GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROL ESKALADA

Patxi Usobiaga, itzulera handian berriro 9a+ gradura iritsi da

Joan den martxoaren 31n, eskalatzaile gipuzkoarrak Olianan (Lleida) dagoen «Papichulo» bidea kateatu zuen. Eibartarrak gradu horretan egin zuen bere azken 9a+, «La Rambla» (Siurana), duela hamar urte sinatu zuen. Pozarren dagoela ez ezik, adierazi du beste urrats bat egiten saiatuko dela.


Ez da film baten izenburua; edo haren remakea. Patxi Usobiaga muturreko zailtasunera itzuli da. Eta, gainera, ate nagusitik. Martxoaren azken egunean, eibartarrak duela hamar urte gordetako azken pasartea berriro lehen lerrora ekarri digu. Bai, duela hamarkada bat, 2007. urtean, Usobiagak “La Rambla” (9a+, Siurana) sinatu zuen; hots, gradu horretako bere bigarren bidea. Bada, martxoaren 31n lerrootako protagonistak bere hirugarren 9a+ zailtasuneko marra, “Papichulo” (Oliana), egin zuen. Bide batez, gogoratu behar dugu gradu horretan 2004. urtean sartu zela “Realization”-ekin (Ceuse).

Batzuentzat Usobiagaren agerraldia ezustekoa izan daiteke, baina haren ingurukoek eskalatzailearen bigarren “etapa” bat bezala ikusten dute. Hori guztia ulertu ahal izateko, jarraian, atzera begirakoa egingo dugu. Agian, irakurleren bati hori gogoratzea gogaikarria irudituko zaio, baina uste dugu merezi duela. Batetik, etxean bertan zer izan dugun (eta dugun) ohartzeko; eta bestetik, “Papichulo” bidea egitearen zergatia argitzen duelako.

Bai, gogoratuko dugu Usobiagak kirol eskaladan historia idatzi duela; bai arrokan bai lehiaketetan. Azken honi dagokionez, Mundu Txapelketa, Mundu Kopa eta hainbat lehia pribatu entzutetsu irabazi izan ditu. Eta irakurleak gogoan al ditu arrokan erdietsitako jarduera handiak? Garai haietako makina bat 9a eta pare bat 9a+ egin zituen. Horietako batzuk, gainera, oso saio gutxitan. Baina, zalantzarik gabe, eibartarrak 2007. urtean urrezko letrekin idatzitako pasartea gogoratu behar dugu. Etxaurin bertan “Bizi euskaraz”-ekin bistan munduan egin zen lehen 8c+ lortu zuen.

Irakurlea gehiegi ez aspertzearren, esan behar dugu hori guztia dela euskal eskalatzailearen egiaztagiria. Baina gogoratu behar dugu lehietan den-dena irabazi eta arrokan punta-puntan ibili ondoren, duela sei urte, lesio baten erruz, aipatutako etapa itxi behar izan zuela. Derrigortuta, beraz.

Hurrengo urteotan Usobiagaren beste argazki bat izan dugu: surflariarena. Baina eskaladaren “pozoia” barne-barnean zuenez, 2013. urtean haren deia berriro jaso eta berriro estutzen hasi zen. Lesioak buruan eta gorputzean utzitako azken arrastoak ezabatzen hasi zen, eta oso-oso azkar sasoiko jarri zen. Jakina, elite garaian jasotako eskarmentu guztiak asko lagundu izan dio, eta 2014. urterako 9a egiten ikusi genuen. Ilarduian “Celedon” sinatu zuen, eta iazko urtearen amaieran argi erakutsi zuen muturreko zailtasunaren “arrastoak” oraindik muskuluetan zein buruan zituela: Cuencan “Seta total” (9a) kateatu zuen.

Azken bolada honetan, berriz, Olianan jo eta su jardun du. Duela aste batzuk “Patxitxulo”-ren (9a/+) lehen igoera egin zuen, eta, esan dugun bezala, martxoaren azken egunean, Olianan bertan, “Papichulo” lortu zen. Beraz, hamar urte geroago, Usobiaga 9a+ graduan sartu da berriz; hots, bere ibilbidean egin duen zailtasun gorenean. Horrela bada, ez ote gaude gipuzkoarraren itzulera handiaren aurrean?

«Papichulo»

Asko eta asko dira Usobiagaren itzulera handi honekin harritu direnak. Ulertzekoa da, baina merezitakoa ere bai, batez ere kontuan hartzen badugu lesioaren eraginez urte gogorrak igaro behar izan dituela. Baina alde positiboari helduko diogu, eta protagonistak “Papichulo” egin bezain laster eginiko hausnarketak aipatuko ditugu.

Olianako bidetik jaitsi bezain laster, ondorengoa adierazi zuen: «Olianan zeuden baldintzak onak ziren, eta azkenean gauza guztiak lerrokatu ziren. Bidetik jaitsi naiz, baina oraindik ezin dut adierazi nire burutik pasatzen ari dena. Kateatze eguna iritsi baino egun batzuk lehenago, baldintzak ez ziren batere aproposak eta etxean entrenatzen jardun nuen. Indarrak berriro berreskuratuta “Papichulo”-ra itzuli nintzen. Bezperan zorte txarra izan nuen; soka katetik pasatzeko prest nengoenean, hatz bateko helduleku bat puskatu, irrist egin eta erori egin nintzen. Baina, zorionez, biharamunean egoera aldatu egin zen, eta gai izan naiz goi mailako marra hau igotzeko».

Usobiaga pozarren zegoen lortutakoarekin, baina batez ere azken urte hauetan egin duen ibilbidearekin: «Hamar urte neraman gradu hau kateatu gabe. Egin dudan prozesua zirraragarria izan da, eta eginiko aurrerapenekin oso harro nago. Psikologikoki borroka txiki bat izan da, besteak beste, erabat motibatua eta oso-oso urduri egotearen arteko oreka topatu behar nuelako. Pozarren nago den-dena ondo atera delako. Kateatze honek beste xede batzuk egiteko indarra emango dit. Top-era itzultzeko bidea hasi besterik ez da egin».

Argi geratu da Usobiagaren sasoiak zein buruak klik egin duela, baina onartu du ere itzulera hau ez zuela batere argi ikusten: «Iazko abenduaren hasieran ‘Seta total’ (9a) egin nuen, baina ‘Papitxulo’ sinatu eta haren ondoan 9a+ graduko beste bide batzuk daudela ikusita, horrek guztiak asko motibatu nau. Onartu behar dut zailtasun horietara berriro heltzea ez zela nire burutik pasatzen. Baina badirudi hori ez dela gertatu. Oso burugogorra naiz, eta horrek eraman nau 9a+ gradua berriro egitera. Argi daukat aurrerantzean den-dena emango dudala. Lesioaren arrastoak oraindik hor daude, eta, horretaz gain, lan profesionalarekin buru-belarri nabil. Alabaina, fisioterapeuten (Andoni Ormazabal, Oier Oregi eta Pablo Scorza) kontrolarekin eta tratamenduekin bide onetik noa. Bestalde, egun nazioarteko kirol eskaladaren epizentroan bizi naiz, eta horrek asko laguntzen du. Momentuz, beste 9a+ batzuk probatzen ari naiz: ‘Power inverter’, ‘Pachamama’, ‘Joe Mama’…».

Bai, besteak beste, Oliana oso-oso gertu du, eta, Usobiagak iragarri duenez, han ditu etorkizuneko xedeak: «Eskalatzaile askok eta batez ere kazetariek galdetzen didazue 9b egiten saiatuko ote naizen. Jakina, gustatuko litzaidake, baina uste dut oraindik urrun dagoela. Akaso, irits daiteke, nork daki. Hala ere, jakinarazi behar dizut une honetan ez dela nire lehentasuna».

Hori dio eskalatzaile gipuzkoarrak, baina “Papichulo” patrikan edukita eta Olianan 9b graduko “Chaxiraxi”, “Fight or flight” eta “Mamichula” bezalako bideak egonda, ez gintuzke batere harrituko (eta hori protagonistak berak jakin badaki) bere eskalada ibilbidean eta haren zailtasunean beste urrats bat egiteak. Denbora kontua da; ez dugu zalantzarik.