GARA Euskal Herriko egunkaria

Errepublika bat letretan

Zangoa zepoan harrapatuta daukan otsoaren amorruarekin itxaron arren, joan den irailean publiko egin zuen eritasunak eraman egin du Hasier Etxeberria. Kultur arloan aski ezaguna, kazetaritzari eta literaturari emanak egin zituen bere ibilbideko urte gehienak.


«Ez daukat idazteko gogorik eta, okerragoa, irakurtzekorik ere ez. Nire bizitzako bi makulu handi horiek gabe, zurtz nago, aidanean». Martxoaren 1ean Twitterren idatzitako txioa da. Bloga eta literatura. Horiek zituen azkenaldian bere gotorleku, nahiz eta badiren urteak Hasier Etxeberriak (Elgoibar, 1957) letren errepublikaren alde lan egiten zuela. Sutsuki, pasioz esan daiteke.

Iazko uda agur esateko prestatzen ari zenean eman zuen kolpea mahai gainean. «Minbizia dut», esan zuen. Kartzinoma –lehenengo minbizia pasatu eta 25 urte geroago, bigarrena, eta azkena–. Eta publiko egin zituen bere eritasunaren maldan ikusi zituenak. Eta bertan, irailaren 5 hartan, aitortu zuen letrak zituela babesleku nagusi. «Nire medikuetako batek diost albistea zabaltzen ez ibiltzeko, jendeak berehala sartzen zaituela hildakoen zerrendan, baina ezagutzen nauzu honezkero irakurle, badakizu neure bloga dudala erregetza nagusi eta bakar. Zertarako blog bat ezin badu norberak nahi duen erara erabili?», galdetu zuen. Eta posta amaitu aurretik, esaldi bat: «Etorri behar badu, betor, hementxe aurkituko nau-eta zango bat zepoan harrapatuta daukan otsoaren amorru berberarekin». Heriotzak ez dio ihes egiten utzi.

Hasier Etxeberria idazle eta kazetari elgoibartarra atzo hil zen 59 urte zituela. Euskal kulturgintzan gizon ekintzailea izan zen, aspaldiko urteetatik. “Euskaldunon Egunkaria”-ren sorreran parte hartu zuen, esaterako, eta kazetaritzan aritu zen EITBko hainbat saiotan 1983az geroztik. EITBko zuzendari Maite Iturbek hitzok esan zituen hari buruz: «Hasier aspaldiko lankide eta adiskideak ETBri egindako ekarria eta izandako konpromisoa azpimarratu nahi ditut une mingots hauetan. Ia ETBren sorreratik egin zuen bidea gurekin, eta arrasto bikaina eta berezia utzi digu».

Gogora daitezke, esaterako, “Zopa Haundi”, “Arkupe”, “Farenheit”, “Beti eskamak kentzen”, “Babel”, “Ez dago larrosarik”, “Hizkamizka” eta “Euskaldunak” kultur saioak. Literatura ez ezik, giza harremanak, artea eta gastronomia zaletasun izanik, saio horietara ere eraman izan zituen.

Pantailaren bestaldetik egindako saiorik goratsuena izan da “Sautrela”, 1999tik aurkeztu izan duena. Han sortu zuen gotorleku literarioetako bat, euskal idazleei egindako elkarrizketa luzeekin haien ikusgarritasuna bermatuz, baita literaturari dagozkion beste hamaika informazio eta xehetasun publikotasunera eramanez ere. 2012ra arte etengabe aritu zen lanean, saioak urtebeteko etenaldia izan zuen arte. 2013an berrezarri eta lanari ekin zion berriro, baina iaz minbiziak itxi zizkion errepublika horretako ateak, bai aurkezle bai zuzendari gisa behintzat.

Beñat Sarasolak hartu zion erreleboa. Atzo, Euskadi Irratian esandakoak: «Halakoetan zerbait esatea hain da zaila… Momentu gogorrak dira. Nahiko nuke niretzat berak izan duen kemena azken unera arte. Harrigarria nola eraman duen hau guztia». Antza, Etxeberriak jakinarazita utzi du nolako agurra nahi duen, eta «seguru aski hurrengo astean egingo da lagunarteko despedida polit bat». Apasionatua. Horrela definitu zuen Sarasolak bere aurrekoa. «Samurtasun puntu askokoa, askotan harritu ere egiten zintuen momentu maitekor horiek erakusten zituenean».

Sare sozialak bor-bor jarri ziren atzo eguerdia gerturatzen ari zela albisteak eztanda egin zuenean. Haien artean, etxekoak, Zuzeulariak. Etxeberriak berak sortu zuen sareko talaia 2009an, eta handik eskaintzen zuen, kolaboratzaile sare batek lagunduta, munduaren ikuskera propio bat. Han zuen bere prisma zabaltzeko leihoa, “Alua mundua!” blogean. Erredakzioko kide eta lagunek sinatutako artikulua laster zabaldu zen atzo. «Hasierren eskarmentuak, intuizioak, zirikatzaile senak, etengabe saiatu eta aldatzeak, egin gaitu. Zuzenegi gindoazenean okertzen gintuen. Oker gindoazenean xuxendu. Jaso genuen azken mezuan ere, hurrengo zutabean elkar ikusiko genuela agindu zigun ugazabak. Partitzeko tenorea unhatu da».

Literatura

Kazetari bai, baina idazle izaera eta ibilbidea ere bazuen Hasier Etxeberriak. Hainbat genero landu izan bazituen ere, ipuingiletzat zuen bere burua. “Karramarroaren aztarnak” (1997) izan daiteke aipagarrienetako bat. Antzerkigintzan ere osatu zuen lanik, “Antso erregea” (2004), haur eta gazte literaturara gerturatu zen “Estatua baten historia” (1998) eta “Inesaren balada” (2002) lanekin, eta nobela ez zuen alboratu. “Mugetan” (1988) izan zuen lehenengoa; gerora ekarri zituen “Arrainak ura baino” (1999), “Eulien bazka” (2003), “Mutuaren hitzak” (2005) eta “Iturrino Handia” (2007). Azken hirurak Susarekin argitaratuak. «Asko ikasi nuen berarekin. Estruktura narratibo biziak sortzeko gaitasuna zuen». Gorka Arrese editoreak Etxeberriaz dioena.

“Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan” (2002) izan zen bere kezka nagusi bati erantzun zion lanetako bat. «Arduratuta zegoen ez genuelako ezagutzen gure literatura modernoa». Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria eta Sarrionandia hurrengo belaunaldiek haien lana ezagutuko ez zuten kezkak haizea hartzera bidaltzeko moduko solasaldi sorta. Bidean, sari ugari: Irun Hiria, Julene Azpeitia, Gabriel Aresti, Rikardo Arregi... Ekitaldi zibila, bihar, 19.00etan, Elgoibarko Kalegoen plazan. Martxoaren 5ean bota zuen: «Sarrik diost etorriko dela nire hiletan ‘Sorterriko koblak’ abestera, lehenago nik abesten baditut kopla berauok, han, bere hiletan». Entzuten da zerbait, dagoeneko.