2017 MAI. 16 Nerabeak Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Ipuinak gustatzen zaizkizue?». «Ez». Argi dauka neska nerabeak; zergatik ez, ordea. Bere aurrean dagoen mutikoa bezala. Beste gelakideei antzeko iritzia sumatzen zaie. Kontaketa saioa hasi aurretik ohiko galdera dut, nahiz eta jakin zein izango den erantzuna. Badakit pentsatuko dutela ipuin kontalaria ez dela beraientzako gauza, ume txikientzat baizik. Publiko zaila, beraz. Baina ez horregatik txarra. Nerabeak, ez haur ez heldu diren pertsonak. Trantsizio zailean daudenak, guztiok pasatu duguna, hobeto edo okerrago. Eta, jakina, ipuinak kontatzen entzutea ez da beren mundukoa. Ala bai? Ipuin kontaketak nerabe eta gazteen aldetik arbuioa jasotzea beraien interes faltari egozten diogu, urte zailak, denari ezezkoa ematea... Ipuinak haurren kontua direla barneratu dute, edo, agian, barnerarazi diegu. Publikoa kontra duzu, adin zaila, eskola giroan zu heldua zara, irakasleen pareko, aurreiritziak gainezka… Baina erronkak beti dira pizgarriak. Muskizeko institutuan ikasleak parean daude. «Ipuinak EZ» dute aurpegian ageri. Batzuek kuriositatea ere agertzen dute, beste batzuek zuzenean paso. Eta zeure burua borborka nondik abiatuko. Baina badakizu ipuinak kontatzen hasi aurretik zuganako aldeko jarrera lortu behar duzula, ipuinak gero etorriko dira. Hasi duzu saioa. Amaitzen zaudela errekreorako txirrinak jo du, baina ikasleek jakin nahi dute nola amaitzen den istorioa. Zoragarriak dira nerabeak. Publiko ederra.