2017 API. 22 HAUR LITERATURA Laguntza eskuzabala Lore AGIRREZABAL Unerik aproposenean jaso dut Susanna Isern eta Marco Somaren “Unerik onena” (La Fragatina Edizioak, 2016) liburua; apirilean, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren eta Liburuaren Egunaren hilabetean, hain zuzen. Liburua lehen aldiz ikusi nuen eguna ere une aproposa izango zen, noski, baina orain iritsi da gure etxeko apalategira eta une ezin hobea iruditu zait hemen aipatzeko. Idazlearen lehen hitzak irakurtzen hasi aurretik, azalak utzi nau liluratuta. Marco Soma (Cuneo, Italia, 1983) ilustratzaileak ohi duen moduan, irudi gozo, samur eta gertukoak sortu ditu album ilustratu honetarako ere. Bere lanetan –“Ez da ahotsik behar” (OQO Txalaparta) eta “Hiru txerrikumeak” (Pamiela Kalandraka), besteak beste− nabarmentzen diren kolore urdinxka eta oliba-berdeak dira nagusi honetan ere, udazken-kolore ukitu handiarekin. Azalean bertan agertzen da ipuineko protagonista: Urtxintxa. Etxetik irteten ikus daiteke, presaka baina bare, bere begi itxiek iradokitzen dutenez. Nora ote doa? Galdera horixe da hasieratik irakurleak egingo duena eta orriz orri erantzunaren bila amaieraraino eramango duena. Susanna Isern idazleak ederki asmatu du, gainera, bidean galdera hori airean mantentzen eta amaiera sorpresa polit batekin ematen. Urtxintxak gutun bat jaso du goizean eta hura irakurri bezain azkar urduri, korrika eta presaka irten da etxetik. Bidean, ordea, hainbat adiskiderekin egin du topo; lehendabizi oreina, gero dortoka, ondoren hartza, trikua, otsoa, marmota, azeria… Eta denek laguntza eskatu diote, horretarako unerik onenean iritsi dela esanez. Urtxintxa, ordea, presaka dabil eta beretzat unerik egokiena ez den arren, ezezkorik eman ezinda, guztiei laguntzea erabaki du. Ondorioz, iritsi behar zuen lekura egunaren amaieran heldu da; berandu eta unerik txarrena dela pentsatuz. Gainera, orduan ohartzen da zerbait ahaztu zaiola, horrelako une batek mereziko lukeen oparia, hain zuzen. Badaezpada, bere bizkar-zorroan begiratu du eta ustekabean gauzak atera eta atera hasi da; bidean bere laguntza jaso dutenek esker onez emandakoak, bera ohartu gabe. Esan beharra dago, ilustratzaileak keinu polita egin duela opari-sorta horretan Leo Lionniren “Urdin Txiki eta Hori Txiki” liburua ere irudikatuz. Baina nora heldu ote da Urtxintxa? Erantzunik jasoko ote dugu? Egoerak errepikatuz –baina errepikapenean erori gabe− eta egitura metatua baliatuz, jakin-mina eta tentsioa mantentzea lortzen du Isernek. Horri esker, haurrek ipuinaren haria berehala memorizatuko dute, jolas bihurtuz. Irakurle-entzuleek protagonistak aurrera azkarrago egitea eta bidean “traba” gehiago ez topatzea desiratuko dute. Azkenerako, ziurrenik, ezezkoa emateko Urtxintxak duen ezintasuna ere etsipenez hartuko dute. Baina, azkenean, ahalegin guztiek bere saria izan ohi dute eta Urtxintxarena ere ez da gutxiagorako izango. Bide hori guztia Marco Somaren ilustrazioekin jantzia dator; samurtasun handiko irudiak −otsoa bera ere atsegin irudikatzen dutenak−, eta erromantizismo ukitukoak –oreinaren irudi ederra bezalakoak−. Eskuzabaltasunaz, pazientziaz, esker onaz, laguntasunaz eta elkarlanaz dihardu liburuak. Norberaren lehentasunen aurretik adiskideei laguntza ematearen balioa nabarmentzen da ipuinean; gero eta presa handiagoz bizi garen gizarte honetan alboratzen ditugun jarreren eta balioen garrantziaz dihardu Susanna Isernek. Kantabrian bizi den idazle eta psikologo katalan honenak dira, besteak beste, “Pilu, pilu” (Txalaparta); “Non zaude barraskilo?” (OQO Txalaparta); “Hartza eta tximeleta sarea” (Txalaparta) eta “Kiwi txori arraro samarra” (Fragatina Edizioak). Azken hau ere Fragatina argitaletxeak kaleratu du Arkaitz Goikoetxearen itzulpenarekin. Egile hauen sormenetik edateko edozein izan daiteke unerik onena.