GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Oraindik bai


Bitxia da, baina liburuak oraindik ere paperezkoak nahiago ditudan bezala (dei iezadazue erromantikoa), egunkariak irakurtzeko Internetera jotzen dut, eta horko eskaintza zabalaren artean badut neure gustukoen zerrenda, arrazoi bategatik edo besterengatik gustuko, gutxi gorabehera. Hala, erabat ahaztuta nuen zer den taberna batean aterrizatu, adibidez, eta bertako jabeek barran dutena irakurri behar izatea… Euskal Herrian, normalean, berton eta Espainiako estatuan tirada handiena dutenak eta, esan ditzagun gauzak diren bezala, informazioaren kalitateaz, manipulaziorik ezaz eta halakoez batere arduratzen ez den jendearen gehiengoak (gainetik) irakurtzen dituenak.

Irakurri, batetik, iazko sanferminetako bortxatzaile-taldearen epaiketak betiko irauliko duela juridikoki bortxaketaren trataera estatuan, besteak beste fiskaltzak eskaturiko kondenak zeharo bat datozelako ekintzen larritasunarekin. Irakurri, jarraian, erabaki hori txalotzeko iritzi-zutabeak, editorialak eta askotariko analisiak. Denak genero-indarkeriaren kontra lerratuta, egun behar den moduan, jakina. Irakurri, bestetik, egunak joan eta egunak etorri, zenbat emakume hiltzen (erailtzen barik) dituen matxismoak, hildakoen artetik zenbatek zuten salatua hiltzailea, nolakoa zen haien bizimodua, ingurukoen harridura, kasuan kasuko xehetasun guztiak, inon feminizidioa edo emakumeen erailketa sistematikoa aipatu barik; oraindik ez. Jarraitu irakurtzen, «emakumeen arloan», lan-diskriminazioa jasaten dugula, zaintza eta kontziliazioa gure gain hartu beharrean gaudela, edertasun eta emakumetasun-estereotipoen ondorioz osasun-arazo fisiko zein psikiko larriak garatzen ditugula… jendartearen egitura patriarkala inon aipatu gabe; oraindik ez. Jarraitu aurrera orrialdeak pasatzen eta, normalena balitz bezala, emakumeak salgai dituen iragarki-andanarekin topo egin, edo, uda datorrela eta, eder-eder egoteko trukoak eta gomendioak, edo intelektual baten edo besteren hausnarketa egungo paranoia feministaz, edo…

Oraindik bai: inkoherentzia hutsa. Inkoherentzia eta kontraesana kazetetan jendearen gehiengoaren eskura paratzen dena, sexismoa erauzteko sakoneko lanari (denon aldetik iraunkorra eta tinkoa behar duenari) mesede eskasa eginda. Batean kale, bestean bale, ez da emakumeen alde lerratuta egotea, arrailarik gabe. Ez da kontzientzia sustatzea, eta ez da konpromisoa. Itxurakerian segitzea da, besterik ez.