2017 MAR. 24 GAURKOA Euskararen bizi puskak Patxi Saez Beloki Soziolinguista Gaur egun, euskarak dituen hiztun gehienen pentsamendua eta unibertso sinbolikoa erdaratik eraikita dago. Euskarak dituen hiztunetatik %80 berbadun berriak dira, erdara dute etxeko hizkuntza eta, nagusiki, erdararen zimentarrian egina dute lehen sozializazioa. Erdal zoruaren gainean eraiki dute beraien euskalduntasuna. Hortik arrisku handia datorkigu, izan ere, erdal ikusmoldetik eta balioetatik ezin daiteke euskararen etxerik eraiki. Hortik konpondu beharreko itogin handiak ditugu berritu nahi dugun aitaren etxearen teilapean. Gizakia animalia sinbolikoa dela esan zuen Polonian jaiotako Ernst Cassirer filosofoak. Gizakiaren izaeraren muinean dagoen ezaugarria da sinboloak sortzea. Bizi duen mundua ulertzeko, gizakiak zentzumenetatik jasotako inpresioak hezurmamitu egiten ditu, gorpuztu egiten ditu, espresio bihurtzen ditu, eta, horretarako, zentzu eta esanahi propioa ematen die. Hain zuzen ere, gizakiak sortutako zentzu eta esanahi horiek osatzen dute kultura eta, azken batean, errealitatearen azalpen sinbolikoak dira, inolako oinarri enpiriko edo zientifikorik gabeak. Euskararen hiztun-herriak bere unibertso sinbolikoa du, euskaratik sortua, euskaratik hausnartua. Erdal herriek ere beren unibertso sinbolikoak dituzte, erdaretatik sortuak, erdaretatik pentsatuak. Jar dezagun kukuaren adibidea: Kukua udaberriaren sinbolo da euskararen herrian. Antzinako euskaldunentzat kukuaren etorrerak lur-soroak neguko lozorrotik esnatu zirela adierazten zuen, negu gorria garaitu zutela eta uda etorri zela. Izan ere, antzinako euskaldunen egutegiak bi urtaro besterik ez zituen, uda eta negua. Afrikako hegoaldetik guregana etortzeko 9.000 kilometro gauez eta bakarrik egiten dituen txoria udaberriaren iragarle dugu, etengabe sorberritzen den bizitzaren sinbolo. Gure aurrekoen ustez, Ama Birjina Martxoko egunetik (martxoaren 25etik) hasi eta hamabost eguneko tartean kukuak ez jotzea, gaitz handi eta beldurgarria zen, natura zoratzearen seinale, ez baitzetorren udaberririk. Baina munduaren akaberatik ihes egiteko modurik bazegoen: herriaren usteak zioenez, Andra Mari Martxoko egunetik hasi eta ondorengo hamabost egunetan kukua ageri ez bazen, bederatzi idi pareri gurdia lotu eta bere bila joan behar omen zen Erromako zubira. Nekazarientzat udaberria da urtean lanik handiena izan ohi den sasoia, soroak prestatu eta ereitekoa. Nekazariak izenetik ezagun du izana: nekatzaileak neka-neka eginda ateratzen du bizimodua. Kukua, berriz, kolpe zorririk jo gabe bizi da. Ez egitearren, habiarik ere ez du egiten. Nekazariak seme-alabak aurrera ateratzeko lana beltz egin behar duen bitartean, kukuak ardurarik txikiena ere ez du hartzen bere kumeak zaintzeko: ezkutuka, beste txori batzuen habietan arrautza bana errun, eta kukukumeak hazteko ardura auzokoari kateatzen dio. Kukuaren ardura bakarra eguzkitan gozo-gozo jarri eta kuku han eta kuku hemen kantatzea izaten da. Bi hankakoen munduan horrelako bizimodua aberatsei bakarrik ezagutzen zaie. Eta, hortik edo, horrela dio herriaren usteak: udaberriko lehen kukuak sakela «bero» duzula harrapatzen bazaitu, ondo joko dizu, eta urte osoan ez duzu diru estutasunik izango. Beraz, kukua atarramentu edo zori hobearen sinbolo ere badugu euskaldunen artean. Gure hizkuntza ere kukuaren jokabide eta ibileren ispilu da. Kukua beti ezkutuka ibiltzen da. Sekula ez da gizakiaren aurrera azaltzen. Gainera, bere inguruan norbait sumatzen badu, mututu eta ezkutatu egiten da: kukutu. Horra hor txoriaren jokamoldeari uztartutako aditz eder askoa gure euskarak erditua. Beste alde batetik, norbait, honi zirika eta hari zirika ari denean, zera esan ohi zaio: «hari kuku eta honi kuku dabil». Izan ere, kukuaren kantuak badu burla kutsu hori: berariaz kukua noiz entzungo zabiltzanean, orduan mututu egingo zaizu; baina patrikan txanponik gabe zaudenean, orduan joko dizu kuku eta kuku. Habiatik habiara arrautza bakarra errutearen jokabidetik ere bada beste esaera bat: «horiek kukuarena egin dute». Alegia, seme-alaba bakarra ekarri duen bikotearengatik esan ohi da. Ildo beretik, emandako hitzak paperak adina balio zuen garaian, euskaldunen arteko kontratuak ere kukutik kukura egiten ziren. Azkenik, kukuaren etorrerak udaberriaren hasiera iragartzen duen bezalaxe, gure artean egiten duen egonaldiaren amaierak udaberriaren azkentzea dakarrela dioten esaerak ere baditugu: «Sanjoanetan kuku eta sanpedrotan mutu», «Erramuetan kuku, sanpedrotan mutu», «Ama Birjina martxokoan kuku, sanpedrotan mutu». Aho-idatzizko literaturan ere kukuak arrasto sakona utzi du gure euskaran. Lazkao Txikiren bertsoak eta Bizkaiko Mañariko Evaristo Bustintza Kirikiño idazlearen “Abarrak” liburuko “Kukua entzuten” narrazio ezaguna dira horren adierazgarri. Hizkuntza, belaunez belauneko katean, hiztunen bizipen, pentsamendu, ohitura, tradizio, sinbolo eta, azken batean, kultura oso baten gordailu da. Hori guztia dago hizkuntzaren baitan. Hizkuntza komunitate bereko kideek, elkarrekin mintzo direnean, ikuspegi eta erreferentzia kulturalak konpartitzen dituzte. Hori gabe, hizkuntza tresna hutsa da, komunikaziorako tresna mekaniko hutsa, arimarik gabea, nortasunik gabea. Ez dezagun gure euskara esperantoaren kinka berean jar. Esperanto hizkuntzak bi ditu ajerik handienak: bigarren hizkuntza izateko sortua izatea, batetik, eta, bestetik, gizakien arteko komunikazio eta elkar ulertze mekaniko hutserako sortua izatea. Munduko 120 herrialdetan sakabanatuta dauden bi milioi esperantistek elkar ulertzeko daukaten mugarik handiena horixe da: nor bakoitzaren erreferentzia kulturalak etengabe argitu beharrean ibiltzen direla elkarren arteko ulermena ahalbidetzeko. Hizkuntza, gurean euskara, lapiko handi bat dugu, atzoko eta gaurko hiztunak elikatzen dituen lapikoa. Elikagaia, berriz, gizaldiz gizaldi, berezko hiztun izandakoetatik jasotako bizi puskak ditu: hizkuntzaren borborrean egositako kultura oso bat. Hiztun berriak ere lapiko horretatik elikatuko bagenitu, beste kuku batek joko liguke, euskara bere barne muinetik sorberritzeko, erabileraren betiereko udaberrian.