2017 MAI. 01 Aizkora Arria V.ak lortu du Joxe Aierberen marka hobetzea Kirolari errezildarrak 12 segundoan hobetu du aurretik ataundarrak egina zeukan denbora. Azken eguneraketa: 2017 MAI. 01 - 09:58h Jon LEUNDA Bi ordu, 9 minutu eta 27 segundo behar izan zituen atzo Arria V.ak 20 kana-erdiko ebaki eta 20 kilometro korrika egiteko, eta errezildarrarena izango da lan horretako marka berria, horrela, Joxe Aierbek zeukana onduz. Ataundarrarena zen aurreko marka, eta berak 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundoan zeukan egina. Atzo, Arriak 12 segundoan hobetu zuen. 300 ikusle inguru batu ziren Azpeitiko zezen plazan, eta eguraldiak ez zuen asko lagundu, ia saio osoan zehar euria bota eta bota aritu baitzen; korrikako saiorako, gainera, putzu ugari sortu zituen zezen-plazan. Bere aita, Arria II.a, eta eta Luix Txapartegi izan zituen lagun kirolari errezildarrak. Hasteko, aizkorako lana egin behar izan zuen, 20 kana-erdiko ebakitzea, alegia. Enborrak onak irten ziren, nahiz eta eman beharreko batzuk ere izan ziren. Bi minuturen bueltan botatzen zituen enborrak. Erritmo horretan aritu zen saio osoan zehar, segundo batzuk goitik, segundo batzuk behetik, eta aizkorako lanak 42 minutu eta 10 segundoan burutu zituen. Ondoren etorri zen korrikako lana, eta hor, batez beste 4 minutu eta 20 segundoren bueltan egiten zuen kilometroa, eta denak zalantza zuten ea marka gaindituko zuen edo ez. Atzokoan Arriak bi erronka zituen. 3.000 euro jasotzen zituen dirutan saioa amaitzeagatik bakarrik, eta 6.000 euro 2 ordu eta 10 minututik beherako marka egiten bazuen. Saria jasotzeko erronka hori lortuko zuela zirudien korrikako lehen kilometrotik, baina, Aierberen marka, berriz, zalantzan zen, eta horrela egon zen ia amaierara arte. Azkeneko itzulietan ikusi zen lortuko zuela, eta ez zuen jendearen animo faltarik izan. Hauek izan ziren bere denborak: 1.57, 2.58, 4.54, 6.52, 8.55, 11.16, 13.23, 15.30, 17.37, 19.34, 21.53, 24.02, 26.20, 28.36, 30.42, 32.54, 35.17, 37.32, 39.50, 42.10, 46.54, 51.20, 55.46, 1.00.01, 1.04.21, 1.08.40, 1.13.02, 1.17.21, 1.21.41, 1.26.01, 1.30.20, 1.34.43, 1.39.05, 1.43.27, 1.47.49, 1.52.09, 1.56.33, 2.00.58, 2.05.21 eta 2.09.27. Errezildarra pozez zoratzen zen saioaren amaieran. «Azkenean lortu dugu, eta horrek balio du. Lan handiak dira eta bagenekien segundoetako tartea izango zela, eta horrela izan da», esan zuen. «Sufritu ikaragarri egin dut hasieratik bukaerara, baina bagenekien horrela izango zela. 20 kana-erdiko bakarrik ere lan handia da, eta pentsa horri beste 20 kilometro erantsita, baina ongi atera da», esan zuen. Azkeneko kilometroak arte ez omen zuen jakin nola zihoan. «Gutxi gorabehera entrenamenduetako erritmoa hartu dut korrikakoan, eta nire munduan sartu naiz. Azkeneko hiru kilometroak arte ez naiz kezkatu», aitortu zuen. LANA Arriak 20 kana-erdiko ebaki zituen lehenbizi, eta, ondoren, zezen-plazari itzuliak emanez, 20 kilometro egin zituen korrika. Euriak ez zion mesede egin azken lanean, putzuak sortu baitzituen.