2017 MAR. 27 Eskalada Tri Cime de Lavaredoko zeharkaldiosoa lehen aldiz egin dute neguan Protagonistak Michi Wohlleben alemana eta Simon Gietl tiroldarra izan dira. Hilaren 17an egin zuten,eta Lavaredoko bost erpinak sinatu ahal izatekobederatzi ordu pasatxo behar izan zituzten. Adierazidute baldintza oso zorrotzak izan zituztela. Andoni ARABAOLAZA Askok diote Tri Cime di Lavaredo (batez ere bere ipar hormak) Dolomitetako eskalada eremu adierazgarriena dela. Bederen, argi dagoena da pareta hauetan eskaladako pasarte ugari idatzi badira ere, gero eta eskalatzaile gehiago erakartzen dituela goi mailako jarduerak sina ditzaten. Eta horma horietatik igarotzen direnak ez dira soilik italiarrak, mundu zabaleko lehen lerroko makina bat espezialista ere bertaratzen dira. Ez gara hasiko zerrenda luze horren adibideak jartzen, lerroon protagonismoa sokada batek irabazi duelako. Neguko hilabete hauetan aipatu dizuegu Tri Cime di Lavaredon mugimendu handia eta kalitatezkoa izan dela. Bada, neguak ateak itxi ditu, baina urtaro hori amaitu aurretik Michi Wohlleben-ek eta Simon Gietl-ek beren azken ekarpena egin dute. Hilaren 17an izan zen, alemanak eta hegotiroldarrak Tre Cime di Lavaredoko zeharkaldi osoa eta neguan lehen aldiz egin zuten. Zeharkaldi osoa edo integrala diogu, orain arte eszenatoki horretako hiru erpin nagusiak lotu direlako. Beraz, sokada horrek bost gailur hauek egin ditu: Cima Ovest, Cima Grande, Cima Piccola, Punta Frida eta Cima Piccolisima. Eta jarduera hori guztia borobildu ahal izateko soilik 9 ordu eta 15 minutu behar izan zuten. Marka ikaragarri hori ulertzeko, aurreratu behar dugu bi protagonistok Tri Cime di Lavaredoko hormak ondo baino hobeto ezagutzen dituztela; urtaro ezberdinetan, gainera. Baina neguaz ari garela, honako adibideak aipatuko dizkizuegu. 2012 urtean, Roger Schaeli suitzarrarekin batera, Gietlek Cima Ovest ("Scoiattoli" bidea), Cima Grande ("Dulfer") eta Cima Piccola (jaitsierako bidea) lotu zituen. Martxoan izan zen, eta bibak bat behar izan zuten. Bi urte geroago, Wohllebenek sona handia duen Ueli Steck alpinistarekin soka gerrira lotu eta hiru tontor horiek neguan eta egun bateko eskaladan sinatu zituen. Hori bai, beste eskalatzaileekin alderatuta, hiru bide ezberdin igo zituzten: "Comici-Dimai" (Cima Grande), "Cassin" (Cima Ovest) eta "Innerkofler" (Cima Piccola). Eta gehiago ez luzatzeko, pasa den urtarrilean, orriotan, Vittorio Messini italiarrarekin Gietlek hiru pareta nagusi horiek sei ordu baino gutxiagoan eskalatu zituen. Beraz, irakurri duzuen bezala, Wohllebenek eta Gietlek eskarmentu handia dute egin berri duten jarduera era bikain horretan borobildu ahal izateko. Protagonistok Tri Cime di Lavaredoko neguko lehen zeharkaldi osoa egin berri dute, baina ez dugu ahaztu nahi orain dela 56 urte Claude Barbier belgikarrak gauza bera egin zuela, baina udan. Egun bateko jardunean, 1961eko abuztuaren 24an, bost erpin horiek lotu zituen bost bide eskalatu ondoren. Eta harrigarria bada ere, soilik hamahiru orduko jarduna (eskaladarako 8 ordu eta 38 minutu) behar izan zuen. Harrigarria, bai, duela 56 urte Barbierrek egin zuena. Bederatzi ordu Wohllebeni eta Gietli dagokienez, aipatu behar neguko zeharkaldi horretako lehen urratsa hilaren 17an egin zutela, goizaldean; hain zuzen, 06.45ean. Izaera horretako jardunetan ohikoa denez, Cima Ovestetik hasi ziren. "Scoiattoli" bidea igotzeko 2 ordu eta 25 minutu behar izan zuten. Bide normaletik jaitsi ondoren, Cima Grandera abiatu ziren. Helburua "Dulfer" marra zen. Tontorrera ia eguerdian iritsi ziren. Bide normaletik rappelatu, Cima Piccola ohiko marratik igo eta haren gailurrean ziren eguerdiko 13.20an. Ikusten den bezala, sokada horren erritmoa oso bizia izan zen. Denbora galdu gabe "Innerkofler"-etik jaitsi eta Punta Frida mendebal zutoinetik eskalatu zuten. Ekialdeko zutoinetik rappelatu, eta Wohllebeni eta Gietli azken erpina geratzen zitzaien: Cima Piccolissima. Erpin hori igo ondoren, gailurra arratsaldeko ia lauretan zapaldu zuten. Jaitsiera "Preuss" ertzetik egin zuten. Guztira: 9 ordu eta 15 minutuko neguko jarduna. Tri Cime Di Lavaredoko neguko lehen zeharkaldi hau sinatu bezain laster, Gietlek adierazi du alpinismo ezberdin bat egin dutela: «Orain dela hilabete batzuk hiru erpin nagusiak ia sei orduan eskalatu eta lotu nituen. Ipar hormak direnez, paretaren edo bideen egoerak dena baldintzatzen du. Aurrekoarekin alderatuta, egin berri dugun azken hau oso ezberdina izan da. Luzea eta ederra izateaz gain, aurreratu behar dut zeharkaldi hau egin aurretik elurrik egin gabe hamar egun generamatzala. Uste dut baldintza zorrotzagoak izan direla, negu-negukoak, eta batez ere hori guztia jaitsieretan nabaritu genuen». Fabian Buhl «Ganesha» bidea (8C, 200 m) sortu eta bakarka kateatzeko gai izan da Fabian Buhl eskalatzaile gaztea da, baina dagoeneko hormatzarretako bide zailetan eta arriskutsuetan izen handia hartu du. Bere azken erronka, emaitza bikainarekin bukatu duena, Austriako Sonnenwand de Loferer Alm izeneko paretetan erdietsi du. "Ganesha" izeneko bidea (8c, 200 m) zabaldu ondoren, hura kateatu du. Baina azpimarratu behar da bakarkako estiloan eskalatu duela. Sei luze horietan zailtasun tekniko gogorrak gainditzeaz gain, aurreratu behar dugu "Ganesha" marrak soilik lau parabolt dituela. Beraz, zailtasunari konpromisoa gehitu dio. Azken xede hau kokatu ahal izateko, lehenengo eta behin Alex Huber-en izena aipatu behar dugu derrigorrez. Batzuek diote Buhl haren ikasle aurreratua dela. Bai, ez daude batere oker. Iazko urrian orriotan aipatu genizuen Buhlek eta Huberrek Picu Urrielluko mendebal aurpegian dagoen "Sueños de invierno" bidearen era askeko lehen igoera egin zutela. Alabaina, bi eskalatzaileon arteko lotura urte batzuk lehenago hasi zen. 2012. urtean, aipatu ditugun Austriako hormatzar horietan, Huberrek "Nirwana" bideari puntu gorria jarri zion; hori bai, bakarka. Zazpi luze guztira eta 8c+ zailtasuna. Marraren hornidurari dagokionez, soilik 17 parabolt ditu. Garai horietan Buhlek oraindik ez zuen hormatzarren "deia" jaso. Blokean ondo baino hobeto moldatzen zen; izan ere, ordurako 8c egina zuen. Bazirudien kirol eskaladan edo blokean muturreko zailtasunean jardungo zuela, baina bat-batean hainbat luze dituzten marren aldeko apustua egin zuen. Ratikonen dagoen sona handiko "Silbergeier" (8b) egin eta gero, gazte alemanak beste urrats bat egin eta Huberren "Nirwana"-k muturreko eskarmentu batera eraman zuen. Bere kidearen marra estilo berean errepikatu nahi zuen. Eta 2014. urtean saria jaso zuen; bigarren igoera, alegia. Goi mailako jardun hori bukatu bezain laster, protagonista honek zera adierazi zuen: «Alexen aurrean txapela kentzen dut; izan ere, izaera horretako bide bat estilo perfektuan zabaldu zuen. Paretaren edertasuna erabatekoa da, eta espero dut egunen batean nik ere halako bide bat zabaltzea». Bada, gaztea, Huber "omendu" ahal izateko, "Nirwana"-ren eskuinera bere zigilua eramango zuen xedea aztertzen hasi zen. Jakina, bere kidearen estiloari muzin egin gabe. Horretarako, bakarkako teknika hobetu behar zuen, eta praktika horiek Huberren "Wetterbock" marran (8c, 10 luze, Goll, Austriako Alpeak) indarrean jarri zituen. Protagonistak berak aurreratu du "Ganesha" bidearen proiektua borobiltzea asko kosta zaiola: «‘Nirwana’ eskalatu nuenean, ohartu nintzen haren eskuinera artesi sistema bat zegoela. Eta bertan saiatuko nintzela hitza eman nuen. Hilabete batzuk bakarkako teknika lantzen jardun nuen. Batez ere, eraginkorra izan behar nuen. Soka ahalik eta azkarren ematea giltza zen; izan ere, eroriko handiak zein beldurgarriak saihestu nahi nituen». Ondoren, marra ondo garbitu, bidearen sekuentzia eta pauso gogorrenak probatu eta ekipatu egin zuen. Huberrek bezala, apenas jarri zuen paraboltik: soilik lau. Bidea prest zegoen, bakarka eskalatzeko teknika menderatu zuen, sasoiko zegoen… "Ganesha" kateatzea falta zen. Lehen saiakeran huts egin zuen. Bigarrenean, egoera bera bizi izan zuen. Baina hirugarrena behin betiko ekinaldia izango zen. Erritmo onean eskalatu zuen, eta horrek eraginkorra izatea lagundu zion. Azken luzeko pauso gogorrena (marraren giltza) aurrez aurre zuen. Alabaina, aldez aurretik probatutako dinamiko zail horrek ez zion ia eragozpenik jarri. Eta hura gaindituta, bidearen amaierara heldu zen. Era horretara "Ganesha"-k puntu gorria jaso zuen. Buhlek esan du azken proiektu horrek asko eskatu diola: «Onartu behar dut xede horretan erabat murgilduta jardun dudala. Obsesionatuta nengoen, eta neure buruari dena ematea eskatzen nion. Ohartu naiz helburu hori ez dela erronka fisiko soil bat izan. Izugarria izan da, eta uste dut sakrifizio horrek merezi izan duela».