2017 MAI. 08 ZIRIKAZAN Norbere su txikirantz Josebe EGIA Nola heldu naiz ni honaino” du izena euskaraz irakurri dudan azkeneko literatur lanak, Kattalin Minerrek sortua bera. Erakargarria gerta dakizuke, niri bezala, liburuaren azalean hitzok kafez beteriko kikara batean harrapaturiko arraintxo baten gainean ikustea. Erakargarria bere aztoragarrian, berehala otu ahal zaizulako “aro modernoko gure kartzelak”, edo “adrenalina-beharrak jotako bizimodua”, edo “txikikerietan itotzeko joera”, edo halako zerbait; edonola, zu zeu (zeu ere bai, ziur) bizitzan behin bada ere argitasun eta ziurtasunetik urrundu zaituen zer edo zer. Motzean, gauza onik ez, zeure buruari egoera jakin batean nolatan demontre zauden esaten diozunerako, berretsiz, baina ez galdetuz, ez aztertuz, erraz bota eta errazago ahazten diren esamolde horietako bat balitz bezala. Nago horixe dela, ez ausartzea norbere buruari galderak egitera eta, batik bat, zintzotasunez erantzutera, hain zuzen, hondamen pertsonal askoren sorburua, eta kontrakoa egiten ikastea –kosta edo kosta– gakoa zeure buruak, inork baino lehen, kartzelatuta, jota eta itota ez bizitzeko. Izan ere, inertziak garamatza, jendartearen egiturazko nolakotasunak hauspoturiko laratz gainean gizon eta emakumeok zein bere eltzean aurrera (edo). Ez baita lapiko bera, gaur-gaurkoz. Inguruan ez zaizkigu baldintza, egoera eta konponbide berak egosten, eta mundu honetan aurrera egiteko bidean hartu beharreko erabakietan, bizitzeko ezinbestekoetan, ez gaituzte osagai berberek baldintzatzen. “Honaino”, ez gara bide beretik heltzen, eta “orain eta hemen” ere desberdina dugu. Ez ditugu beldur berak, konplexu, gabezia edota muga berak, alegia, benetan norbere grinari bakarrik kasu eginez erabakiak hartzeko askatasuna eragozten duten traba berak. Nola heldu zaren horraino pentsatzera iristen zarenean, beraz, ez zaitez zeure burua harritzera edota gaztigatzera mugatu. Hartu denbora, patxadaz hartu ere, pentsatzeko zure erabakietan, edo erabakirik ezan, zer izan ziren tartean: beldurrek, konplexuek, gabeziek, rolek, ezintasunek… zein neurritan baldintzatu zuten zure gogoa, orduan eta han. Gizartean muntatuta duguna desmuntatzeko lana hartuz gero, orain eta hemen helduko zara laratz aurrefabrikatu hori baztertzera eta zeure su txikiaren arabera bizitzera. Orduan, argiago izango duzu nola heldu zaren heldu zaren tokiraino; seguruena, zeure buruari bakea emango diozun bateraino, non kikara bat kafe hartu bitartean paradisuan egongo zaren.