GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Errealitateaz edo interesatzen zaigunaz?


Egoera, ingurua eta bizitza azaldu eta ulertzeko «gertaera alternatiboen» betaurre- koak saldu nahi izan dizkigute sarritan, egokien zaien errealitatetik at dagoenaz jabetzeko oztopo lasterketa bihurtuz.

Trumpen aroak txalapartatsu plazaratu zuen ordura arte ezkutuan gorpuzten zen egiteko modu hori, «gertaera alternatiboen» praktika ez baita berria, betidanik erabili dena baizik. Berritasuna, lehen isil gordetzen zena orain estalkirik gabe aurkezten dela. Hor Etxe Zuriko prentsaurrekoetan esandakoak, gordintasun osoz botatakoak, edota orrialde elektroniko askotan zabaltzen dena. Non da informazio egiatia, zehaztasuna?

Ez da errealitateari buruz informazioa zabaltzen, baizik eta errealitate bat eta ez bestea eman dadin gehien interesatzen denari buruz, zioen batek. Salbuespenak salbuespen hor dugu azken astean ikus-entzuneko publikoetan formatu ezberdinetan zabaldu dituzten EAJ-PP alderdiek Madrilen sinaturiko akordioen gainekoak. Entzundakoaren arabera, bertuteak besterik ez du; aipatu ere ez ustelkerian erdi itota dagoenari hauspo ematen diola; sinatutakoa behin eta berriro apurtu duenari esker ona ematen diola, bete gabeko konpromiso berriak lorpen gisa aurkeztea...

Hauek guztiak burura etorri zaizkit Javier Valdez Mexikon tiroz hil duten azken kazetariaren hitzak irakurritakoan. Berak sorturiko ‘‘Riodoce’’ aldizkarian argitaratutakoak ez zuela oihartzunik eta jarraipenik zioen Sinaloako errealitateari aurpegia jarri zionak (hilaren 17n GARAn). Hemen ere zigortu nahi izaten da. Hor, «Cabacas auziko» gure informazioa.