GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Maiatzaren 1a


Marx-ek eta Engels-ek komunismoaren oinarri teorikoak ezarri zituzten “Manifestu komunista”-n. Eta garaiko teoriak eta praktikak zehaztearekin batera, garaiko kontzeptuak ere ezarri zituzten, hala nola klase borroka, materialismo historikoa edo proletargoa. Baina neoliberalismoak azken hamarkadetan sortu dituen krisi eta gorabehera guztiak gaurko begiekin ulertzeko Karl Polanyiren “The Great Transformation” irakurtzea ezinbestekoa da. Liburuan ederki aletzen ditu kapitalismoak sortzen dituen lurrikara ekonomiko, sozial eta politikoak. Eragiten dituen totalitarismoak. Baiki, kapitalismoak gerrak behar ditu iraun dezan. Ekonomia objektu naturala dela pentsatzen omen dugu, baina ekonomia asmakizun soziala dela diosku autoreak. Ekonomiaz hitz egiterakoan irabazien eta lehiakortasunaren parametroetatik at hitz egin behar da bere ustez. Ekonomiaren eta politikaren artean leize bat ireki da, ekonomia eta politika jendartearen bizitzeko bi era autonomo bilakatu diren arte.

Ezkerra demokrazian, politikan oinarritzen den bezala, eskuina ekonomian oinarritzen da eta disfuntzionamendu horrek hondamendia dakar ezinbestean. Merkatuek erlazio sozialak deslotzen dituzte; kapitalismoak lana eta lurra merkantilizatu ditu, salmentan jarri ditu. Nazioarte mailako ezkutuko itunek, lobby ezberdinek zein Troikak merkatua desozializatu eta merkatu librearen (neoliberalismoaren fetitxea) joera eta praktika azken muturreraino eraman dute ingurunea eta jendearen bizitza bera gaindituz (gogoratu Greziako «zero gunea»).

Ondorioak ezagunak dira. Lanpostuen suntsitzea, langileen prekarizazioa, ezberdintasunak, xenofobiaren hedatzea, eskuin muturraren gorakada, gerrak eta abar. Dena dago desarautua, hankaz gora. Kapitalak etengabe gure etorkizuna du erabakitzen, hipotekatzen, bortxatzen. Gure bizi eredua eraisten du.

Justizia sozialaren aldeko borroka izan dadila XXI. mendeko kapitalismoaren amesgaiztoa. Edo gure burujabetza politikoa.