GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Goiherrik eta Gaztedik txapela azkeneko jardunaldian erabakitzeko utzi dute


Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 680ko mailan azkeneko jardunaldian erabaki beharko da txapela, bigarren jardunaldian bi faboritoek, Goiherrik eta Gaztedik, berdinduta amaitu baitzuten. Ondorioz, aurreneko saioan Erandioko taldeak lortu zuen puntu bateko abantailari eutsi egiten dio.

Lehiaketa hasi aurretik garbi zegoen Erandiokoen eta Laukizkoen artean egongo zela maila honetako txapela, eta horrelaxe izango da. Goiherrik aukera zeukan asteburu honetan lehiaketa ia erabakita uzteko, baina ezin izan zuen.

Goiherrik eta Gaztedik berdindu egin zuten euren arteko tiraldietan, bakoitzak bana irabaziz. Gainerako guztiak mendean hartu zituzten, eta ondorioz puntu kopuru berarekin geratu ziren, eta sailkapen nagusian ere Goiherrik hasi aurretik zuen puntu bateko aldeari eutsi egiten dio.

Beste hiru postuetan joan den asteko emaitzak errepikatu ziren. Goiherri B sailkatu zen hirugarren, aurreko biekin galdu eta gainerako taldeak menderatuta. Mutrikuk, berriz, Akelarreri bakarrik irabazi zion, eta azken hauek itxi zuten sailkapena.

Nafarroako Goma Gaineko Lauko Txapelketan, jadanik badira bi txapeldun berri. Horrela, mutiletan Beti Gazte taldeak irabazi zuen. Lesakakoak, bi jardunaldi jokatu eta gero, 320ko mailan onenak izan dira. Berriozar A, Txantrea, Berriozar B eta Antsoain izan dira euren atzetik sailkatu direnak.

Nesketan, Txantrea izan da onena 255eko mailan. Bi jardunaldiren ostean zuri-beltzak izan dira bietan garaile. Atzetik, Berriozar, Beti Gazte, Kaskailueta eta Antsoain sailkatu ziren.

Datorren larunbatean Larraintzarren jokatuko da hirugarren jardunaldia, eta bertan mutilak 300 kilokoan lehiatuko dira; neskak, berriz, 235 kilokoan lehiatuko dira. Bi maila hauetan ere bi jardunalditako ligaxka jokatu beharko dute. Maiatzaren 27an Berriozarren amaituko da txapelketa hau.