GARA Euskal Herriko egunkaria

Egitarau eklektikoarekin dator Antzerkiaren Maiatza Hendaiara

Antzerkiaren Maiatza festibala izanen da Hendaian bihartik eta igandera bitartean. Hiru egunetan zehar adierazpen eszeniko oso ezberdinak hartuko ditu kostaldeko udalerriak. Karriketan zein antzokietan, karpa azpian zein ospitalean, antzerkiak, zirkuak, dantzek... izanen dute beren tokia. Aurten lehen aldiz haurrentzako «herrixka» bat ere izanen da.


«Oso programazio eklektikoa dugu, antzerkiaz gain, dantza, zirkua, tailerrak... ere izanen dira. Hautua egitean ahalik eta aniztunena izateko egin nuen», azaldu zuen Marie-Julienne Hingant Antzerkiaren Maiatza festibaleko programatzaileak eta Theatre des Chimeres konpainiako kideak. Xede horrekin Euskal Herriko zein kanpoko konpainiak ekarriko dituzte Lapurdi kostaldera.

Gustu guztietarako egiten saiatzen dela azaldu zuen antolatzaileak: «Programari begiratuta gauza oso ezberdinak daudela ikusten da, festa girokoak, harrigarriak, zer pentsatu ematen dutenak...».

Aukeraketak festibalaren filosofiarekin bat egiten duela azaldu zuen Christelle Cazalis Hendaiako kultura zinegotziak: «Festibala gure bizitza kulturalaren momentu nagusia da. Karrikako arteak, funtsean, denen eskuko kultura baten sinboloak dira. Urteetan zehar jaialdi horrek aitzina joatea lortu dugu, publiko guztiengana hurbiltzeko gisan. Hainbat gauzari esker, hala nola programazio aniztuna eta elkarteen parte hartzea».

Ikusleei hurbiltzea ere bada jaialdiaren oinarrietako bat, eta hori dela-eta, erdiguneaz gain, auzoetan edo Itsas Ospitalean ere iraganen da.

Jaialdia antzerkiarekin hasiko da; Os’O kolektiboaren “Mon prof est un Troll”. Gero, Nyangazam konpainaren “Alter ego” eta Les Soeurs Goudronen “Dames de France”. Biharkoa bukatzeko Borobil Teatroren futbolari buruzko antzezlana aurkeztuko dute: “Jokoz kanpo”.

Larunbata musikarekin abiatuko da, Les Rustines de l’Angeren “Ça va valser”. Doinuak umorearekin elkartuko ditu Les Pieces Jointes konpainiak. Arratsean publiko guztientzako “Ma vie du grenier” antzezlana eskainiko du Cargane Productionsek. Zirku akrobatikoarekin girotuko du gaua Cirque Rouagesek.

Igandean, Chimeres antzerki taldeak otsailean estreinatu zuen “Azken itzulia” lehen aldiz kalean aurkeztuko du. Bruit Qui Court konpainiak pailazo antzerkia eskainiko du ondoren, eta Humani Theatrek, “Electre”. Dantza, berriz, Tango Sumoren “Les Achilles”-ekin iritsiko da, eta bukatzeko Les P’tits Brasen zirkua, bost akrobatekin.

«Ikusleei dagokienez, gure lehentasunetako bat familiak erakartzea da. Ez da haurrentzako programazioa, baina obra gehienak zortzi urtetik gorako haurrek ikus ditzakete», nabarmendu zuen Hingantek.

Bide horretatik, aurten lehen aldiz Umeen Herrixka egingo dute festibalaren baitan. Antolatzaileen artean zegoen aspaldiko nahi bati erantzungo dio berritasun honek. Dekorazio bereziarekin egina izanen da txokoa: «Herri bat misteriotsuki irudikatua, ametsa pizteko bereziki eraikia».

Herrixkan askotariko egitaraua izanen da: sorkuntza tailerrak, irakurtzeko oihal etxe bat, ipuinak, joko bitxiak, goxoki ostatu bat... Igandean “Orrazkera misteriotsuak” izanen dira, loreak, txoriak edo pinpirinak haurren buruetan pausatuko dira minutu gutxi batzuetan. Kokagunea jaialdiaren erdigune den Gaztelu Zahar pilotalekua izanen da.

Karrikan plataforma

Estreinaldi bat ere izanen da festibalean, Doos kolektiboak aurkeztuko duen “El fin de las cosas” dantza-garaikide ikuskizuna larunbatean izanen da Gaztelu Zaharren. Bi emanaldi eginen dituzte, 15.00etan eta 18.45ean. 20 minutu irauten duen obran Garazi Lopez de Armentia eta Aritz Lopez ari dira. Eva Guerreroren sorkuntza eta zuzendaritzarekin, taldean egindako koreografia bat antzeztuko dute. Obra harremanen inguruan ari da, inertziei buruz, ixitzen direnei buruz... hitz egitea du xede.

Dantza ikuskizunak irabazi du Karrikan plataformak –euskal kale-arteko talde berrien sorkuntza eta hedapena sustatzen duena– antolatu lehiaketa. Hendaiakoaz gain, Gasteiz, Iruñe, Bilbo eta Zarauzko Udalak ere biltzen dituen plataforma honek Hameka karrika arteen fabrika eta Nafarroako Quiero Teatro ere elkartzen ditu.