2017 API. 28 Aizkora Arria bere buruari aurre egiteko prest dago Aizkolari errezildarrak 20 kana-erdiko ebaki ondoren, 20 kilometro egin beharko ditu korrika. Azken eguneraketa: 2017 API. 28 - 06:38h Jon LEUNDA Arria V.ak marka saialdia egingo du etzi eguerdian, 11.30ean hasita Azpeitiko zezen-plazan. Hasteko, 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren beste 20 kilometro egin beharko ditu korrika. Bere buruaren aurkako apustua izango du; izan ere 3.000 euro eramango ditu hau egiteagatik, baina lana 2 ordu eta 10 minutu baino gutxiagoan egiten badu, 6.000 euro jasoko ditu. «Egia esan, gogotsu nago. Prestakuntza aldetik gauzak ongi joan dira. Ez dut lesiorik izan, eta hori beti da garrantzitsua. Orain igandea iritsi eta hastea falta da, eta ea helburuak betetzen ditudan», adierazi du aizkolari errezildarrak. Egindako entrenamenduekin ere oso pozik agertu da Xabier. «Egia esan, oso pozik nago entrenamenduekin. Batzuk oso gogorrak ere izan dira, baina hori ere normala da. Azkenean pisu handia daukagu korrikarako, eta hori nabaritzen da. Aizkorarako asko jaistea ez da komeni, eta korrikarako alderantziz, baina uste dut ongi nagoela», aitortu du. Enborrek eta eguraldiak ematen omen diote iganderako kezkarik handiena. «Kezkarik handiena eguraldiak eta enborrek ematen didate; gakoa horretan egongo dela ikusten dut. Eguraldi txarra ez da komeni, ez eta berorik ere. Azken egun hauetako freskura ongi letorke, baina berorik gabe. Enborrak, berriz, gustukoak topatzea oso zaila da, baina saiatuko gara onak eramaten, eta garrantzitsua da gero ere barruan garbia ateratzea», azaldu du. Ezberdin Lan bera Arriak egin zuela ez da denbora asko, joan den udazkenean egin baitzuen, baina orduan apustua Kañamaresen eta Jauregiren aurka izan zen. Galdu egin zuen, baina doi-doi. Orduan 2 ordu, 12 minutu eta 42 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Oraingoan gauzak ezberdinak direla dio. «Ez da berdina. Orduan apustua zen, eta biren aurka, gainera. Marka egitea polita da, baina aurreneko helburua apustua irabaztea zen. Gainera, aurkaria daukazunean ezin duzu beti zure erritmora joan. Orain nire erara joango naiz, eta helburua ere bi ordu eta 10 minututik jaistea da», esan du. Izan ere honelako lan luzeetan, erritmorik egokiena mantentzea izaten da komenigarria. «Denetan, baina honelako lan luzeetan gehiago nabaritzen da erritmotik kanpo ibiliz gero. Norberaren erritmotik ateraz gero, errekuperatzea asko kostatzen da. Guk garbi daukagu igandean gure erritmoa hasieran jarri eta horri eutsi behar diodala. Azkar ibili beharra dago lan hori dena egin eta helburua betetzeko, baina aldi berean erritmoa galdu gabe, bestela garesti ordaindu liteke». Joxe Aierbek dauka marka lan honetan, eta berak 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundo behar izan zituen lanok egiteko. Arriaren aurreneko helburua bi ordu eta 10 minututik jaistea omen da, baina garbi dauka marka hori hobetzea ere gustatuko litzaiokeela. «Aurreneko helburua bi ordu eta 10 minututik jaistea da; horretarako da erronka hau, baina badakigu hori lortzen badugu, Aierbek daukan marka hori hobetzeko ere aukera asko izango ditudala, eta azken batean marka bat egitera banoa, hori ere kontuan hartuta noa», dio. Ikusmina ere piztu du saio honek, eta Arriak berak ere badaki hori: «Ikusmin handia dago, eta normala ere bada. Lan handiak dira hauek. Lehen ere ez dira askotan egin, eta gerora ere seguru asko ez dira egingo askotan. Gero, herri kirol munduan ere egoten diren zalapartak hor daude, hobetuko dudala, ezetz, betiko kontuak. Saltsa badago, eta hori garrantzitsua da. Eguraldi txarra ez bada behintzat jendea izango da». Bera bakarrik ariko da lanean, eta jaialdia osatzeko harri-jasotzaileak ere eramango ditu; horiek ere ingurukoak izango dira, Aimar Irigoien eta Goenatxo III.a han izango baitira lanean. Arriak esan duenez, aizkorako lana amaitutakoan arituko dira. ERRONKA Arriak 3.000 euroko saria dauka lan hau egiteagatik, eta beste 3.000 euro izango ditu lanak 2 ordu eta 10 minutu baino gutxiagoan egitea lortzen baldin badu. KEZKAK Arriaren kezka nagusiak eguraldia eta enborrak dira. Ez du berorik nahi, baina ateri izatea nahi luke. Egurrekin ere agertu du ardura eta, onak ateratzea komenigarria ikusten du.