GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO ESKIA

Mezzalama Sarian eskiatzaile sasoikoenek ez zuten hutsik egin

Grande Course zirkuitu barruko sona handiko eski alpinismoko lehia hau apirilaren 22an jokatu zen. Lenzi, Boscacci eta Eydallin gailendu ziren gizonezkoetan; emakumenzkoetan, berriz, Forsberg, Roux eta Fiechter.


Europan antolatzen diren eski alpinismoko lehien denboraldia amaitu da dagoeneko. Eta hari amaiera borobila eman berri diona Mezzalama Saria izan da. 21. aldia izan du, eta antolatzaileek ohiko ibilbidea berreskuratu dute. Bai, bi urtean behin jokatzen den sona handiko mendiko eskiko hitzordu hau Breuil-Cervinian hasi zen, eta amaitu, berriz, Gressoney-La-Triniten. Gogoratu behar dugu 2015. urtean alderantziz hasi eta bukatu zela.

Ez da Mezzalamak izan duen aldaketa bakarra. Aurtengo ekitaldian eskiatzaileak “Ventina” izeneko pista hartu ordez, Theodulo lepora igo ziren; hots, duela 37 urte sortu zen lehia horren “egoitzara”.

Aitortu behar dugu “militarren” lasterketa honetara (berez, jatorri hori du) ez duela inork hutsik egin. Lasai asko esan genezake irteera puntuan egungo eskiatzaile sasoikoenak zeudela. Ohi den legez, taldeka jokatu da; hau da, hiru eskiatzailez osatutako taldeak. Guztira, 298 talde. Eta berriro ere Mezzalama Grande Course zirkuituko proba izan da.

Irteera eta helmuga puntuen artean mendi garai batzuk igo behar izan zituzten: Castore, Naso del Lyskamm... Eguraldi eguzkitsua lagun izan zuten; ez, ordea, beroa. Une batzuetan ipar haizeak 50 kilometro orduko ufadekin (-20°) eskiatzaileen lana zaildu zuen. Horretaz gain, hitzorduaren aurreko egunetan izan ziren haize bortitzek elur hauts asko eraman eta izotza agerian utzi zuten. Alabaina, ez zen arazorik izan.

Lehia biziak

Mutilen lasterketari dagokionez, hasiera-hasieratik argi geratu zen bi talderen arteko kontua izango zela. Italiarrena: Damiano Lenzi, Michele Boscacci eta Matteo Eydallin. Eta katalan-suitzarrena: Kilian Jornet, Werner Marti eta Martin Anthamatten. Jornetek ezarritako erritmo bizia dela eta, talde hau Naso del Lyskamm-etik (4.226 m) pasatzen lehena izan zen. Italiarrak oso gertu zituzten, eta hain justu hauek egundoko jaitsiera egin eta gero, 4 ordu eta 18 minutuko denborarekin helmuga puntuan lehenak izan ziren. Hiru minutura Jornet eta enparauak iritsi ziren.

Nesken lehian antzeko egoera bizi izan zen. Naso del Lyskammetik Katia Tomatis, Alba De Silvestro eta Axelle Mollaret igaro ziren. Baina aipatutako jaitsieran, Jennifer Fiechter (Suitza), Emelie Forsberg (Suedia) eta Laetetia Roux-ek (Frantzia) osatutako taldeak talde italiar-frantsesa aurreratu eta 3 minutuko aldearekin irabazi zuen.