GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Hirurogeita lau urte


Hiru hilabete dira, xuxen-xuxen. Orduan disparatea zirudien eta orain oso kontuan hartu beharreko hipotesia dugu, iragarpena kasik.

Urtarrileko bigarren astean Rex Tillerson Estatu idazkarigaiak Senatuaren «azterketan» esan zuenean Ameriketako Estatu Batuek Txinari eragotz ziezaioketela –indarrez, noski– Hegoaldeko Itsasoan eraiki dituen «irla-kuartel» horietarako irispidea, “Global Times” egunkariak iradoki zuen «eskala handiko gerra» baten hastapena litzatekeela hori. Eta hartarako prestatu beharra ondorioztatzen zuen.

Eguneroko parrastaden biltegirako zerrautsa litzateke guztia, baldin eta Tillerson ez balitz gaur egun dena eta jakingo ez bagenu haren ikuspuntuak ez direla harenak bakarrik Trump administrazioan. Eta, aldi berean, jakingo ez bagenu “Global Times”-ek Pekineko agintaritzaren iritzia islatzen duela, beti.

Joan zen ostiralean Siriako Xairateko hegazkin-basearen aurka egindako erasoaren inguruabartzat jo dute ia denek Trumpek agindua Xi Jinpingekin afaltzen ari zen bitartean eman izana, kasik. Alderantzizkoa pentsatzetik hurbilago nago ni: ia dena izan zela inprobisatua eta halamoduzkoa erasoan (efektibitate eskasak zer pentsaturik eman behar luke)... unea salbu. Mezua, egiazkoa, Asiako beste muturrera bidali nahi zelako.

Ez bazen hori helburua, are okerrago. Han behintzat horrelaxe ulertzera behartuta zeudelako. Eta, ziur, horrela ulertu dutelako. «Begira zer gerta daitekeen Ipar Korean!».

Norbaitek azaldu behar lioke, ordea, Trumpi Korear Penintsula ez dela Ekialde Ertaina. Duela 64 urte, 1953ko uztailaren 27an, Panmunjon herrixkan armistizio bat sinatu zutela hiru aldek: Estatu Batuek (Nazio Batuen izenean), Ipar Koreak... eta Txinak. Gerrari amaiera eman zion itun hark... baina bakea egiteke geratu zen, eta halaxe dago gaur ere.

Panmunjoneko armistizioaren sinatzaileetako batek beste bati erasotzen badio, hirugarrena ez litzateke geldi geratuko. Ziur.