2017 MAR. 27 ANTZERKIA Ahala eta nahia Jaime VALVERDE Loraldia jaialdiaren eskutik, lau zuzendarik pieza labur bana aurkeztu dute strip-tease ideiaren inguruan. Jokin Oregik aktoreen lan prekaritatea jarri du taula gainean. Strip-tease baten dantzaria aukeratzeko proba aitzakia hartuta, castingetan izaten den botere erlazioaz mintzo zaigu, pertsonaian zein testu landuetan bermatuz. Garbi Losadak strip-tease historiko bat ekarri du teatrora; ustez “ezagutzen den lehenengo biluzte erreibindikatiboa”. Bi kontalari komikoren, trikiti baten eta abeslari baten laguntzaz, Erdi Aroko Lady Godivaren kondaira eszenaratu dute. Ipuin usaina izan du, halaber, Fernando Bernuesen obratxoak, argazki zahar batean aurpegirik gabe agertzen zen emakume biluzi baten misterioa argitzen duena, publikoarentzat sorpresa bat gordeaz, Sara Cozarren xarma tarteko. Eta aipatuei baliorik kendu gabe, esan beharra dut bereziki liluratu nauela Mireia Gabilondoren zatiak; edo hobeto esanda, Telmo Irureta aktorearen antzezpen ikaragarriak. Ideia, berez, jeniala da: ezagutzen ez dutenentzat, Irureta garun-paralisiak joa da eta bere gurpildun aulkian igotzen da taulara; bada, berari egotzi zaio strip-teasea egiteko ardura. Erronka miresgarri horretatik abiatuta ikuskizun txundigarri bat ikusi dugu, harridura, algara eta beroalditik igarota. Mugitzeko ezintasuna eszenako amu bihurtuta, Iruretak bere egoeraz egin du barre eta batez ere gure erruki paternalistaz. Normaltasunari oldartzen zaion gorputz hori urteetan ikusi dudan artefaktu teatral indartsuena bihurtu du beste hiru aktoreren laguntzaz, ezkutatu edo isildu behar ei direnak aldarrikatuz. Pasadizo intimoak eta esperientzia sexualak partekatuz; elbarri, homosexual eta desiradun bezala agertuz, Iruretaren testigantza performatiboak eskemak birrindu eta indar politiko ikaragarria eskuratu du, gaitasun bereziak eta genero-disidentzia poetikoki aldarrikatzeko. Hori guztia, ez dezagun ahatz, aparteko aktore baten lanean bermatuta.