GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Kalean dugu Arantza


Kalean dugu Arantza. Epaile batek espetxeratu zuen eta epaile horrexek erabaki du kalean uztea, bermepean. Erabaki horiek zergatik hartzen diren asmatzea, hau da, unea eta modua zeren araberakoak diren asmatzea, ez da gauza erraza, baina gauza da orain Arantza kalean dagoela, eta horrek pozten gaitu, jakina… eta oraingo honetan, nolabaiteko satisfakzioa sentitzen dugu. Argi dugu guk egin duguna ez dela izan Arantza kaleratu duena. Ez. Baina azken hilabeteotan lan pixka bat egin dugu, bai, eta hori alferrikakoa izan ez delakoan gaude. Nahiz eta bi urtez asteazkenero itxialdiak egin ditugun, irailetik hona gure lozorrotik atera eta Arantzak pairatzen zituen bizi baldintzak salatzeari ekin genion. Salaketa, idazki ugari, interpelazioak, webgune baten antolaketa, maketa txundigarri horretarako oinarrizko datuak eta abar.

Aurreko guztiak, baina, ez zuen ezertarako balio izango, kalean zaudetenok ez bazenute guztia jaso eta etekina atera. Eta uste dugu elkarlan horrek bere emaitzak ekarri dituela. Arantzak pairatzen zituen bizi baldintza negargarriak euskal jendarteak ezagutu ahal izan ditu, mozioak onartu dira, erakundeak pixka batez busti dira… Gaia erabat lurperatua zegoen eta, guztion lanarekin agerian ezarri zen. Hortaz, eskerrak eta zorionak eman nahi dizkizuegu modu batean ala bestean parte hartu duzuen guztioi: plataformako kideak, webgunea atondu duzuenok, zuen sinadura eman duzuenok, gure idatziei oihartzuna eman diezuenok, geure idatziok tokiko prentsan argitaratu dituzuenok, abokatuak… Berriro diogu, Arantzaren egoera aldatu duten erabakiotan (hasteko bere bizi baldintzak zuzentzera zetorren JCVPren ebazpena eta, ondoren, bere askatze agindua) seguruenik ez gara determinanteak izan, baina egindakoak lagundu duelakoan gaude.

Bukatzeko, hiru oharpentxo. Baga. Arantzarekin estatuak erakutsi duen ankerkeria zinez lazgarria izan da. Horrez gain, bizi baldintzak zuzendu behar zirela zioen ebazpena desitxuratu nahi izan du DGIPk. Biga Kontuz ohiturekin! Izan ere, zenbat kosta izan zaigun (guri kontu honetan) egoerari heltzea! Ahalegin handiagoak egin beharko ditugu, guztiok, hemen bezalako egoeratan larritasunari berehala erreparatzen eta elkarlanetan hasteko. Higa. Badugu zeregina! Zeren eta dozenakatik gorako lagunak baitaude bakarturik, ondoan kiderik gabe, edo bizi baldintza salagarrietan, batez ere presoak neskak diren kasuetan…

Besterik ez. Eskerrik asko, berriro, azken hilotan lanean busti zareten guztioi, zorionak Arantza! Eta ea elkarlan eredu emankorrak eskuratzen ditugun, egoera larriak gerta ez daitezen.