GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Norabide bi


Orain gutxi biologia ikertzaile bat ezagutu dut, eta liluratuta nauka bere lanak. Création d’individualités deitzen dio berak, norbanakoen sorkuntza, edo antzeko zerbait. Nik sekula ez nion munduari horrela begiratu, baina guk pertsona bat ikusten dugun lekuan, berak milioika izaki mikroskopikoren batura ikusten du. Bere lan arloan ohiko eztabaida da noiz bihurtzen den bakterio multzo bat norbanako, hau da, noiz osatzen duen talde batek batasun berria. Kuriosoa dena da inteligentziak azken norbanakoa duela beti subjektu. Hots, gure buruak gutako bakoitza batasun kontsideratzen badu ere, garai bat egon zen noiz osatzen gaituzten milioka izakiak elkartu barik zeuden. Beste “inteligentzia” subjektu batzuk existitu ziren gure sorrera posible izateko. Baina gutako bakoitza, edo gure arbaso ebolutiboa sortzerakoan, inteligentzia horien kontzientzia desagertu egin zen handiagoa den zerbaiten kontzientzia osatzeko.

Natura zein norabidetan doan argi dago nire lagunaren esanetan: gero eta izaki gehiagoren batura diren norbanakoak sortzea. Sekula ez dira kontzientzia bakarra izatera heldutako norbanakoak zatitu.

Politikari buruz dio eskumak naturaren norabidea jarraitzen duen bitartean, ezkerrak, batek daki zergatik, kontrako bidea hartu ohi duela.

Horrek beste lagun baten hitzak gogoratu zizkidan: «Zuek ikasle zintuztedanean, kolektibo nazional baten kontzientzia azpimarratuz hitz egiten zenuten. Egun, kontzientzia gizarte multzo txikiagoetan dago: feministak, ekologistak, LGTB mugimendua…». Kontzientzia subjektua eskala txikiagoetan eratzen ei dabil gure gizartean.

Nik abantailak ikusten dizkiot kontzientzia subjektu txikiei, gurean harrizkoak diren muga identitarioak gurutzatzeko gaitasuna baitute. Baina ematen du, aurrerapauso sozial horiek eman ahala, botereak bere diskurtsoan naturaltasun osoz integratzen dituela, bere interesak arriskuan ipintzeko gai ez balira bezala.