2017 API. 10 Aizkora Ruben España eta Elorriaga II.a hurrengo saioan ere izango dira J. L. Ruben España eta Elorriaga II.a dira Urrezko Aizkoran aurrera egin duten bi aizkolariak. Eta ezustea ere izan daitekeela esan daiteke, horien gainetik faboritoen zerrendan beste izen batzuk agertzen baitziren. Hala, beste behin ere garbi geratu da faborito izateak bakarrik ez duela ezer esan nahi. Hamabi aizkolari aritu ziren lanean, eta lau multzotan banatu zituzten. Saio bakoitzean, kana-erdiko enbor bat eta 60 ontzako bat erdibitu behar izan zituen bakoitzak. Aurreneko multzoan, España segoviarra izan zen onena. Bere lana 7 minutu eta 54 segundoan burutu zuen. Atzetik, Urteaga, 43 segundora eta Muñiz asturiarra, 3 minutu eta 41 segundora, geratu ziren. Bigarren multzoan, berriz, Juan Rodriguez segoviarra izan zen hiruretan aizkolaririk onena, bere lana 8 minutu eta 52 segundoan amaituta. Atzetik, Oregi bizkaitarra sailkatu zen 36 segundora, eta Lopezek itxi zuen sailkapena. Asturiarrak 15 minutu eta 57 segundo behar izan zituen lan hau burutzeko. Hirugarren multzoko onena, Elorriaga II.a izan zen, bere lana 7 minutu eta 7 segundoan amaituta. 16 segundora sailkatu zen Resano, eta Fernandez segoviarra, berriz, 3 minutu eta 14 segundora. Azkenik, laugarren multzoan, Kortxero izan zen azkarrena, bere egin beharrekoak, 7 minutu eta 9 segundoan amaituta. Bigarren Fraile segoviarra sailkatu zen, eta bere lana 8 minutu eta 53 segundoan amaitu zuen. Azkena Utxu geratu zen, eta 9.08 izan zen bere denbora. Ondoren jokatu ziren bi finalak. Aurrenekoan, Ruben España eta Juan Rodriguez lehiatu ziren, bi segoviar aurrez aurre, eta Españak eraman zuen garaipena. Bere lana, 7 minutu eta 52 segundoan amaitu zuen. Rodriguez I.ak, aldiz, 9 minutu eta 47 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Beste finalean Elorriaga II.a eta Kortxero neurtu ziren, eta gipuzkoarraren eta arabarraren lehia oso polita izan zen. Elorriagak 7 minutu eta 39 segundoan amaitu zuen jarduna, aurkariari 19 segundoko aldea ateraz. Ondorioz, España eta Elorriaga sailkatu ziren.