GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Salatu aurretikoa


Ni ez naute jo, eta hitzez iraindu ere ez. Ez dut izan tipo bat kalean nire atzetik etengabe, edo berrogeita hamar dei galdu edo mezu sakelakoan gaur bai eta bihar ere bai. Ez didate oihukatu, ez naute bultzatu, ez dut zaplaztekorik jaso. Eskandalizatzeko modukorik ez dut jasan izan. Baina badakit zer den jazarria izatea, nolakoa den zure buruari halaxe sentitzen zarela onartzera bitarteko prozesua (inola ere ez bat-batekoa), eta zein akigarria den, nola paralizatzen zaituen, beste pertsona baten jokabidea ezin geldiaraztea, edota ingurukoei ezin ikusaraztea, nabarmenkeriak alde batera utzita oso modu neurritsuan, kontzientean, jokatzen duenean. Amodiozko harremana (zuk) bukatu ondoren.

Ez zait gertatu behin bakarrik, eta ez zait gertatu niri bakarrik. Albistegietan agertzen ez den jazarpen-mota hori orokortua da, oso. Sarri ikusten dut nire inguruan bikote-harremanak modu osasungarrian behin betiko ezin bukatzeak, bukatu dela ezin onartzeak, dakarren dinamika hori, emakumea norbere ondasun edo jabetza gisa irudikatzen duen kulturak bultzatuta, eta amodio erromantikoaren ideia hiperirentsi horrek xaxatuta, non gizona den aktiboa eta andrazkoa pasiboa. Egiaztatzen dut nola eragiten duen horrek guztiak emakumeongan, nola lotzen gaituzten sentimendu berak bestearen desesperazioarekiko, penak eta kulpak, batik bat, zeinak eramaten gaituzten bata bestearen atzetik enpatia, ulermena, justifikazioa eta barkazioa garatzera, gu jasotzen ari garen tratuari begiratu barik, izena jarri barik. Pentsa salaketa zein urrun geratzen den; tokitan, gertatzen zaiguna guk geuk ere zalantzan jartzeko joera dugunez gero, halakoetan indarkeriaz hitz egitea gehiegitxo dela sinetsita gaudenez gero.

Salaketa, salaketarik eza hobe esanda, nabarmentzen da, ordea, albistegietan, albiste-mailara (erailketara, alegia) iritsitako indarkeriazko kasuetan. Ia-ia ematen du salatu ez izanak nolabaiteko erruduntasuna dakarkiola erailari, jazarriari, inguruneak eta jendarteak preseski isiltasun horretan zerikusirik ez balute bezala. Salatzera iristera bitarteko bide horretan oraindik dauden harri guztiak (heziketa, erakundeen jarrera eta baliabideak, sistema judiziala…) kentzea norbere ardura balitz bezala. Salatu eta azkar batean dagokion erantzuna jaso dena bat balira bezala. Benetan aztertu eta landu beharrean emakumeok zergatik ez dugun salatzen indarkeria matxista horren erraz, eta hori baino lehenago zergatik kostatzen zaigun hainbeste identifikatu ere egitea.