GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Laurogei


1937ko neguan Gipuzkoako hamalau herritatik mila haur eta emakume kanporatu zituzten frankistek, errepublikazale eta abertzale izateagatik. Euren haurrak altzoan, Bizkaira iritsi ziren lehenik eta, Gernika eta Durangoko bonbardaketek bete-betean harrapatu ostean, bizirik suertatu zirenetatik asko Estatu frantsesera joan ziren babes bila. Ihesaldiak Suitzaraino eraman zuenik ere izan zen.

Iban Gonzalezek zuzendu duen “Ama, nora goaz?” dokumentalean ematen da emakumeok bizi izan zutenaren berri. Hura gertatu eta 80 urtera. Laurogei. «Nik beti esaten dut istorio hauek bizi izan zituzten emakumeen etxeko sukaldeetako lau hormen artean geratu direla», aipatu du Joseba Esnalek. Ongi gogoan ditu amak etxeko sukaldeko babesean kontatutako istorioak, haurtzaroan beldurrezko ipuin ziruditenak, orain kontzientzia iltzatzen diotenak. Bere ama, Lore Albizu, dokumentaleko protagonistetako bat da. Orduko haurra, egungo ama, amona. Albizuk ere, beste hainbatek bezala, etxeko sukaldean entzun zizkion amari gerrako bizipenak. Berak, amaren eskuari helduta oroitzen du garai hura. Bonba-hotsak. Hotza. Sorterrira itzuli osteko umiliazioak. Gosea.

«Amak esaten zigun gorrotorik ez edukitzeko, baina sekula ez ahazteko gertatu zena –oroitu du Albizuk–. Ez ahazteko, batez ere berriz gerta ez dadin». Orain, bera etengabe errefuxiatuekin oroitzen dela dio. Bere burua ikusten duela haur haien begietan. Bere ama, ama horien oinazean. Besteoi, ahaztu egin zaigu, edo agian sekula ez dugu jakin, istorio batzuk –batez ere emakumeek bizitakoak– laurogei urte behar dituztelako azaleratzeko.