honetan. Baina txotxongiloek errepresentatzen dituzten interesak identifikatuz gero, agian, siluetak ager litezke.

Esaterako, bada azkenaldian nire «bihozgaberik maiteena» titulua irabazi duen kinto bat. Jared Kushner du izena eta Trumpen aholkulari nagusietakoa da, bere suhia izateaz gain. Kushnertarrak, Holokaustoko biktimen ondorengo etorkin juduak, higiezinen esparruan aberastu ziren, trumptarren moduan. Porlanetik botere politikora heldutako agintariak, eta harresi handiak: AEBen eta Israelen arteko zubi berria.

Higiezinen sektoreko aberatsek, 2008ko krisia eragin eta aberastasuna paradisu fiskaletan ezkutatu zutenek, botere politikoa abordatzea erabaki dute, antza.

Nire galdera da, eta Euskal Herrian? Nortzuk dira 2008ra arte hainbeste aberastu ziren horiek? Zeintzuk plan dituzte etorkizunerako? Ze elkarlan-menpekotasun maila dute horiekiko mendebalerako aurrekontuak sinatu berri dituzten alderdiek?

Jakin-min hutsa.