2017 MAI. 14 PAUSOEN HIZKERAN Telmo Esnal «Dantza» filmatzen ari da egunotan, euskal dantzen sinbologia eta hipotesiak kamera aurrean jarri eta Koldobika Jauregik sortutako mundu estetikoaz janzten dituen lana. Historia zikliko baten esfera eraiki du, pausoen hizkeran. Azken eguneraketa: 2017 MAI. 14 - 09:09h Ariane KAMIO Lurra, negua, idorra, hotza, ekaitza, eguzkia, landa, sortu, bildu, egin, ospatu, desagertu. Mugimendu zikliko bat. Ez urtebetekoa, gizaldi oso batekoa ere izan liteke. Telmo Esnal (Zarautz, 1967) “Dantza” filma gauzatzen ari da eta esentziaren lurrina kameraren iragazia gainditzeko gai den proposamena du esku artean. «Historia zikliko bat da. Negua bukatzen denean jendea lurra lantzen hasten da, lurra lantzeko ura behar da; beraz, ekaitza sortzen da, ekaitza bukatzen denean eguzkiarekin loratzen da arbola. Arbolak bere fruitua ematen du. Fruitu hori babestu egin behar da eta heltzen denean, jaso». Sagarra sortuko da. «Euskal herrian gure ardoa sagardoa da. Sagarra biltzen da, tolarera doa, kirikoketarekin sagardoa egiten da. Behin sagardoa eginda, kanpaien bidez jendea deitzen da festara. Eta festan beste dantza batzuk eginez erromeria antzeko bat suertatzen da. Bikote bat elkartzen da eta bikote horrek eramango gaitu amaierara, ezkontza moduko batera». Bukaerarekin, berriro negua, elurra eta bakoitza bere etxean desagertuko da. Sinplea da “Dantza” filmaren gidoia. Xaloa. Baina bere lurtasunetik eraikitzen da sinbologiari oso gertu geratzen zaion narrazio erabat bisuala –eta musikala–. “Dantza” euskal dantzen jatorrian eta esanahietan haztatzeko xerkan da eta Telmo Esnalek egin ditu lehenengo pausoak. Baina dantza hau ez da bakarkakoa, ez bikotekakoa ere, talde oso baten koreografiapean diseinatua da. Alboan ditu Koldobika Jauregi eskultorea, Juan Antonio Urbeltz folklorista eta Iñaki Arregi dantza maisua. Orain arte egindako lanekin –“Urte berri on amona!”, “Taxi?”, “Aupa Etxebeste!”...– zerikusi handirik ez. «Bueno... Ez... Antzekotasun handiena izan dezake Sauraren pelikulekin. Azken finean, bere lanak dira aktuazioak bata bestearen atzetik eta honek badauka ildo dramatiko bat. ‘Bodas de sangre’rekin antz handiagoa luke». Jauregirekin hasita Esnal txikitatik izan da dantzaria. Eskolan lehenengo eta Iratzarri Zarauzko taldean ondoren. Handik Goizaldira, 18 urterekin Madrilera joan zen arte. Goizaldi eta Argiaren arteko elkarlana hasi zen orduan eta garai hartan ezagutu zuen Juan Antonio Urbeltz –«Iñaki Arregirekin dantza eginda nago ni»–. Baina zineman hasia zen ordurako eta «lan hau badakizu nolakoa den...». Maletak prestatu eta kamera atzeko mundua ezagutzera abiatu zen. Dantzarako nahiak, ordea, biziraun egin du urte horietan guztietan. «Beti nuen buruan dantzarekin erlazionatutako zerbait egitea». Orain urte batzuk egin zuen kausalitateak kasualitate. Eta Koldobika Jauregik izan zuen eraginik. Esnal “Urte berri on amona!”-ren edizioa amaitzen ari zela jaso zuen eskultorearen hastapen ideia. Baina beste proiektua zuen buruan, hura amaitzea zuen lehentasun eta kalabazak jaso zituen bueltan. Amaitzean hasi ziren atzera “Dantza”-ren asmoa harilkatzen. «Une egokia izan zitekeela pentsatu nuen». Hasieran ikuskizun moduan egin zuten moldea. Baina «zer demontre! Filma egingo diagu». Eta arian arituz hasi ziren. Juan Antonio Urbeltzen atea jotzea ezinbestekoa zuten buruan zutena gauzatu ahal izateko. Euskal Herrian euskal dantzen inguruan norbaitek jakintza sakonik badu, folklorista eta antropologo nafarra baita inon gehientsuen dakiena. Ez soilik ezagutza historikoagatik, ikerketa eta hipotesi zenbaiten sortzailea baita bera –Argia dantza taldeko buruzagietako bat aspaldiko urteetan–. Bere barne munduan sartzeko saioa egin zuen Esnalek, arakatu, usaindu, ikusi, begiratu, ukitu, dastatu. Eta lortu zuen. Lortu zuen “Dantza” proiektuaren gaineko gidoi bat egitea. Nahiz eta ideia hain lurtarra ez izan, onirikoa gehiago, irudimenezkoa, ikusgarritasunezkoa, are. «Gidoia irakurtzea konplikatua da. Historia suma daiteke, baina ez da bera. Oso abstraktua da irakurtzerakoan eta kontatzerakoan; nik buruan daukat, baina egiten zoazen heinean ikusten da historia». Lehenengo lagin bat filmatu zuten orain hiru urte. Beasaingo Igartubeiti baserrian, sagar artean egindako dantza, desafio eta guzti. «Ondo mugitu zen baina zaila da azaltzea zer egin nahi duzun». Proiektuak etenaldi ugari izan ditu gauzatu nahian hasi zirenetik. Diru-laguntzak eskatu, jaso, gero kendu, berriro eskatu, jaso... Arazo ugari izan genituen finantziazioa lortzeko eta proiektua atzeratzen joan da. Baina azkenean ari gara». Garapena Ari dira Urbeltzen sinbologia eta hipotesiak biltzen dituzten dantzen bitartez osatutako obra egiten. Asteburu honetan Leitzan dira –aurrekoan ere bai–. «Bi parte bezala ditu filmak. Fruitua baino lehen, non Urbeltzen sinbologia guztia eta bere hipotesi horiek presente dauden. Eta gero ja fruitua egina dagoenean, festa hasten denean, beste narratiba desberdin bat». Dantza eta musika. Ikusgarritasunari hertsiki lotutako bi elementuok erabiltzen ditu Esnalek bere film berrian. Ekipo artistikoa talde eta herri askotako dantzariek osatzen dute: Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Arkaitz (Añorga), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar). Guztira 8 eta 82 urte arteko 250 dantzarik parte hartzen dute. «Dantzarien maila oso altua da. ‘Guk ez genian horren laurdena egiten gure garaian’, esaten nion aurrekoan Iñaki Arregiri. Dantzakerak nola eboluzionatu duen, zenbat urrats sartzen dituzten gaur egun, ze abiaduran, ematen dio aberastasun bat filmarekin hasi nintzenean ezagutzen ez nuena. Irradakak, ezpata dantzak... horiek ezagutzen nituen, baina almuteak adibidez, ez. Dantza berri horiek, Juan Antonio Urbeltzek sortutakoek, betikoak direla diruditenak, gero eta birtuosismo handiagoa dute». Hala, dantza bakoitza kokatuta dago historian zerbait kontatzeko eta gero barianteak edo aldaerak txertatzen dituzte batetik bestera joateko. «Gauza audiobisuala da. Soinuak ere garrantzia handia izango du». Estetika Koldobika Jauregiren eskuetatik sortu da. Berak diseinatu ditu “Dantza”-ko jantzi guztiak –alboko irudietan ikus daitezke sorkuntzetako batzuk– eta bere unibertso propioan erantsi ditu dantzaren bueltan eraikitako historia eta ideiak. «Jantzitegia gidoiarekin lotuta dago. Segun zer kontatzen duen historiak berak egin du jantzitegi erabat berria bere ohiko estetikarekin. Horrek egiten du bisualki oso potentea izatea denbora guztian egiten ari garena». Esnalek honakoa dio: «Beteta sentitzen naiz une oro». Ez da gutxiagorako. Esku artean duena «superprodukzio» bat dela aitortzen du zuzendariak berak. Teknikoki zailtasun handiko eszenak filmatu dituzte. Hendaian egin zuten bat, adibidez. 35 dantzari ur gainean dantzan. Nola egin? Pilotalekua igerileku bihurtuta. «Ur pixka bat behar genuen, dantzariak dantzan jarri eta irudia zingira batean txertatzeko». Pilotalekuko hormak kroma gisa. «Teknikoki oso konplikatua da hori egitea. Sekulako muntaia egin behar izan genuen. Azkenean Hendaiako frontoian egin genuen. Kromari ez zion eguzkiak ematen, espazio nahikoa zegoen eta han egin genuen». Sinetsi dantzariek hanka altxatzean urak egiten duen marrazkia ikustekoa dela. «Batzuetan gertatzen dira espero ez dituzun gauzak eta aho-zabalik geratzen zara». Filmatze prozesua ohi baino motelago doa. Parte hartzen duten dantzariak amateurrak dira denak eta bakoitzak bere lanbidea du; hartara, asteburuetan eta jaiegunetan filmatzera behartuta dago Esnal. Orain arte Euskal Herriko –eta kanpoko– hainbat tokitan izan dira. Ipar Euskal Herrian, Nafarroako Bardean, Leitzan... Baita Zaragozako Belchite herrian ere. “Dantza”-ren narrazio bisualak duen garrantziagatik, paisaiari arreta berezia jarri dio Esnalek. Negua, idortasuna. Ekaitza. Udaberriaren gerturatzearekin kolore berrien sorrera. «El Planero de Belchite delakoan grabatu genuen. Badauka antzekotasuna Monegroekin eta Bardearekin, baina koloreak agertzen hasten dira han. Garapen hori badago pelikulan». Oraindik Madrilen (Beirazko Jauregian) eta Euskal Herriko beste lokalizazio batean amaiera eta hasiera filmatzea ditu zain. Dialogo bakar bat ere ez film osoan. Dantzarien hitz bakanen bat akaso, baina elkarrizketara gerturaketarik ez, sinbologiari are garrantzia handiagoa emate aldera. «Bueno, badago hitz bat, bakarra film osoan: Txootx!». Eta festa hasiko da. MUNTAIA Teknikoki zailtasun handiko lana da «Dantza» eta irudi ikusgarriak utziko ditu. Ur gainean egindako dantza edo Arantzazun gauez filmatutako irradaka izan daitezke horietako batzuk.